Hugo Tapiz, Euskal Herriko probarik zaharrenean garaile
Finisher-Kern Pharma etxeko Hugo Tapizek irabazi du 75. San Bartolome Sari Nagusia. 23 urtez azpikoen Bizkaiko Txapelketa Smartlog Nest taldeko Josu Odriozolak lortu du; elite mailakoa, Eiser-Hirumeteko Eneko Bedialaunetak.
Errenteriak hartzen duen San Bartolome Sari Nagusia Euskal Herriko afizionatu mailako probarik zaharrena da, eta Espainiako egutegiko bigarrena. Hori ez da, baina, lasterketaren berezitasun bakarra: ustekabeko ailegaerak hartzen ditu urtez urte; izan multzo txiki zein ertainen esprint estuak, izan bakarkako jazarpenean helmugaratzen diren iheslariak. Atzo [abuztuak 24], San Bartolome Egunez, Gernikesa Txirrindulari Elkarteak atondutako probak 75. urtemuga ospatu zuen, eta zelan gainera.
Bizkaiko Txapelketa hartu du aurtengoan Lehendakari Torneorako puntuagarria izan den probak. Orain arteko ibilbidea, alde horretatik, moldatu egin du antolakuntzak: Ajangiz eta Arratzun barrena hiru itzuli egin zituzten lehenik, eta Bizkaiko Begiratokira beste bi, proba erabakitzeko. Hain zuzen, igoera bi haiek (eta bereziki bigarrenak) egin zituzten lasterketaren epaile lanak. Lehen itzulietan, lau laguneko ihesaldia izan zen protagonista. Smartlog Nestek kide bi sartu zituen bertan: Adur Arrizabalaga eta Gabriel Ibañez, Caja Rural-Alea etxeko Albert Rocagaz eta Telcomeko Aimar Alarciagaz batera.
Bizkaiko Begiratokira lehen igoeran apurtu zen lasterketa. Junior mailakoa den baina hurrengo urtean profesionaletan ariko den Benjamin Novalek lehen saiakera egin zuen, besteren artean. Izar asturiarra Ugaitz Arrieta etxeko txirrindulariaren talde beragaz, Surne Bilbaogaz, aritu da lehiatzen asteburu honetan, eta muxikarrak bere alde erruz lan egin behar izan zuen; lan hark, hain zuzen, bere aukerak sakrifikatzera eroan zuen, eta Arrietak, azkenik, ezin izan zuen Malosteko helmuga harrapatu. Bizkaiko Begiratokiko lehendabiziko pasaeratik oraindik buruan igaro ziren eguneko ihesaldiko Alarcia eta Ibañez, baina atzetik lasterketa gori-gorian zetorren.

Bigarren pasaera orduko, eguneko ihesalditik geratzen diren kideak harrapatu zituen faboritoen multzoak, eta talde hura atzetik aurrera bidea egin zuten zenbait txirrindularirekin hazi egin zen. Azken igoeran, baina, Noval asturiarrak erritmo bizia jarri zuen, eta lasterketa jokatuko zuten ziklistak baino ez ziren apustu hari eusteko gai izan. Novalek bakarrik heldu zien tontorretik Errenteriarako azken 25 kilometroei, baina Finisher-Kern Pharmako Hugo Tapizek Albiz inguruan harrapatu zuen, erritmoa goranzkoan ederto kudeatuta eta beheranzkoan lehen egin barik. Atzetik, Smartlog Nest izan zen ihesaldia botatzeko lan gehien egin zuen taldea.
Zarrabentako koskan, Caja Rural-Aleako Nil Aguilerak eta CC Lleidako Ricard Fitok lasterketa buruko biekin bat egin zuten eta, Arratzun barrena txandapasan arituta, laukote hark helmugarainoko bidea egin zuen. Lauko esprintean erabaki zen garaipena, eta Tapiz argiki gailendu zen; laukoteak 02.58.37an biribildu zituen lanak. Atzeko tropeltxoa 16 segundotara iritsi zen, hura ere esprintean, Caja Rural-Aleako Daniel Cepa buruan zuela. BBK-Euskadi etxeko Aimar Galdosek ez zuen egunik onena eduki, baina, orain arteko puntu uzta tarteko, Lehendakari Torneoko liderrak behin-behineko lehen postuari eutsi zion.

Bizkaiko Txapelketei dagokienez, 23 urtez azpikoa bigarren multzoan helmugaratu zen Smartlog Nest taldeko Josu Odriozolak irabazi zuen. Elite mailako Bizkaiko txapelduna, berriz, atzerago sartu zen Eiser-Hirumeteko Eneko Bedialauneta izan zen. Mendiko sailkapenak Novalen alde egin zuen, eta tarteko helmugenak, aldiz, Ibañezen alde. Talderik onena Finisher-Kern Pharma izan zen.
Hugo Tapiz: “Bizkaiko Begiratokitik beheranzkoan atzera iritsi naiz lasterketa burura, eta azken kilometroetan neure kartak jokatu ditut”
Lasterketa amaituta, Tapiz garailea “oso pozarren” agertu zen. Irabazleak aitortu zuen “begi guztiak Novali begira” egon zirela, eta azken kilometroetan errelebo askotara “ez zela pasatu”, azken esprintaren pentsuan baitzegoen: “Bizkaiko Begiratokian erasora jo dut, baina Novalek harrapatu nau, baita atzean utzi ere; beheranzkoan atzera iritsi naiz lasterketa burura, eta azken kilometroetan neure kartak jokatu ditut”.
Benjamin Noval: “Munduko eta Europako Txapelketak prestatzeko azterketa garrantzitsua izan da gaurkoa”
Novalek, irabazi ez arren, argitu zuen bere taldeak “lasterketa perfektua” egin zuela: “Lehen zatiko ihesaldia ontzat jo genuen, ez baitziren txirrindulari arriskutsuak. Azken zatian, Finisherrek hiru lagun sartu ditu aurrean, eta niri egokitu zait atzetik aurrerakoa egitea. Azkenean nire erasoaldia ez da nahikoa izan, baina asko gozatu dut. Asko ari naiz gozatzen afizionatuekin lehiatuz, eta hau ez da azken proba izango. Munduko eta Europako Txapelketak prestatzeko azterketa garrantzitsua izan da gaurkoa”.