Urteroko hitzorduari hutsik egin gabe
San Bartolome Eguna ospatzen ari dira Errenterian, Busturian eta Bedaronan. Errenteriarrek, usadioari jarraituz, Uriko aurreskua egin dute eguerdian, erraldoien kalejirak lagunduta.
Usadioaren eta herriaren gordeleku dira San Bartolome jaiak, eta eskualdeko herritarrak haietaz gozatzeko prest daude. Errenterian, Bedaronan eta Busturiko San Bartolome auzunean ospatzen dituzte jaiok, izan egun bateko, bi zein lauko ospakizun egitarauekin. Errenterian, Gazteak Txistulari Taldearen txistu doinuak eman dio kalez kale ondoetorria San Bartolome egunari, eguneko une gailurretako bat orduko: Uriko aurreskua.
Elai Alai Dantzari Taldeko kideen eskutik iritsi da mezaosteko momentu berezia. Hainbat eta hainbat izan dira San Bartolome elizaren kanpoaldean Uriko aurreskua galdu gura izan ez dutenak. Ez hori bakarrik: dantzaldiaren ostean, Gernika Rugby Taldeko kideek jaietako erraldoiak Errenteriako erdiguneraino eroan dituzte eta bertan, gargantuagaz batera, gaztetxoenak zur eta lur geratu dira jaietako pertsonaia berezi horien tamainu eta itxuragaz.
Arratsaldean ere ez da zereginik faltako errenteriarrentzat: 16:00retan, afizionatu mailako Bizkaiko Txapelketa hartuko duen 75. San Bartolome Sari Nagusia txirrindulari proba lehiatuko dute; lehen sailkatua 18:30ak eta 19:00rak bitartean helmugaratuko dela aurreikusten dute. Bien bitartean, 18:00retan, pultsularirik onenek galdu ezinezko zita edukiko dute: pultsu txapelketa herrikoia. Gaualdia Xaiborren zuzeneko emankizunak biribilduko du. Hori bai, jaiak aurrera egingo du barikuan zein zapatuan, egitarau bete-beteekin.
Hala Busturian, nola Bedaronan, badute indarrak non zukutu. Busturiarrek atzoko sardina janaldiagaz eta Joxe Mendizabalen erromeria saioagaz berotu zituzten sanbartolomeetarako motorrak. Gaur, errenteriarren kasuan bezalaxe, herriko txistulariak izan dira jaien iragarle. Eguerdian, baina, paella txapelketa eta Irrintzi Alai Dantza Taldekoen saioa eduki dituzte.
Bedaronan, berriz, zanpatzarren jaitsierak eta Latxiñe ardi txirristaren irekierak eman die hasiera jaiei. Eguerdian, Eingo taldeak herritarrak kantuan eta dantzan ipini ditu. Hori gutxi ez, eta txingak eroaten trebeena nor den ikusteko txapelketa ere eduki dute. Arratsaldean, gaztetxoeneko Ibibiren poniekin dibertitzeko aukera edukiko dute, bolatokia jaien epizentro bihurtu orduko: bolo jokalari trebeena zein den ikusi ahalko da, 19:30ean. Kantu poteorako deia edukiko dute jarraian bedaronarrek, eta gaualdia Grafiti taldek argituko du. Hori bai, gauerdira arte ez da etxera joaterik egongo: txirrindu bat zozkatuko dute orduan.