Sanbartolomeak: jaiaren eta herriaren bidegurutzea
Bedarona, Errenteria eta Busturiko herritarrek San Bartolome jaietako ospakizun egitarauez gozatu dute atzo, eta, errenteriarren kasuan, oraindik abian dituzte jaiak.
Ez da berehalakoan ahaztuko atzoko [abuztuak 24] San Bartolome Eguna. Errenterian, Bedaronan eta Busturiko San Bartolome auzoan ospatzen dituzte jaiok, eta zelan gainera. Errenterian, Uriko aurreskua eta erraldoien kalejira eduki zituzten goizez, baina arratsaldea ere bete-betea izan zen: batetik, 75. San Bartolome Sari Nagusiaz gozatzeko aukera egon zen, afizionatu mailako ziklistarik onenekin; bestetik, inguruko pultsularirik onena zein den jakiteko abagune ederra ere suertatu zen Errenterian.
Pultsu txapelketa herrikoiak hiru kategoria eduki zituen: 85 kilora arteko gizonezkoak, 85 kilotik gorakoak, eta emakumezkoak. 22 parte hartzaile aritu ziren zein baino zein gehiago, eta azkenean Julen Olea nagusitu zen 85 kilotik gorakoen mailan; emakumezko pultsularien artean txapelduna Ianire Olea izn zen; 85 kiloz azpiko gizonezkorik onena, berriz, Juan Jose Parra. Atzoko gaualdia Xaiborren zuzeneko emankizunak biribildu zuen. Hori bai, jaiak aurrera egingo du barikuan zein zapatuan, egitarau bete-beteekin.
Hala Busturian, nola Bedaronan, eduki dute indarrak non zukutu. Busturiarrek domekako sardina janaldiagaz eta Joxe Mendizabalen erromeria saioagaz berotu zituzten sanbartolomeetarako motorrak. Atzo, errenteriarren kasuan bezalaxe, herriko txistulariak izan ziren jaien iragarle. Eguerdian, baina, paella txapelketa eta Irrintzi Alai Dantza Taldekoen saioa eduki zituzten.
Bedaronan, berriz, zanpatzarren jaitsierak eta Latxiñe ardi txirristaren irekierak eman zien hasiera jaiei. Eguerdian, Eingo taldeak herritarrak kantuan eta dantzan ipini zituen. Hori gutxi ez, eta txingak eroaten trebeena nor den ikusteko txapelketa ere eduki zuten. Arratsaldean, gaztetxoeneko Ibibiren poniekin dibertitzeko aukera eduki zuten, bolatokia jaien epizentro bihurtu orduko: bolo jokalari trebeena zein den ikusi zuten, 19:30ean. Kantu poteorako deia eduki zuten jarraian bedaronarrek, eta gaualdia Grafiti taldeak argitu zuen. Hori bai, gauerdira arte ez zen etxera joaterik egongo: txirrindu bat zozkatuko zuten orduan.