Udal langileen lan baldintzak "etengabe okertzen" ari direla salatu dute
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udal langileek beraien lan baldintzen hobekuntza integralari irtenbidea ematea exijitzeko greba eguna dute urriaren 8an [eguena]. Gaur [irailak 24] elkarretaratzean bildu dira udaletxeen aurrean, tartean Bermeon eta Gernika-Lumon.
ELA eta LAB sindikatuen deiari erantzunez, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako udal langileek beraien lan baldintzak hobetzeko grina badutela eta “borrokarako prest” daudela erakusteko elkarretaratzeetan batu dira gaur [irailak 24] berriro. Urriaren 8rako [eguena] deituta duten grebaren atarian gogoratu dute udaletan “urte asko” daramatzatela lan baldintzak hobetuko lituzkeen akordio integralik barik eta, ondorioz, langileen lan baldintzak “okertzen ari dira etengabe”.
Bi sindikatuek apirilean ipini zuten martxan greba eta mobilizazio dinamika eta apirileko bi orduko lanuzteen zein maiatzean eta ekainean deitu zituzten egun osoko bi greben “balorazio oso positiboa” egin dute, “borrokarako prest dagoen kolektiboa islatu” baitzuten. Horien ondorioz alderdi politikoek “eduki batzuk mahai negoziatzailera eramatea lortu” zuten arren, “zoritxarrez” oraindik aldarrikapen asko oraindik ez dira jaso: “EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek ez dute gatazka honi eta lan baldintzen hobekuntza integralari irtenbidea emateko benetako borondatea erakutsi eta orain arte egin diren mahai negoziatzaileetan ez dira behar besteko aurrerapausoak egin”.

Mahaigaineratuak izan ez diren aldarrikapenak zerrendatu dituzte bi sindikatuek, hala nola, galdutako erosahalmena berreskuratzeko neurri zehatzak eta etorkizuneko neurriak Madrilen ez erabakitzea, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko neurriak zehaztu eta, horretarako, sarbidean “bi hizkuntzak eskakizun izatea”, azpikontratatutako langileen subrograzio eskubidea aitortzea, errelebo kontratua eta lantaldeak gazteberritzeko planak ezartzea eta “indarraldia bost urtekoa ez izatea“: “Adostuko diren neurriak lehenago ezartzea behar dugu langileok”, aldarrikatu dute.
Urte eta erdi eman dute aldarrikapenak negoziatzen, baina Eudel eta alderdi politikoen proposamenetan ez dituzten “behar besteko aurrerapenak” jaso. Horren aurrean, ELA eta LABek “geldi ez geratzea” erabaki dute: “Eudel eta alderdi politikoak mugiarazi behar ditugu, eta uda aurreko hilabeteetan ikusi den bezala, hori soilik grebarekin eta langileon mobilizazioarekin gertatzen da”.
Eudel osatzen duten alderdiak zein alderdi independeteak zuzen interpelatu dituzte “negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko garaia” dela aldarrikatuz: “Ezinbestekoa da urriaren 8an berriz ere udal langileok grebara joatea eta kaleak hartzea”: