Gurpil bien ekuaziora igota
Aixerrotape Zikloturista Elkartearen eskutik eta Gernika-Lumoko zein Busturialdeko eragileen laguntzaz, Bizikleta Aste "gogoangarriaz" gozatu dute herritarrek. Hilaren 19an, Muxikako Kurtzeron igo ziren bizikletara, eta atzora arte [irailak 27] ez dira jaitsi.
Argazkia: Aixerrotape Zikloturista Elkartea. Busturialdea eta bereziki Gernika-Lumo, bizikletaren eta haren erabileraren alde lerrokatu dira egunotan, Bizikleta Astea tarteko. Hilaren 19an, Muxikako Kurtzero auzoan abiatu zuten gurpil gainean “bizi daitekeela” aldarri duen aste berezia; bertan, Gernika-Lumo eta Muxika lotuko dituen bidegorria eskatu zuen Urretxindorra Herri Eskolako komunitateak. Ondorengo egunean, domekaz [irailak 20], emakume txirrindulariek elkar ezagutzeko, saretzeko eta maite duten kirolaz taldean gozatzeko aurtengo bigarren hitzordua eduki zuten, Merkurion: Emakume Txirrindularien II. Topaketa.

Argazkia: Aixerrotape Zikloturista Elkartea.
Bizikleta Astearen antolatzaile Aixerrotape Zikloturista Elkarteak bigarren topagunearen balorazio “oso ona egin du”: “40 emakume inguru bildu ziren, eta ibilbidea taldean egin zuten. Denak errepikatzeko gogotsu azaldu ziren eta, horrenbestez, urtean hiruzpalau topaketa egitea aurreikusten dugu. Udaberrian lehenengoa egin genuen, hau bigarrena izan da, eta asmoa da urtea amaitu orduko hirugarren bat iristea; kontua da urtean zehar data jakin batzuk finkatzea, horixe da esktu digutena, eta horrexetarako behar egingo dugu”.

Argazkia: Aixerrotape Zikloturista Elkartea.
Aurten, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Eguneko [irailak 22] Hiri Ibilbidea da “hankamotzen” gertu dena: “Egia da 50-60 lagun bildu ginela, baina, asteburuko familia irteeragaz alderatuta, parte hartzea aldea apalagoa izan da”. Goizez, herritarrek bat egin zuten lantokira zein eskolara bizikletaz joateko deiagaz. Hain zuzen, eskoletako umeekin egindako tailerrak —hala bide segurtasunari dagokiona, nola mekanikagaz lotutakoa— “arrakastatsuak” izan ziren, baina, esan bezala, Hiri Ibilbidean igarri zuten nolabaiteko “hutsunetxoa”: “Kotxerik Gabeko Nazioarteko Eguna asteburuan egin izan balitz, erabat seguru gaude jende gehiago animatu izango zela”.

Argazkia: Aixerrotape Zikloturista Elkartea.
Gainontzeko irteerei dagokienez, guztien “irakurketa positiboa” egin dute aixerrotapetarrek: “Eguazteneko [irailak 23] gaueko MTB irteera magikoa izan zen: gaua oskarbi zegoen, eta Metxika zein Paresi inguruan ibilbide berezia biribildu genuen. Egueneko [irailak 24] irteerara haurrak bertaratu ziren eta, beraz, Oka hegaletik egin genuen osteratxoa. Azkenik, zapatu [irailak 26] goizean, mendi bizikletaz zein errepidekoaz egiteko deituak genituen irteeretara jende nahikotxo hurreratu zen”.

Argazkia: Aixerrotape Zikloturista Elkartea.
Errekorretik segundo bitara.
Zapatu arratsaldean iritsi zen astearen urteroko gailurretako bat. VII. Lumoko herri kronoigoera. 50 parte hartzaile eduki ditu aurtengo aldiak: erdia umeen lehian aritu da; gainontzekoak, nagusienean. Ugaitz Arrieta eta Iratxe Mate izan ziren absolutu maila hartako irabazleak, hurrenez hurren, 04.11 eta 07.18ko erregistroak lortuta; Arrieta, hain zuzen, probaren errekorretik segundo bitara geratu zen, eta Materi, ostera, “urrunago” geratu zitzaion emakumeena. Gazteen sailkapena Aimar Aretxabalak eroan zuen, erlojua 05.27an gelditu zuen.

Argazkia: Aixerrotape Zikloturista Elkartea.
Domekan [irailak 27] burutu zuten bizikletaren inguruan ardaztutako astea. 300 ziklista inguruko tropelak egin zuen Gernika-Lumotik Urdaibai Ekoetxeara arteko tartea, eta ia-ia beste hainbesteko zutabea antolatu zuten Bermeotik. Azaldu dute multzo bien San Bartolome auzo inguruan “bat egin zutela”, eta, hortaz, “jai giroan eta elkarren babesean” ailegatu zirela Ekoetxeara. Oro har, Bizikleta Astearen irakurketa “oso ona” izan behar du: “Ekimen edo irteera batzuetara beste zenbaitetan baino jende gutxixeago etorri izan arren, herritarren inplikazioa begibistakoa izan da uneoro, eta erantzun aparta eman diote egunez egun proposatu ditugun jarduerei”.