Udal langileen grebak udal eta zerbitzu asko "itxi" dituela diote sindikatuek
Udalhitz hitzarmenaren negoziazio mahaian oraindik ez dagoela "aurrerapen nahikorik" iritzita, LABek eta ELAk deituta, greba egin dute gaur (maiatzak 14) udal langileek. Grebaren jarraipenari buruzko balorazio "oso positiboa" egin dute sindikatuek, eta hurrengo maiatzaren 29ko mahai negoziatzailean aurrera pausurik egon ezean, sektoreak ekainaren 4ean berriz ere greba egingo duela iragarri dute.
Udal langileek greba egin dute gaur (maiatzak 14).LAB sindikatua Udalhitz hitzarmenaren negoziazio mahaian oraindik ez dagoela “aurrerapen nahikorik” iritzita, LABek eta ELAk deituta, greba egin dute gaur (maiatzak 14) Busturialdeko hainbat udal langilek. “Orain arteko mobilizazioek alde instituzionalaren jarrera aldatzea eragin dute, edukiei buruzko proposamen batzuk aurkeztu baitituzte, baina oraindik ez dute zehaztasun nahikorik eta gainera ez dugu erantzunik puntu garrantzitsuenei buruz”, adierazi dute sindikatuetatik.
Horren aurrean, greba egin, eta horren jarraipenari buruzko balorazio “oso positiboa” egin dute sindikatuek: “Bizkaian, udal askoren hainbat zerbitzu itxi dira, besteak beste, Gernikako eta Bermeoko herrietan ohiko zerbitzu asko ez dira egon greba dela eta”. Lea-Artibain, esaterako, Lea-Artibai Mankomunitatean grebaren jarraipena handia izan da, zehatz esateko, %80koa. “Argi dago beraz udal langileek haien lan baldintzak hobetzeko borroka babesten dutela”, esan dute sindikatuek. Beraz, hurrengo maiatzaren 29ko mahai negoziatzailean aurrera pausurik egon ezean, sektoreak ekainaren 4ean berriz ere greba egingo duela jakinarazi zuten sindikatuek.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udalek urte asko daramatzate lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik barik, eta horrek langileen “lan baldintzak okertzea” dakarrela azpimarratu dute. Halaber, Udalhitzeko negoziazio mahaian “aldarrikapen asko falta” direla azpimarratu dute: “udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH BILDU, PSE-EE eta Alderdi Independenteek onartu egin dituzte Madriletik datozen enpleguari eta soldatari lotutako neurri prekarizatzaileak. Gauzak horrela, Udalhitzek 16 urte darama berritu gabe eta akordioa berritzeko ireki zen mahaian eduki asko falta dira. Urte bat baino gehiago negoziatzen egon ondoren, ez dira behar besteko aurrerapenak jasotzen Eudel eta alderdi politikoen proposamenetan”. Gainera, udal mailako negoziazio esparruak, “orokorrean”, ez daudela aktibo ere badiote. Horren aurrean, 120 langile batzordek baino gehiagok Eudeli eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijitu diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzea.
Izan ere, iaz Udalhitzeko negoziazio mahaia martxan jarri zen, eta orain dela 16 urtetik berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera zabalik dago. Alabaina, udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek gaur-gaurkoz proposamen integralik egin gabe jarraitzen dutela salatu dute sindikatuek. Azken mahai negoziatzailea maiatzaren 7an izan zen, eta “ez ziren behar besteko aurrerapenak jaso” Eudelen eta alderdi politikoen proposamenetan. “Negoziazioa oso motel doa, eta eduki zehatzak falta dira”, diote.

Udal langileek greba egin dute gaur (maiatzak 14).LAB sindikatua
LABetik eta ELAtik zuzenean interpelatu dituzte EUDEL osatzen duten EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Alderdi Independenteek: “Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko. Hurrengo maiatzaren 29an aukera bat dute horretarako. Hala egiten ez badute, berriz ere udal langileak grebara joango gara”.
Mahai negoziatzailean, neurri nahikorik ez
Sindikatuek jakinarazi dute Eudelek behin-behinekotasun tasa %6ra jaistea proposatu zuela, “gaur gaurkoz betetzen ez dena eta Udalhitzek jasotzen duena betetzea”, alegia. Hala ere, salatu dute negoziazio mahaiean ez dela hitz egin egiturazko lanpostutzat zer ulertzen den, ez eta behin-behinekotasuna jaisteko neurriez ere. “Horretaz gain, hautaketa zein hornidurari loturiko neurriei buruz aritu gara”, jakinarazi dute, baita proposamen zehatzik egon ez dela ere. Sindikatuek “hautaketa prozesu propioak” egin behar direla adierazi dute, udalen arteko elkarkidetza eta mankomunatuak diren ereduak ere garatuz: “Egin diren adibide batzuk balioan jarri ditugu, hori da jorratu beharreko bidea”.
Zerbitzuen kudeaketa publikoari dagokionez, negozioazio mahaian pribatizaturiko zerbitzuen azterketa egitea proposatu du Eudelek, baina, horrez gain, publifikazioak egitea eta klausula sozialak ezartzea eskatu dute sindikatuek, azpikontrataturiko langileen soldata ekiparatu eta lan-baldintzak homologatze aldera. LABek, gainera, publifikatuko diren zerbitzuen kasuan langileen subrogazioa bermatuko dela jaso beharra azpimarratu du.

Udal langileek greba egin dute gaur (maiatzak 14).LAB sindikatua
Udalei gazteberritze planak egiteko aukeraz ere aritu zirela jakinarazi dute sindikatuek, baina ez dutela aterki juridikorik eman diote, eta ez dagoela gaur gaurkoz udal guztietan aplikatzeko konpromisorik gehitu dute. “LABetik argi adierazi dugu udal guztiek egin beharrekoa dela, lanpostuen amortizaziorik gabe, lanaldiaren murrizketa ekarriko duena kotizatuz eta soldata murriztu gabe, urte sabatikoarekin bateragarria izango dena eta genero arrakala kontuan izango duena”.
Jardunaldi jaitsierari buruz, Eudelek Bizkai, Araba eta Gipuzkoako administrazio orokorrean aplikatzen dena udalei lotzeko proposamena egin zuen: 1.592 orduko lanaldia dute bertan eta norberaren kontuetarako 45 orduko poltsa bat. “LABetik proposamenarekin kritikoak izan gara, Udalhitzeko negoziazio markoa edukiz hustea litzatekeelako eta negoziazio kolektiborik ez dagoen mahai orokorrari lotzen zaiolako neurria, Jaurlaritzak eremu horretako langile publikoei inposatzen dietena udal langileoi inposatuz”, argudiatu dute LABekoek.
Izan ere, sindikatu abertzalekoek balioan jarri dute jardunaldi jaitsiera adostu duten udaletan lortutakoa eta bide horretatik lan egin beharra azpimarratu zuten: “Enplegua, aberastasuna eta zaintza lanak banatzeko jardunaldi jaitsierak beharrezkoak dira ortzimugan 30 orduko lan astea dugularik. Asko jota administrazio orokorrean jardunaldian jasotako klausula erreferentzia gisa hartu litekeela aipatu dugu, bertan jasota dagoen norberaren kontuetarako 45 orduak gure eremuan ezarriz eta neurri gehigarriak adostuz”.

Udal langileek greba egin dute gaur (maiatzak 14).LAB sindikatua
Lanpostuen balorazioari buruz hitz egin duten arren, sindikatuek salatu dute ez dutela inolako proposamenik jaso.
Bestalde, soldatei erreferentzia eginda, soldata-igoerak egiteko urteko ordainsarien masa osoaren %1eko funtsa sortzea proposatzen zietela diote, 5 urteko indarraldiari lotuta eta gehienez ere %5era arte. Soldata-igoera hori karrera profesionalarekin eta jardunaren ebaluazioarekin lotu zuten arduradunek. Baina sindikatuek gogoratu dute “karrera profesionala ez dela legez garatu”, eta ez dagoela irizpide objektiboetan oinarritzen den eta langile guztiei onura ekarriko dion eredurik. “Ez da onartu murrizketa eta izozte desberdinek langileoi eragindako zorra, ezta bizitzaren kostuaren igoerak eragindako erosteko ahalmenaren galera ere”, diote.
Berdintasun planei buruz, sexu jazarpen protokoloetan legeak ezartzen duena betetzera “mugatzen” dela oraingoz Udalhitzekoen proposamena diote. “Binkulograma ezartzeko zein kontziliazio baimenak zabaltzeko erantzun idatzirik ez dugu jaso ere, ez dago proposamenik”, diote sindikatuek.
Euskararen gaia, blokeatuta
Euskararen gaia “guztiz blokeatuta” dagoela salatu dute sindikatuek. “Bi proposamen ezberdin jarri dituzte mahaian, bata EAJ-PSErena eta bestea EHBildurena. EAJ-PSEren proposamenak euskaraz lan egiteko eskubidea ez du bermatzen eta aterak irekitzen dizkio udaletan euskararen normalizazioan atzera egiteari etaerrealitatea soziolinguistikoaren araberako zonifikazioa ezartzeari. EH Bilduren proposamenak, aldiz, lanpostu berrietan euskara eta gaztelaniaren ezagutza parekatzea planteatzen du, eta modu progresiboan tokiko hizkuntza-plangintzen bitartez hizkuntza eskakizunak ezartzea gainerako lanpostuetan; horretarako, herri horretako errealitate linguistikoari loturiko salbuespenak izango dituzten lanpostuak ezarriz eta euskara ez daukaten langileei euskalduntzeko bitarteko eta epeak eskainiz”, gogoratu dute sindikatuek. Gehiengo sindikal zabalak EH Bilduren proposamenagaz bat egin zuen, baina Eudelek ez duela gaiari buruzko erabakirik hartu adierazi dute.

Udal langileek greba egin dute gaur (maiatzak 14).LAB sindikatua
Langileen bajak %100ean osagarrituko dituztela jakinarazi zieten sindikatuei, eta kontingentzia profesionalak Gizarte Segurantzak kudeatzeko erabakia udal bakoitzaren esku uzteko aukera planteatzen dute. LABetik adierazi dute langileen ordezkariekin adostu beharrekoa izan behar dela hori: “Arrisku psikosozial eta ergonomikoak egiteaz aritu garenean hauek langileon ordezkariekin adostuak izan behar direla adierazi diegu eta oraingoz ez dugu horren inguruko proposamenik jaso. Bestetik, EUDELek proposatu zuen eta sindikatuok gaitzetsi genuen absentzien plana oraindik orain ez dute proposamenetik kendu”.
Asko dira adosteko kontuak, eta hurrengo bilera maiatzaren 29an izango dela aurreratu dute. Bilera horretarako, sindikatuek orain arte eztabaidatutako guztia idatziz idazteko eskatuko dute.