Itsasoaren zaintzaren eta jasangarritasunaren garrantzia lehen lerroan ipiniko du Arrain Azokak
'Itsasoa zaindu, bizia dastatu' leloari helduta dator 32. Arrain Azoka. Sustraiei eutsi, eta ohiko eskaintzaz gain, berritasunak ere egongo dira maiatzaren 22tik 24ra bitartean, Bermeon. Besteren artean, Pop-up Kresaltsua gunean tokiko artisauak bilduko dira.
Maiatzaren 22tik 24ra bitartean, Bermeo berriro ere itsasoari begira jarriko da, 32. Arrain Azokaren testuinguruan. Aurten, “pauso bat harago” eman nahi izan dute; itsasoaren zaintza, jasangarritasuna eta kontzientzia jarri nahi izan dituzte erdigunean. Horri erreferentzia egiten dio aurtengo leloak: Itsasoa zaindu, bizia dastatu.
Nadira Nemeh Bermeoko alkateak esan bezala, mezu “oso sakona” ematen du: “Gure itsasoa zaintzen badugu, gure etorkizuna zaintzen dugu, gure arrantza sektorea zaintzen dugu, gure herriaren nortasuna zaintzen dugu”. Ideia hori islatu nahi izan dute aurtengo kartelean ere: ume bat heldu baten sorbaldan ageri da, eta itsasoa bere kolore guztietan. Irudi horren bidez, belaunaldien arteko transmisioa, zaintza eta etorkizunarekiko ardura irudikatu nahi izan dituzte.
Horrenbestez, itsasoaren zaintza, transmisioa eta etorkizunarekiko ardura erdigunean ipiniko dituzte. Arrigurikoek bide beretik egin dute sare sozialen bidez zabaldu duten bideoa: “Modu oso berezian lantzen du zaintzaren ideia”. Keinu txikien garrantzia azpimarratu dute bertan, eta “itsosue jabotie geure burue jabotie” dela gogoratzen du ikus-entzunezkoak.
Sustraiei eutsiz, berritasunez beteta dator azoka, eta Maite Caruezo Garapen Ekonomikoko zinegotziak azaldu ditu aurtengo nobedadeak. Berak nabarmendu modura, arrantza sektoreak bizi duen momentuaz gogoeta eginarazteaz gain, kontzientzia lana ere egin nahi dute: “Gure arrantzaleak eta kontserberak zelan dauden eta zertara joan behar garen kontzientziatzea bultzatu nahi dugu”.
20 erakustoki ipiniko dituzte, eta aurten, gainera, tokiko artisauak egongo dira, Pop-up Kresaltsua izeneko gunean: “Saiakera berrien bila eta azokaren etorkizuneko bideak aztertzeko asmoz sortu dugu gune berria hori”. Zortzi artisauk eskuz egindako sorkuntza bereziak edukiko dituzte, itsas arimadun piezen bidez, tokiko talentua eta hurbileko merkataritza balioan jarriz: “Itsasoa tradizio bihurtzen den lekua eta artea olatu bakoitzean aurkitzen dena izango da espazio berri honen espiritua”.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Aztertu programak “protagonismo berezia” edukiko du. Tailer eta esperientzia didaktikoen bitartez, itsas ingurunea ezagutzeko eta zaintzaren garrantziaz hausnartzeko tartea eskainiko dute.
Azokaren lehenengo egunean, Bermeoko ikastetxeek Itsasoko laborategia tailerrean parte hartuko dute. Bertan, inguruko ura aztertuko dute, koloreen bidez uraren osasuna ezagutzeko.
Familiei zuzendutako Itsaso osasuntsu baten zentzumenak jarduera egingo dute zapatuan eta domekan, 11:00etatik 13:30era bitartean. Kostaldeko materialak aztertuko dituzte, “zentzumenak erabiliz eta esperimentu txiki baten bidez ura osasuntsu dagoen egiaztatuz”. Jarduera adin guztietarako izango bada ere, 14 urtetik beherakoek helduen laguntzagaz parte hartu beharko dute.
Horrez gain, gaurtik aurrera, Nestor Basterretxea aretoan ikusgai dago Azterkostaren Itsasoaren Sekretuak erakusketa. Domekara bitartean, 18:00etatik 20:00etara bisitatu daiteke, eta datorren zapatuan eta domekan, berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara domekan 11:00etatik 14:00etara.
Nadia Nemeh Bermeoko alkatea: “Gure itsasoa zaintzen badugu, gure etorkizuna zaintzen dugu, gure arrantza sektorea zaintzen dugu, gure herriaren nortasuna zaintzen dugu”
“Herri oso baten parte hartzeak” daukan esangura erakusten du Arrain Azokak. Hor dago Arrain Azokaren “benetako indarra”. Izan ere, herriko kultur eta kirol taldeak, elkarteak, boluntarioak, ikastetxeak, erakundeak eta enpresak elkarlanean aritzen dira urtero. “Hori da gehien baloratzen duguna, Arrain Azoka herri oso batek egiten duela”, azpimarratu du alkateak. Horregatik, antolakuntzako kideei, elkarte eta taldeetako kideei, boluntarioei, Arrigurikoei eta ikusten ez diren lanetan aritzen diren denei eskerrak eman dizkie. Caruezok ere esker ona adierazi, eta batasun horren garrantzia nabarmendu du: “Arrain Azoka da gure herriaren batasuna erakusten duen momentu bat”.
Alkateak zehaztu du ez dela azoka hutsa: “Geure herriaren isla da, gure arrantzaleen lana aitortzeko espazioa, gure kontserben kalitatea erakusteko aukera bat, eta batez ere, belaunaldiz belaunaldi transmititu den itsasoarekiko lotura ospatzeko unea da. Arrain Azoka gure herriko hitzordu garrantzitsuenetako bat da. Hiru egunez, gure nortasuna, gure kultura, gure gastronomia eta gure historia partekatuko ditugu herritarrekin eta bisitariekin”. Ildo beretik, hitz egin du Ainhoa Elortegi BBK-ko Ingurumen arloko arduradunak: “Azokak ez dira soilik salerosketarako guneak; gure sustraien ispilu dira, gure historia kontatzen dute eta etorkizunerako bidea markatzen duten guneak dira”.
Hegaluze Saria. Barikuan, 12:00etan izango da inaugurazio ekitaldia, eta bertan, Bermeoko Nautika Eskolak jasoko du 29. Hegaluze Saria, “merezi” duen aitortza: “50 urte baino gehiago daramatza belaunaldi askori prestakuntza eskaintzen, eta gure itsas kulturaren transmisioaren ezinbesteko lana egiten”.
BBK-ko Ingurumen arloko arduradunaren hitzetan, urtero herri honek bere nortasun propopioa daukala “argi eta garbi erakusten” du, arrantzaleen zein sareginen lana goraipatuz, kontserbagileen eskutrebetasun eta elkarte gastronomikoen elkarlana erakutsiz: “Euren lanak eta euren ohiturak sortzen duten energia berezi hori balioan jarri nahi ditugu BBK-tik. Ia 50 urte daramatzagu Bizkaiko azokak babesten, eta argi ikasi dugu tradizioak gure komunitatea sendotzen duela”. Gogoratu du sasoiko produktuak, tokiko ekoizleak eta itsasoarekiko errespetua ez direla “kontzeptu hutsak”, gure bizimoduaren parte dira eta gure nortasunaren oinarri: “Herritarrek gero eta gehiago baloratzen dute gure kostaldeko produktuen jatorria, jendeak badaki zer dan ona eta badaki nondik datorren”. Horrek lehenengo sektorea “indartu” egiten duela adierazi du: “Horregatik, sektore honi laguntzen jarraituko dugu, kalitatea, jasangarritasuna eta gure inguruarekiko ardura ardatz hartuta”.
Elkartasuna. Arrain Azoka elkartasuna ere bada, eta Solidaritza Gunea Lamerako karpan kokatuko dute. Barikuan eta zapatuan 13:00etatik 21:00etara eta domekan 13:00etatik 15:00etara bitartean egongo da zabalik, eta bertan bildutako dirua Bermeoko 6 eta 12 urte arteko umeen tratamenduetara bideratuko dute, Osakidetzak estaltzen ez dituen beharrei erantzuteko.
Marmitakoa eta hegaluze errea dastatzeko aukera izango da, boluntarioen laguntzari esker: “Herriko kultur, kirol eta gizarte taldeek, ikastetxeek eta gainerako partaideek egingo dute posible ekimen solidarioa. Etxera eramateko asmoa duten pertsonei ontzi propioa ekartzeko eskatu zaie”.
Asko ematen du azokak, eta asko da bere inguruan mugitzen dena ere. Arrain salmenta itxurak, Nautika Eskolako nabigazio-simulagailura bisitak, Hegaluze eta Taho itsasontzietan irteerak, Arrantzaleen Museora doako sarrera, fanfarreak, dantza saioak, danborradak, txistulariak, trikitilariak, erraldoiak, pilota eta zesta partiduak… Eskaintza zabala egongo da aukeran, eta programa osoa zein eguneraketak www.bizibermeo.eus webgunean eta Arrain Azokaren sare sozialetan jasoko dituzte.

Arduraz eta errespetuz jokatzeko mezua
Arrain Azokaren arduradunek errespetuz eta erantzukizunez jokatzeko eskaera egin dute, eta zenbait ohar eman dituzte.
Lehen sorospeneko zerbitzua emango dute maiatzaren 22tik 24ra bitartean, Bermeoko Turismo Bulegoan, eta, zapatuan, Puntu Morea jarriko dute 20:00etatik 01:00etara bitartean, Portuzarran.
Antolakuntzak herritarrei eta bisitariei eskatu die erosketak egiteko bakoitzak bere poltsak erabiltzea eta herrian zehar jarritako zaborrontziak erabiltzea, “herria garbi mantentzeko eta ingurumenarekiko arduratsu jokatzeko”.
Bestalde, jakinarazi dute Portuzarra, Lamera, Ispizua Tar Segundo eta Prantzisko Deuna arteko eremuan zirkulazioa murriztuko dela, eta horregatik, herritarrei ibilgailuen erabilera “ahalik eta gehien murrizteko” eskatu zaie, eta bisitariei, berriz, Bermeora joateko garraio publikoa erabiltzeko deia egin zaie.