Organoen soinu udatiarraz gozatzeko azken aukera
Bihar [abuztuak 15] biribilduko dute, 20:00retatik aurrera eta Mundakako Andra Mari elizan, 22. Urdaibaiko Organoak musika zikloa.
Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor zikloak eskualdea organoaren “museo bizi” bihurtu du, uztailean abian ipini zutenez geroztik. Busturialdeko elizak mundu mailako organo jotzailerik puntakoenen oholtza bihurtu dira, sei udalerritan eta hamar emanalditan banatutako ibilbidean. Bihar [abuztuak 15] , 20:00retatik aurrera, Mundakako Andra Mari elizan biribilduko dute aurtengo aldia, hainbat musika zein arte adierazpide uztartuko dituen emanaldiagaz.
Izan ere, Javier Artigas eta Joxe Benantzi Bilbao organo-jotzaileei Iosu Sorriketa txistularia, Arantza Fernandez dantzaria eta herriko LAPSE dantza garaikide taldearen emanaldia batuko zaizkio. Gogoangarria izan da zikloaren 22. ekitaldia, ze, interpretatzaileek taularatutako maila handiaz harago, herritarren erantzuna ere azpimarragarria izan da.

Busturiko Axpeko Andra Mari elizako azken emanaldia.Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor zikloa.
Horren ereduak asko izanagatik ere, zikloaren azken emanaldian, Busturiko Axpeko Andra Mari elizakoan, eliza lepo bete zuten ikusleek, “barrokoa eta klasizismoa” uztartu zituen saioaz gozatu asmoz; Susana García Lastra organo-jotzailea eta Ruth Rosique sopranoa izan ziren protagonistak. Abeslariaren ahotsak “elkarrizketa” ederra eduki zuen Lorenzo Arrazolaren 1765eko organoagaz.
Aurtengo aldiak, bestalde, Lope Alberdi Rekalde organogile maisuaren beharra nahiz ekarpena aintzatesteko jomuga eduki du. Arteagarren esku hartzea ezinbestekoa izan zen Busturialdeko organoen soinua Espainiara, Ameriketara zein Filipinetara helarazteko. Hala, hilaren 21ean, haren omenezko erakusketa inauguratu zuten Euskal Herria Museoan, eta, hurrengo urteko urtarrila bitarte, erakusketaren inguruan hainbat jarduera egingo dituzte. Horietako hiru atzoko [abuztuak 13] mahai-ingurua eta bai Mikel Ansolaren, bai Rodrido Hernandezen bisitaldi gidatuak izan ziren.