"Arrakastatsua" izan da emakume txirrindularien lehen irteera
28 emakumek parte hartu zuten domekan [apirilak 26] Aixerrotape Zikloturista Elkarteak deitutako emakume txirrindularien lehen irteeran. 2026an zehar "beste hiruzpalau irteera" egitea aurreikusten dute.
Argazkia: Aixerrotape Txirrindulari Elkartea Txirrindularitza zale diren emakumeek hitzordu berezia izan zuten domekan [apirilak 26], Aixerrotape Zikloturista Elkarteak emakume txirrindularien lehen irteera antolatu baitzuen. Deialdia “arrakastatsua” izan zen eta antolatzaileek jasotako erantzunagaz “pozik” agertu dira: “28 emakumezko bertaratu ziren, baina batzuk beraien mutilagun, senar edota seme-alabak ekarri zituzten”.
Merkurion zute hitzordua txirrindulariek, 750 metroko desnibel metatudun 56,5 kilometroko ibilbide “ederra” egiteko. Antolatzaileek txirrindularien maila azpimarratu dute, ekainaren 13n egingo duten “Oiz Erronkan parte hartzeko prest” daudela nabarmenduta. Parte hartzaileek, ostera, antolakuntzaren lana balioan jarri nahi izan dute, “antolakuntza, laguntza eta anoa postuen kokapena bikainak” izan zirelako.
Irteeraren helburua “errepideetan dabiltzan emakume txirrindulariak batzea” zen, eta “erabat bete” dutela nabarmendu dute antolatzaileek: “Askok komentatu ziguten bakarrik ibiltzen zirela ez zutelako talderik, batzuk azkarrago joan nahi dutelako eta beste batzuk motelako. Bakoitzak bere errealitatea du, baina batzen gaituan zaletasuna dugun emakumeak batu nahi genituen”.
Lehen irteerak izandako oihartzunagaz ere pozik daude, eta 2026an zehar “beste hiruzpalau” irteera egitea aurreikusten dutenez, hurrengoetan jende gehiago batzea espero dute: “Hurrengo irteeretan parte hartzeko interesa zuten galdetu genien parte hartzaileei, eta denek eman zuten baiezkoa”. Oraindik ez dute egun zehatzik erabaki, baina Oiz Erronka aurretik egitea gustatu zitzaiela aurreratu dute.