Udal langileek "tinko" eusten diote beraien lan baldintzen aldeko borrokari
Hitzarmenik barik segitzen dute Udalhitzeko negoziazio mahaian, nahiz eta Eudelek zein agintari politikoek zenbait eduki egoki planteatu dituzten. Sindikatuen ustez oraindik "zehaztapenak eta funtsezko alderdiak" falta direnez, greba eguna izan dute gaur udal langileek, eta asko izan dira itxita gelditu diren udal zerbitzuak.
Udalhitz hitzarmenaren negoziazio mahaian hitzarmen barik segitzen dute. Izan ere, joan den astean Eudelen eta alderdi politikoen aldetik sindikatuek jasotako proposamena “ez dela nahikoa” ondorioztatuta, grebekin jarraitzea erabaki dute ELAk eta LABek. Hala, greba eguna izan dute gaur (ekainak 4) udal langileek, eta ondorioz, asko izan dira itxita gelditu diren udal zerbitzuak. Hitzarmenean “zehaztapenak eta funtsezko alderdiak” falta direla adierazi dute sindikatuetatako ordezkariek, “nahiz eta zenbait eduki egoki planteatu dituzten”. Eta, beraien eskubideen alde borrokatzeko prest daudela adierazi dute langileek, gaur Bilbon eginiko mobilizazio bateratura milaka udal langilek ozen adierazi baitiete agintariei euren lan baldintzak hobetu behar dituztela.
LABek eta ELAk “positiboki” baloratzen dute sektoreko greben eta mobilizazioen ondorioz eduki batzuk negoziazio mahaira eroatea lortu izana. “Era berean, adierazten dugu, aurrerapauso gehiago egin ezean, sektoreko greba eta mobilizazio dinamikan sakontzea baloratuko dugula”, jakinarazi dute gaur.
Izan ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udaletan urte asko daramate lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik barik. Ondorioz, udaletako langileen lan baldintzak “asko” okertu direla diote: “Azken hilabeteko Udalhitzeko mahaietan ez dira aurrerapausoak egon, baina, greben eta mobilizazioen eraginez, pasa den asteko mahaian Eudelek proposamen berri bat helarazi zuen. Testu berriak eduki batzuk jartzen ditu mahai gainean, eta LABek eta ELAk aurrerapauso bezala hartu ditugu, baina ez dira nahikoa, sektoreak dituen aldarrikapenak falta direlako”.
Besteak beste, sindikatuek diotenez, hurrengo aldarrikapen hauek falta dira zehazteko: erosahalmena berreskuratzea eta etorkizuneko soldatak Madrilen ez erabakitzea; pribatizazioak ekiditeko neurri zehatzak eta zerbitzu horien publifikazioa, bertako langileak subrogatuz; gazteberritze planetarako neurri zehatzak; jardunaldi murrizketa handiagoa; euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea; eta hautaketa prozesuetan aurrerapausoak ematea.
LABek eta ELAk “momentu erabakigarri” batean daudela uste dute: “Grebak eta mobilizazioak ondo ateratzen ari dira, ze Eudelen eragitea lortu da eta pilota alderdi politikoen teilatuan dago. Gaurko greban udal batzuk guztiz itxi eta hainbat eta hainbat udal zerbitzu baldintzaturik daude. Beraz, grebak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udaletan desnormalizazioa sortu duela baieztatu daiteke”. Esaterako, Gernika-Lumon %71ko jarraipena izan du grebak eta itxita geratu dira turismo buelgoa, liburutegia, CIP, Lanbide Ekumenak edota kiroldegia. Musika eskolan ere, hiru irakasle besterik ez dira egon.
Beraz, LABek eta ELAk zuzenean interpelatzen dituzte EUDEL osatzen duten EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteak: “Aukera bat dute hurrengo asteko ekainaren 12ko mahaian udalen sektoreak dituen aldarrikapenak mahaian jartzeko. Gainera, alderdi politikoei exijitzen diegu ekainaren 11n duten Eudeleko Batzorde Iraunkorrean Udalhitzeko mahai negoziatzailean gehiengo sindikal zabalak adierazitakoa errespetatu eta onartzeko, euskaran eta zerbitzu publikoen kudeaketan gehiengo sindikalaren iritzia errespetatzetik etorriko baita adostasuna”. Hala egiten ez badute, sindikatuek jakinarazi dute hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamikan sakontzea baloratuko dutela.