Eudel Udalhitzeko mahaia eta negoziazioa "blokeatu nahian" dabilela salatu dute udaletako langileek
Udaletako langileek beraien lan-baldintzak hobetuko dituen akordioa aldarrikatzeko greba eguna dute gaur Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan. Udal batzuk "guztiz itxi" dituzte eta beste hainbat udal zerbitzu "baldintzatuta" gelditu dira.
Argazkia: LAB Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udaletako langileek, “urte asko” daramatzate beraien lan-baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe eta, egoera salatu eta Eudeli “negoziazioaren blokeoa ez dutela onartuko” ez dutela argi adierazteko greba egun “arrakastatsuan” batu dira gaur [urriak 8]. ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, udal batzuk “guztiz itxi” dituzte eta beste hainbat udal zerbitzu “baldintzatuta” gelditu dira.
Grebara deitutako hiru probientzietako udalen negoziazio kolektiboa “egoera latzean” dago eta egungoa momentu “erabakigarria” da: “Udal langileok gaurko greba egunean ozen adierazi diegu agintariei gure lan baldintzak hobetzeko garaia dela eta hemen erabaki nahi ditugula”, aldarrikatu dute Bilbo, Gasteiz eta Donostiako manifestazioetan parte hartu duten milaka udal langilek. Beraien lan-baldintzen alde “borrokatzeko prest” daude. Izan ere, udalez udaleko lan-hitzarmenen negoziazioa ere “geldi” dute: “Negoziazio esparruak orokorrean ez daude aktibo”.
Bi urteko negoziazioaren ondoren Eudel Udalhitzeko mahaia eta negoziazioa “blokeatu nahian” dabilela salatu dute manifestazioetan: “Azken mahaian Eudelen gehiengoa duten alderdi politikoek mahai negoziatzaileari bukaera ematea erabaki zuten, oinarrizko aldarrikapenetan bestelako mugimendurik egiteko prest ez zeudela zehaztuta”. Hala, alderdi politikoek “ez dutela borondate politiko nahikoa erakutsi” salatu dute.

Argazkia: LAB
Apirilaren 23an egin zuten udal langileek 2 orduko geldialdia eta maiatza eta ekainean, berriz, egun osoko greba. Deialdiok arrakastatsuak izan ziren, lanuzte eta grebek ahalbidetu baitzuten mahaiara eduki berriak eramatea; halere, gatazka amaitzeko “funtsezko aldarrikapen batzuk” falta zituzten oraindik: “Soldatetan eta eros ahalmenaren galera berreskuratzeko neurrietan, euskaran, jardunaldi murrizketan, gazteberritze neurrien aplikazioan eta subrogazio eskubidean neurriak falta dira oraindik”. Irailean, orain ere funtsezkotzat dituzten eduki horietako batzuk falta zirela ikusirik, sindikatuek gaurko greba eguna deitzea erabaki zuten, “argi” baitute greba eta mobilizazioak direla sektoreko lan-baldintzak hobetzeko bidea.
Greba eguna “bereziki larria” izan den gertaera zabaltzeko ere baliatu dute, Ezkerraldean kokaturiko Ranzari udal enpresan gertatutakoa salatuz: “Zuzendaritzak oinarririk ez duten zerbitzu minimo batzuk inposatu ditu, greba eskubidea erasotuz”. Grebaren deitzaileek eskubide urraketari “tinko” erantzungo diote, eta ez dute bide judizialera jotzea baztertu.
Goizeko elkarretaratzeak Eudel osatzen duten EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteei mezu bat helaraziz amaitu dituzte: “Bada garaia udal sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko”. Eskatzen dituzten hobekuntzak lortu ezean datozen hilabeteetan udal sektoreko borrokaz jarraitzeko “determinazio osoa” agertu dute.