Organoen erresuma txikia
Orain arteko parte hartzerik handiena eduki du Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloak. Herritarren erantzuna "erraldoia" izan da. Joxe Benantzi Bilbao antolatzaile mundakarrak 22. ekitaldiaren balorazioa eta etortzeko dauden helburuen irakurketa egin du.
Ez da berehalakoan ahaztuko 22. Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloa. Musika eta ondarea uztartzen dituen eskualdeko organo emanaldi ziklo ibiltariak jendetza bildu du han-hemen, Busturialdearen luze-zabalaren sei udalerritako hamar kontzertuetan. Zikloa antolatzen duen lantaldearen parte da Joxe Benantzi Bilbao mundakar interprete eta aditua. Herritarren erantzuna “lehen saiotik azkenengora aparta” izan dela nabarmendu du: “Hainbat kontzertuan, jendea non jesarri bilatu beharrean ibili gara, eliza eremua lepo bete izan baitute”.
Inguruko organo-jotzaile adituenei atzerritik bertaratutako “izar handiak” gehitu zaizkie. Ez hori bakarrik: organoen soinua tenore edota sopranoen ahotsekin jantzi dute, baita bestelako instrumentuekin eta dantzagaz ere. Bilbaok, lehenik, aurtengo “maila orokorra” balioan ipini gura izan du: “Beti gustatzen zaigu publikoaren iritzia aintzatestea, publikoa bera baita protagonista nagusia; aldeko iritziak, esker ona eta balorazio oso positiboak jaso ditugu”. Ondarearen babesari jarraiki eraiki dute 22. ekitaldia: “Busturialdea eta bertako organoak herriaren ondarearen parte direla sinesten dugu, eta ondare hori taularatzea, herritarrei ahal beste hurbiltzea, bilatu dugu”.

Antolatzaile modura ez ezik, interpretatzaile edo musikari legez ere aritu da Bilbao: “Gautegiz Arteagan nahiz Mundakan aritu nintzen, eta emanaldi biak ala biak ederto atera ziren”. Parrokia bakoitzeko arduradunen “predisposizioa” ere azpimarratu du: “Organo bati dagokion soinua ateratzea soinu banda oso bat kudeatzearen pare da, alegia, kontzertua orduko, lan ordu pila bat eskatzen du. Busturialdeko elizetan, tokian tokiko arduradun denek askatasunez eta behar beste denboraz lan egiteko aukera eman digute, erabateko erosotasunez jardun ahal izateko”.
Joxe Benantzi Bilbao: “Orain arte berreskuratutako organoei Muxikako eta Bermeoko fraideena gehituko zaizkie hurrengo urtean, Arratzuko harmoniumaz gain”
Arte diziplinen aniztasunari dagokionez, zikloak Mundakako Andra Mari elizako azken jardunaldian, hilaren 15ean, harrapatu zuen gailurra: Bilbaoren eta Javier Artigasen organo-jotzaile gaitasunei Iosu Sorriketaren txistua, Arantza Fernandez dantzariaren trebezia, herriko abesbatzaren berotasuna eta Mundakako LAPSE dantza garaikide taldearen abangoardia gehitu zitzaizkien. “Azken traka” haren gomuta ederra du: “Mundaka zikloaren hasieratik presente egon izan da, eta mundakarrak ere bai; elizan ez zen toki libre bakar bat geratu”.
Organoen babesa, biziraupena eta, batez ere, errestaurazioa da egitasmoak bultzatzen duen ardatzetako bat. “Izugarria” da orain arte egindako errestaurazio lana, eta “are politagoa” etortzeke dagoena: “Orain arte berreskuratutako organoei Muxikako eta Bermeoko fraideena gehituko zaizkie hurrengo urtean, Arratzuko harmoniumaz gain”. Gernika-Lumoko Santa Klara komentua ere ez du ahaztu gura: “Santa Klarako organoa galzorian egon zen, eta azkenean lortu dugu hari eustea; zikloa emanaldi hark zabaldu zuen, uztailaren 11n, eta aipagarria da atera genion soinu aparta”.
Bertokoaren berezitasunaz.
Kontu “oso gaitza” da amaren edo aitaren artean erabakitzea, eta, halaxe, “zailtasun handiz” dio Bilbaok eskualdeko bere organo maitea zein den: “Mundakarra izanik, ezin naiz guztiz objektiboa izan, baina Mundakako Andra Mari elizako organoaren soinua zeharo maite dut; nik neuk urte luzez jagon izan dut, eta pozgarria da oraindik martxa bete-betean dagoela ikustea”.

Mundakakoaz gain, baina, Ibarrangeluko San Andres elizakoa ere plazara dakar Bilbaok: “Zenbait organo ote daude munduan pianoa daukatenak? Bada, esku bigaz kontatzeko beste, ez gehiago”. Gautegiz Arteagako Andra Mari parrokiaren kasuan ere, beste hainbeste: “Euskal txirularen erregistro ederra du. Eta, horiekin denekin, adibidez, Lumoko San Pedro elizakoaren soinu apartekoa ere aipatu beharra dago”. Busturialdeko organoak ez dira “handienak edo ikusgarrienak”, baina denek ala denek “berezi egiten dituzten edertasun eta ñabardurak” dituzte.
‘Urdaibaiko Soinuak. Lope Alberdi organogilea’ erakusketa 2027ko urtarrilera arte ikusgai dago Euskal Herria Museoan, hainbat jarduerak lagunduta
Urdaibako Organoak zikloaren 22. aldiak Lope Alberdi organogile arteagarraren irudiaren inguran pibotatu du. Hura izan da, norbait izatekotan, aurtengo ibilbidearen hezurdura funtsezkoa. Hain zuzen, Euskal Herria Museoak haren bizitzaren eta hark egindako ekarpen “erraldoiaren” inguruko Urdaibaiko Soinuak. Lope Alberdi organogilea izeneko erakusketa ikusgai du, 2027ko urtarrila bitarte. Epemuga hori orduko, gainera, “hainbat jarduera” egingo dituzte: “Beraz, esan daiteke Urdaibaiko Organoak ez dela oraindik amaitu“.
Ekimen horietako lehenak hileon egin dituzte. Abuztuaren 13an mahai-inguru “interesgarrian” bildu ziren, eta bai Mikel Ansolak, bai Rodrigo Hernandezek bisitaldi gidatuak eman zituzten, Santa Klara komentua eta erakusketa bera “herritartzeko”: “Gaur-gaurkoz, erakusketak edukitako erantzuna oso-oso oparoa izan da; atzerriko adiskide organo-jotzaile batek, esaterako, esan dit sekula ez duela ikusi museo bateko solairu oso bat organoaren inguruan oinarritu izana”. Hori gutxi ez, eta datozen urteetan zikloaren partaide diren udalerrietara eroateko asmoa dute; “erakusketa hala Nafarroara, nola Kolonbiara eramateko proposamenak ere jaso ditugu”, dio.
Organoaren “chauvinismoren” apologia.
Lope Alberdik izandako garrantzia ulertaraztea “beharrezkotzat” du Bilbaok, geure “maisu handietako bat” izan baitzen: “Proposamenak Alemaniatik, Japoniatik edota Frantziatik datozenean handitzat jotzen ditugu, bakar eta esklusibotzat; baina pareko mailadun proposamenak geurean sortzen direnean, beraiek tokikoarekiko daukaten chauvinismoa falta zaigu”. Lope Arberdik mundu osoko lekuetarako ondu zituen organoak, material guztiak aztertzen zituen, harmonizazioak propio egin, xehetasunik txikiene ere jagoten zuen: “Horrexegatik ditugu mendeetako bidea duten baina aparteko soinua daukaten organoak: maisu batek eginak direlako”.
“Mutu dagoen organoak ez du bizirik, ez du erabilerarik, ez du esanahirik”
Zikloak aurrez aurre dituen helburuez galdetuta, “oraindik mutu” dauden organoak martxan ipintzea nabarmendu du Bilbaok: “Mutu dagoen organoak ez du bizirik, ez du erabilerarik, ez du esanahirik. Organoak mutu geratzeak eta izorratzeak, gainera, milioika euroko kostua suposatuko luke, haiek konpontzeko; ez udalek, ez elizek ezingo liokete gainkarga horri aurre egin. Beraz, isilik dauden organoak bezpiztu behar dira, sitsak jan eta beranduegi izan orduko”.

Hala, aurreko belaunaldiek emandako ondare lekukoaren “txandapasa” egin gura dute antolatzaileek: “Herritarrak organoetara hurreratu gura ditugu, erlijioaz haragoko elementuak direla ikusarazi dezaten. Egia da Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza edota udalak moduko erakundeen laguntza ezinbestekoa dela, baina ondare hori dena herriarena eta herritarrena da, eta herritarron ekarpena nahiz atxikidura nahitaezkoak dira”.
“Hiru urte barru mende laurdeneko ibilbidea beteko dugu, eta oraindik toki berrietara iritsi behar gara, eskualdean soinu berriak deskubritu”
Edozelan ere, ikusi dute proiektuaren, ondarearen eta haren babesaren aldeko herritar “asko eta asko” egon badaudela: “Aurten, estreinakoz, emanaldietan borondatea dohaintzan eman gura zutenenei horretarako aukera eman diegu, eta diru dezente lortu da hortik; diru hori espreski bideratuko dugu organoen babesera eta berreskurapenera“.
Beraz, ikusleen jarrerak eta presdisposizioak hurrengo urteetan “aurrera egiteko grina” eman dio antolatzaileari: “Urtez urte lanean eta hobetze bidean aurrera egin behar dugu; hurrengo urtean eliza eta organo berriak edukiko ditugu, baina gure sabaia ez da hori izango. Hiru urte barru mende laurdeneko ibilbidea beteko dugu, eta oraindik toki berrietara iritsi behar gara, eskualdean soinu berriak deskubritu”. Ondarearen gurpila bira eta bira ari da, abiada betean. Bihotza organorik garrantzitsuena baldin bada, organoak dira, nolabait, eskualdeko ondare zatitxo baten bihotza. Eta Joxe Benantzi Bilbaok inork baino hobeto daki hori.