"Bidegorria behar dugu"
Urretxindorra eskolako guraso elkartearen deidiari erantzunez, Muxika eta Gernika-Lumo arteko bidegorria eskatzeko, errepidera atera dira muxikarrak gaur.
Irailaren 22a Autorik Gabeko Nazioarteko Eguna da, eta data horrekin bat eginez, azken urteotan bezala, eskaera argia errepidera atera du Urretxindorra Herri Eskolako guraso elkarteak gaur [irailak 19]: Muxika eta Gernika-Lumo arteko bidegorria.
Muxikako Kurtzero auzoan batu dira 10:30ean, eta bertatik Arane gasolindegiraino joan dira, euren aldarrikapena ozen adieraziz. Han buelta hartu, eta Urretxindorra Herri Eskolan amaitu dute bizikleta martxa. Bertan, hamaiketakoa eta ginkana eduki dituzte. Urdaibai Txirrindulari Eskolako kideek lagunduta ibili dira zirkuitua osatzen.
“Kurtzero auzotik Gernika-Lumora joan-etorria egin ahal izateko bidegorria eskatzen dugu. Aurretik, Kurtzero eta Eleizalde auzoak lotzeko bidegorria eskatzeko ateratzen ginen, eta hori badaukagu. Udalerrian mugikortasunari dagokionez arazo bat daukagu; auzoen arteko komunikazioa zaila da, eta auzoak elkartzen dituen bidegorria edukitzea ere gustatuko litzaiguke”, adierazi dute guraso elkartearen ordezkariek, eta deialdiak izan duen erantzunagaz pozik daudela azpimarratu dute.

Bizikleta Astea. Beste urte batez, Autorik Gabeko Nazioarteko Egunaren harira, mugikortasun jasangarriaren aldeko mezuekin beteko da eskualdea. Izan ere, Bizikleta Astean murgilduko dira Gernika-Lumon, Aixerrotape Txirrindulari Elkartearen ekimenez, eta Urdaibai Txirrindulari Eskolaren eta udalaren elkarlanagaz.
Bihar, 10:00etan hasiko dute Emakume txirrindularien II. Topaketa, Merkurion. Martitzenean, Autorik Gabeko Nazioarteko Egunean, berriz, ume zein nagusientzako eskaintza edukiko dute. Ikastetxeekin elkarlanean, bide-hezkuntza tailerra emango dute goizean, Pasealekuan, eta arratsaldean, leku berean, umeentzako ginkanak prestatuko dituzte, 17:00etan hasita. Familientzako hiri ibilbidea ere antolatu dute, eta 18:30ean irtengo dira Pasealekutik. Era berean, hezkuntza zentroetara zein lantokietara bizikletaz joateko deialdia zabaldu dute.
Biharamunean, umeei zuzendutako mekanika tailerrak emango dituzte goizean, Basati Biken, eta 20:00etatik aurrera, ostera, Gaueko MTB ibilbidea osatuko dute Pasealekuan hasita.
Eguenean (irailak 24) ere bi hitzordu edukiko dituzte: 17:00etan umeentzako MTB ibilbidea (Pasealekutik irtengo dira) eta Txirrindularitza eta errendimenduaren gakoak hitzaldia emango du Iñigo Urretxuak 19:00etan, Elai Alai aretoan.
Zapatuan ere pedalkada betean ibiliko dira. Batetik, 09:00etan, helduentzako MTB zein errepide irteerak edukiko dituzte aukeran, eta bestetik, 17:00etatik aurrera VII. Lumoko herri kronoigoera lehiatuko dute; Merkuriotik Lumoraino joango dira. Parte hartu gura dutenek, ordubete lehenago izena eman beharko dute, irteera-eremuan.
Bizikleta Astea amaitzeko, hilaren 27an, Ekoetxea Urdaibairaino hurbilduko dira; 11:00etan hasiko dute ibilbidea. Gernika-Lumotik ez ezik, Bermeotik ere aterako dira ordu horretan.