Arrain Azokaren itsasoko olatu euskaltzalea
Etxalak taldeak egun osoko ospakizun eta saretze egitaraua prestatu du biharko [maiatzak 23]: Arrain Azokako Gazte Egitaraua. Karropoteoaz, talde argazkiaz, gazte bazkari herrikoiaz eta musikaz hornitu dute menua Bermeoko gazte euskaltzaleek.
Arrain Azoka bermeotar gazteentzat letra gorriz gorde beharrezko data berezia baldin bada, aurtengoak are esanguratsuagoa izateko osagai guztiak dakartza. Izan ere, Etxalak talde euskaltzaleak Arrain Azokako Gazte Egitaraua prestatu du biharko [maiatzak 23], herriko gazteak euskararen eta bermeotarrentzako egunik adierazgarrienetako baten inguruan saretzeko helburuagaz.
Ekimenaren ernamuina “duela zenbait urtetatik” datorrela adierazi dute Etxalakeko kideek: “Ostikada Gazte Asanblada aktibo zela, karropoteoa nahiz talde bazkaria egin ohi ziren, baina, denboraren poderioz, bai egitarau hura, bai asanblada bera bertan behera geratu ziren”. Hazi hura berpizteko asmoa dute aurten, batez ere, iazko Arrain Azokan egindako lanagaz aurrera egin asmoz: “Iaz, Arrain Azokan urdinez eta euskeraz izeneko kanpaina atondu genuen, eta Gazte Egitaraua duela urtebete abian ipinitako behar haren jarraipena da”.
Egitarau “erabat osagarriak”.
Arrain Azokak herritarren artean dituen “esangura eta garrantzia” aintzat izanda, azokaren bueltan antolatutako “egitarau eta jarduera guztiak errespetatuz” prestatu dute Gazte Egitaraua: “Azokagunea bera, haren inguruko programazio zabala eta gaualdiko portuko giroa errespetatuko ditugu, eta guk antolatutako egitaraua haiekiko guztiekiko erabat osagarria izango da, gainontzeko eragileak eta haiek eginiko beharra aintzatetsiz”. Etxalak udalerri mailan “erreferentzialtasuna irabazten” ari da apurka-apurka, eta prestatu dutena lanketa horren “hurrengo urratsa” izango da.
13:00etan ekingo diote egitarauari. Bermeoko Txosna Batzordeagaz auzolanean, karropoteoa egingo dute herriko kaleetan barrena, Bokaletik hasita. Egun horretan danborrada ere egingo dutenez, aurreratu dute haren ordutegia eta ibilbidea kontuan hartuko dituztela: “Batek besteari trabarik ez egiteko, uneren batean karropoteoa eten beharko bagenu, halaxe egingo genuke, gero ostera ere berrekiteko”. Portutik Lamera parkera joko dute, eta handik San Migeleko eskaileretara; bertan gazte euskaltzaleen talde argazkia egingo dute, “14:45 inguruan”.
157 lagun elkartuko dira gazte bazkarian
15:00retan, ospakizuna Taraskara lekualdatuko da, gazte bazkaria bertan egingo baitute. 157 lagun elkartuko dira bazkaritarako. “Kopuru oso polita da, eta gazteek biltzeko deialdiari ederto erantzun diotela bistaratzen du. Pozarren gaude, ze, burokrazia kontuengatik egitarauaren kartela berandu samar argitaratu behar izan genuen arren, eratzun oso ona jaso dugu”.
Egun berezi horretan, gainera, herritar pila batek “aurrerapen handiz kanpoan bazkaltzeko erreserba” egin ohi du, eta, beraz, “ez da batere erraza” kopuru horretara iristea: “Edozelan ere, asko eta asko izan dira kaletik gelditu gaituztenak, bazkaritarako txartelik geratzen ote zen galdegiteko. Jendea gogotsu eta parte hartzeko prest dagoela islatzen du horrek”. Aurtengo erantzun erabat positiboa tarteko, “aztertu egingo dute” hurrengo urtean txartel kopurua “are handiagoa” izatea.
Mahaigainekoa musikaz girotuko dute. Hala bazkaritara animatutakoak, nola beste toki batzuetan bazkalduko dutenak Taraskara hurreratzera eta jai giroaz gozatzera “gonbidatuta” daude: “Hasiera batean, zuzeneko musika saioa edota kontzerturen bat antolatzea planteatu genuen, baina, Portuko jaia 21:00rak inguruan hasiko denez, ez genuen hango antolatzaile eta komertzioen kontra egin nahi, ezta iluntzean larregi luzatu gura ere; hortaz, 20:30ak arte ariko gara”. Ondoren, Portura joateko deialdia luzatu diete herriko gazteei.
Etxalakeko kideek “giro euskaltzale eta lagunartekoaz” gozatu gura duten guztiei Gazte Egitarauan parte hartzeko deialdia luzatu diete: “Bazkaltzera geratu zein ez, bertaratu daitezela Gazte Egitarauaz eta Arrain Azoka moduko egun berezi bateko jai giroaz gozatzera”.7
GAZTE EGITARAUA
13:00. Karropoteoa, Bermeoko Txosna Batzordeagaz batera, Bokaletik hasita.
14:45. Gazte argazkia, San Migeleko eskaileretan.
15:00. Gazte bazkaria, Taraskan.
Bazkalostean. Musika.