Busturialdea musikaren museo bizia izango da berriz
Zapatu honetatik [uztailak 11] abuztuaren 15era egingo dute 22. Urdaibaiko Organoak zikloa, sei udalerritako hamar emanaldi tarteko. Aurten Santa Klara komentuko organo berritua lehendabiziko aldiz erabiliko dute. Euskal Herria Museoak ‘Urdaibaiko Soinuak: Lope Alberdi’ erakusketa hartuko du.
Organoa, museo bizia leloa duen Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloaren 22. ekitaldiak gogoangarria izateko osagai guztiak dauzka. Atzo aurkeztu zuten musika, ondarea eta saretzea uztartzen dituen jaialdia, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Agerraldian egon zen Joxe Benantzi Bilbao, egitasmoaren koordinatzailea, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendari Urkiri Salaberriagaz eta Urremendi Landa Garapen Elkarteko gerente Aitziber Antsotegigaz batera.
Herritarrei kultur eta musika eskaintza oparoa doan ahalbidetzeaz harago, Urdaibaiko Organoak ziklo hutsa baino “askoz gehiago” izatera iritsi dela azpimarratu zuten sustatzaileek: eskualdeko organoen inguruko ondarea jagon, berreskuratu eta herritartzeko tresna da. Ez da kasualitatea, beraz, jaialdiak hogei urtetik gorako bidea urratu izana, “Europako organo historikoen multzorik berezienetakoa” bizirik mantentzen.
Zapatu honetan [uztailak 11] joko dituzte lehen notak, abuztuaren erdialdera arteko erreberberazioa edukiko dutenak. Sei udalerrik hartuko dute Urdaibaiko Organoak zikloa, eta hamar izango dira antolatzaileek 22. ekitaldirako —Gernika-Lumo, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Busturiko Axpe, Arratzu eta Mundaka— prestatutako geltokiak. Etzi damu iritsiko dena, gainera, ez da edonolakoa izango. Aurtengo berritasun nagusia Gernika-Lumoko Santa Klara komentua ekuaziora sartu dela izango da.
Urkiri Salaberria: “Santa Klarako organoa berritzeaz harago, bere ahotsa berreskuratu egin da, epe oso laburrean”
Hainbat urtez “gogor saiatu” ostean, antolatzaileek azkenean lortu dute bertan emanaldia antolatzea; Patxi García Garmilla eta Mikel Ansola izango dira protagonistak, lau eskurata. Santa Klarako organoa 1910ekoa da, Aquilino y Cía. lantegi entzutetsuak eraikia. Jaurlaritzak komentuaren eraikina eta orubea eskuratu dituenez, bertako organoa eraberritzea erabaki du. Salaberriaren berbetan, ondarea “herritarren eskura jartzea” lehen mailako helburua da Jaurlaritzarentzat. Alde horretatik, Santa Klarako organoaren “aparteko balio historiko eta artistikoa” nabarmendu zuen: “Berritzeaz harago, organoaren ahotsa berreskuratu egin da, epe oso laburrean. Ondarea, hain zuzen, ez da soilik gordetzeko, biziarazteko baino; organoen kasuan, haiek entzuteko”.
Aurtengo ekitaldian ez sartuagatik ere, antolatzaileek aurreratu dute eskualdeko beste toki batzuetako organoak zaharberritzen eta doitzen ari direla eta, horrenbestez, hurrengo aldiari begira hitzordu berriak gehitu daitezkeela. Arratzuko harmoniuma, izan ere, eraberritze prozesu bete-betean dago, Muxikako San Bizente Martiria eta Bermeoko San Frantzisko elizetako organoekin batera. Aurtengo aldiaren kartelak, hain zuzen, azken organo horren eraberritze prozesuan agertutako maskaroiak erakusten ditu. Organo hori 2025eko otsailean desmuntatu zuten eta, sitsaren aurkako tratamendua egin ostean, iazko irailean ekin zieten eraberritze beharrei.
Lope Alberdiri omenaldia.
22. Urdaibaiko Organoak zikloa, bestalde, Lope Alberdi Rekalde organogile maisuari merezitako omenaldia egiteko topagunea ere izango da. Izan ere, arteagarra ezinbesteko protagonista izan zen Busturialdeko organoen soinua Espainiaren luze-zabalera, Ameriketara edota Filipinetara iristarazteko. Hala, Euskal Herria Museoak haren omenezko erakusketa hartuko du, eta uztailaren 21ean inauguratuko dute, 12:00etan. 2027ko urtarrila bitarte, erakusketaren inguruko 27 ekitaldi egitea aurreikusten dute antolatzaileek: “Berbaldiak, mahai-inguruak eta bisita gidatuak, kasurako”. Abuztuaren 13rako, halaber, mahai-ingurua iragarri dute, museoan bertan: Patxi García Garmilla, Aitor Olea, Benantzi Bilbao eta Javier Artigas izango dira solaskideak.

Hilaren 21ekoa ez da izango Alberdik jasoko duen gorazarre bakarra: zikloaren bigarren hitzorduan, Gautegiz Arteagako emanaldia orduko, elizako arkupeetan Alberdiren omenezko plaka ipiniko dute, eta ekitalditxoa egin. Hain zuzen, Amagoia Lopez de Larruzea gernika-lumotarrak bere jatorri zein zuztarrei buruzko indusketa historikoa egin du; bere lanetik ondutako fruitu da, esaterako, Alberdiren jaiotetxea ezagutzea.
Benantzi Bilbao: “Kanpokoa beti onena delakoan gaude, eta etxekoa, aldiz, kaskarrena dela uste dugu; bai zikloa, bai Lope Alberdiri buruzko erakusketa, mito horri buelta ematera datoz”
Jaialdiaren Mundakako itxiera ekitaldia ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Javier Artigas eta Benantzi Bilbaok lau eskutara organo emanaldia eskainiko baldin badute, Iosu Sorriketa txistulariak lagunduta izango da. Ez hori bakarrik: dantzarentzako plaza ere izango da, batetik, Arantza Fernandezek eskutik eta, bestetik, Mundakako LAPSE dantza garaikide taldearen parte hartzeagaz.
Organoen “chauvinismoa”.
Bilbaok, organoei eta beren mailari dagokienez, “kanpokoei jaramon eta aintzatespen handiagoak” egiten zaizkiela azaldu zuen, alegia, organoen inguruko “chauvinismo falta” plazaratu: “Kanpokoa beti onena delakoan gaude, eta etxekoa, aldiz, kaskarrena dela uste dugu; bai zikloa, bai Lope Alberdiri buruzko erakusketa, mito horri buelta ematera datoz. Ze, eskualdean dagoen maila orokorra erabat azpimarragarria da”.
Aitziber Antsotegi: “Ondarea zaintzea nahitaezkoa da, baina hura herrien eguneroko bizitzan txertatu beharra dago”
Antsotegik ondarea “ulertzeko moduari” egin zion keinu: Ondarea zaintzea nahitaezkoa da, baina hura herrien eguneroko bizitzan txertatu beharra dago. Urdaibaiko Organoak zikloaren ekitaldi bakoitzak erakusten du ondarea babestea hura herritarren eskura ipintzea ere badela, hau da, kultura, ezagutza eta tokiko garapena sustatzeko aukera bihurtzea”.
22. URDAIBAIKO ORGANOAK
Uztailak 11
Gernika-Lumoko Santa Klara komentua. Patxi García Garmilla (organoa eta ahotsa) eta Mikel Ansola (organoa), 19:00retan.
Uztailak 12
Gautegiz Arteagako Andra Mari eliza. Benantzi Bilbao (organoa eta ahotsa), 20:00retan.
Uztailak 18
Mundakako Andra Mari eliza. Steffano Pellini (organoa), 20:00retan.
Uztailak 21
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa. Urdaibaiko Soinuak: Lope Alberdi erakusketaren inaugurazioa, 12:00etan.
Uztailak 24
Kortezubiko Santiago Apostolua eliza. Jesús Pérez Aznárez (harmoniuma) eta Francisco Egido (tenorea), 20:00retan.
Uztailak 25
Gernika-Lumoko San Bartolome eliza. Giovani María Perruci (organoa), 20:00retan.
Uztailak 26
Axpe-Busturiko Andra Mari eliza. Ana Belén García (organoa), 20:00retan.
Uztailak 31
Gernika-Lumoko Andra Mari eliza. Willibald Gugenmoss (organoa), 20:00retan.
Abuztuak 1
Arratzuko San Tomas eliza. Giulio Gelsomino (organoa) eta Víctor Cruz (baritonoa), 20:00retan.
Abuztuak 8
Axpe-Busturiko Andra Mari eliza. Susana García Lastra (organoa) eta Ruth Rosique (sopranoa), 20:00retan.
Abuztuak 13
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa. Mahai-ingurua, Patxi García Garmilla, Aitor Olea, Benantzi Bilbao eta Javier Artigas hizlariekin, 19:00retan.
Abuztuak 15
Mundakako Andra Mari eliza. Javier Artigas (organoa), Benantzi Bilbao (organoa), Iosu Sorriketa (txistua), Arantza Fernandez (dantza) eta LAPSE Mundaka taldea (dantza garaikidea), 20:00retan.