Moldagarritasunari eta mende erdiko bideari omenaldia
Bermeoko Nautika eta Arrantza Eskolak jasoko du Hegaluze Saria gaur, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian. Zentroaren 50 urteurrena Hegaluze Sariagaz ospatzea "harrotasun handiagaz bizi" dute.
Bermeo eta bermeotarren nortasunagaz estuki loturikorik bada, itsasoa eta arrantza dira, eta sektorearen lehiakortasuna eta etorkizuna bermatzeko kalitatezko formakuntzak duen garrantziaren jakitun, Arrain Azoka Elkarteak 27. Hegaluze Saria Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuari aitortzea erabaki du. Gaur jasoko dute saria, 12:00etan, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldian, eta Karmele San Miguel eskolako zuzendaria “pozarren” agertu da.
Bermeoko Nautika Eskola urtemuga berezia ospatzen ari da, 50 urte bete baititu. Efemeridea Hegaluze Sariagaz biribiltzea “harrotasun handiagaz” bizi dute: “Urte batzuk generamatzan sarirako proposatutakoen artean, eta aurtengoa ikastegiaren 50. urteurrena zela eta, uste genuen bazitekeela harrera egitea. Oso ilusionatuta gaude”. Izan ere, aitortza publiko horrek islatzen du eurek egiten duten lanak sektorearen eta Bermeoren “errekonozimendua” daukatela: “Egoera horretan egon diren pertsona guztien errekonozimendu gisa ulertzen dugu saria: ikasleak, irakasleak, ikastetxeko langileak eta itsas-arrantza sektoreko profesionalak”.
Arrantza sektoreko profesional kualifikatuen prestakuntza lanean bost hamarkada beteta, Hegaluze Saria “profesional konprometituak eta etengabe aldatzen ari den sektorera egokitzeko gai direnak” trebatzen jarraitzeko “motibazio garrantzitsua” da: “Profesional publikoak dituen gurea bezalako prestakuntza-zentro batentzat sari honek itsas-arrantza prestakuntzak daukan garrantzia ikusarazten laguntzen digu”.
Bermeoren nortasuna
Arrain Azoka Bermeoren nortasunaren “zati garrantzitsu bat” dela deritzo San Migelek, eta gainera, Bermeoko Nautika eta Arrantzako LHIIrentzat “balio oso berezia” dauka, herriarekin “zuzenean konektatzen” dituelako: “Azokan parte hartzea eta aintzatetsiak izateak Bermeorentzat oso garrantzitsua den hitzordu kultural eta sozial baten parte aktibo garela sentiarazten gaitu”.
Arrain Azoka bezalako ekimenek “itsasoaren eta arrantza sektorearen balioa ikusarazten laguntzen dute”, sektorea belaunaldi berrietara hurbildu eta atzean dauden guztien profesionaltasuna, ezagutza eta berrikuntza lehen lerroan jarriz eta “etorkizunerako aukerak egon badaudela” erakutsiz.
Horregatik, nautika eskolak urtero, modu batera edo bestera, Arrain Azokagaz bat egin, eta modu aktiboan parte hartzeko aukerak bilatzen ditu, Juan de la Cosa itsasontzi-ospitalaren bisitak eskainita, adibidez. Gustura egiten duten lana da, eta programatutako jarduerek “harrera oso ona” izaten dute urtero. Aurten, nabigazio-simulagailura bisitak eskainiko dituzte: “Jendeak jakin-min handia dauka, eta lehen pertsonan nola lan egiten dugun edota sektoreko etorkizuneko profesionalak nola prestatzen diren ikusten gozatzen dute”.
Eskaintzen dituzten bisitek “profil ezberdinetako pertsonen” arreta bereganatzen badute ere, bereziki ume txikiak dituzten familiek erakusten dute interes handiena. Horregatik, aurten ere “esperientzia praktiko eta hurbilak” eskainiko dituzte nabigazio-simulagailuan: “Simulagailura bisitek interes handia pizten dute beti. Gure helburua da gertutatzen direnek esperientzia murgiltzailea bizi ahal izatea, une batez bada ere”.
Eboluzionatzen jakitea.
Ibilbide profesionala arrantzan, merkataritza-itsasketan, itsas industrian edota hezkuntzan eman duten belaunaldi ezberdinak igaro dira Bermeoko Nautika eta Arrantza Eskolatik 50 urtetan, eta orain arteko ibilbidearen balorazio “oso positiboa” egin du zentroko zuzendariak: “Denborarekin eboluzionatzen jakin dugu, gure nortasuna galdu gabe, eta bereziki harro sentitzen gara horretaz”.
Eboluzioak baina, erronkak dakartza berarekin. Mundua digitalizatuz joan den heinean, arrantza eta itsasoa ez dira prozesu horretatik kanpo gelditu eta, horrenbestez, zentroa ere “aldaketa teknologikoetara etengabe egokitu” behar izan da: “Gaur egun digitalizazioaz, jasangarritasunaz, automozioaz eta abarrez ari gara, eta eskolak guzti horri erantzuteko instalazioak, simulagailuak eta irakaskuntza-metodoak modernizatu behar izan ditu”.
Modernizazioaz harago, prestakuntza ildo berriak zabaltzeko egindako “lan handia” nabarmendu du San Migelek, “enpresekiko harremana eta lanbide-ingurunea sendotzea” ahalbidetu duen Arrantza Kapitainaren Espezializazio Programa balioan ipinita.
Digitalizatuz badoa ere, arrantza sektoreak “une konplexua” bizi duela ohartarazi du zentroko zuzendariak. Batez ere, belaunaldien erreleboari, iraunkortasunari eta ingurumenaren eskakizunei dagokienez da une konplexua, eta horri aurre egiteko “gakoa” da prestakuntza: “Profesional gero eta kualifikatuagoak, teknologikoki prestatuak eta oso ingurune aldakorretan moldatu daitezkeenak behar dira”.
Gazteei itsasoko eta arrantzako sektorea ezagutaraztea “erronka garrantzitsua” da, irudi “tradizionala” nagusi duen sektorearen irudi “gaurkotuagoa eta errealitatetik hurbilago dagoena” transmititzea eskatzen duelako: “Sektore oso teknologiko eta espezializatu baten aurrean gaude, garapen profesionala nabarmena da, eta Bermeoko Nautika eta Arrantza LHIItik uste dugu garrantzitsua dela errealitate hori zabaltzea”. Belaunaldi berriei itsas sektoreak eskaintzen dituen espezializazio eta hazkunde profesionalerako aukerak ezagutarazi beharra dagoela deritze, “bai arrantzan, bai ekonomia urdinari lotutako beste esparru batzuetan”.
Itsasoarena tradizionalki maskulinizatua den sektorea da, eta Bermeoko Udalak eta Arrain Azoka Elkarteak nautika eskolak emakumeen presentzia eta integrazioa “modu naturalean” bultzatu izana azpimarratu dute. Oraindik “bide luzea egiteko” dagoela uste du San Migelek, baina baikorra da: “Gero eta emakume gehiago dago itsas prestakuntzan interesatuta, eta espero dugu etorkizun ez oso urrunean sektorean erantzukizuneko postuak betetzen ari direla ikustea. Eskolatik emakumeen presentzia normalizatzeko eta eremu profesional hau mundura zabaltzeko lan egiten dugu”. Horren adibide ipini du ikasturte honetan ikastetxe ezberdinetako DBH 4. mailako neskekin egindako orientazio-saioak, sektorea ezagutarazi eta emakumeek ere itsas sektoreko lanpostu kualifikatuetara jo dezaketela transmititzeko: “Balorazio oso ona egin dugu, eta ikasleek eta irakasleek ere oso positiboki baloratu zituzten”. Zuzendariak argi dauka “prestakuntza, gaitasuna eta bokazioa” izatea dela garrantzitsuena. l