"Lope Alberdiren benetako museo bizia da Urdaibai"
'Urdaibaiko Soinuak. Lope Alberdi organogilea' erakusketa aurkeztu dute gaur [uztailak 21], Euskal Herria Museoan. Gautegiz Arteagan jaiotako organogile handiaren "memoria eta legatua" berreskuratzeko eta ezagutara emateko helburuz sortu dute ikerketa lan sakona eta luzea oinarri duen bilduma.
Gautegiz Arteagan jaio zen Lope Alberdi Rekalde (1868-1945), eta haren lanak ondare garrantzitsua utzi du Busturialdean. Organogile “handia” izan zen, eta bere “memoria eta legatua” berreskuratzeko eta ezagutzera emateko asmoz sortu dute Urdaibaiko Soinuak. Lope Alberdi organogilea erakusketa.
Itziar Larrinaga eta Benantzi Bilbao dira komisarioak, eta Larrinagaren berbetan, erakusketak Alberdiren figura eta obra berreskuratzeagaz batera, bere profesioa aldarrikatzen du. Izan ere, organogintza gaur egun “galtzeko arriskuan” dago: “Berreskuratze horretan, balioa sinbolikoa dauka Lope Alberdiren aurpegia gizarteratzeak; orain arte ez genekien zein zen bere itxura fisikoa, eta haren irudia berreskuratzeak balio sinbolikoa dauka, historiarentzat ia ezezaguna eta ikusezina izan zen funtsezko pertsonai bati ikusgarritasuna itzultzeko. Urdaibai Lope Alberdiren benetako museo bizia da”.

Gaur [uztailak 21] inauguratu dute Euskal Herria Museoan, eta bertan egongo da 2027ko urtarrilaren 10era bitartean. Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloaren 22. ekitaldiaren baitan aurkeztu dute; izan ere, organogile maisuari “merezitako omenaldia” egiteko topagunea ere bada aurtengo aldia.
Gaurko agerraldian azpimarratu dutenez, Alberdik eraikitako organo ugari gordetzen dira Busturialdean, eta, ondorioz, haren jatorrizko eskualdea “leku pribilegiatua” da bere obra berraurkitzeko. Gainera, kultura-ondare “berezi eta hauskor” hori zaintzearen eta transmititzearen garrantziaz eta musikari lotutako artisau-lanbideen balioaz hausnartzera gonbidatzen du bisitaria erakusketak. Aretoan dauden altxorren artean nabarmentzen da Bermeoko San Frantzisko elizan zaharberritzen ari diren organoan aurkitu duten altxorra: “Erakusketarako espresuki ekarri dira zaharberritzen ari garen organoaren tamaina handiko lau hodi eta beste hainbat pieza”.
Ikerketa lan “luzearen eta sakonaren” emaitza da bilduma, eta horretan aritu direnen beharra goraipatu dute. “Lope Alberdiri buruzko informazio gutxi egon da, eta ikerketa handi-handia egin dugu. Alberdi familiak 200-250 organo artean egin zituen; ziur ez dakigu, gehienak ez zirelako kontserbatu, tartean, 36ko gerran suntsitu zirelako. Katalunian ia 70 organo egin zituzten eta bakarrik bat geratzen da. Bilduma garrantzitsuena Bizkaian daukagu —hamabost instrumentu— eta bereziki, Urdaibain. Munduko bildumarik berezienetako bat daukagu hemen”, azaldu du Bilbao komisarioak.
“Bere bilduma garrantzitsuena Bizkaian daukagu, eta bereziki, Urdaibain”
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak esan bezala, Josep Maria Berengerrek diseinatutako erakusketak “beste begirada bat” eskaintzen du XIX. mendearen amaieraren eta XX. mendearen hasieraren arteko organogintzaren bilakaera ulertzeko aukera ematen duen ondare bati buruz. Dokumentu historikoen, argazkien, planoen, marrazki teknikoen, tresnen, materialen eta jatorrizko tresnen bidez, bisitariek artisau horren historia ezagutu dezakete. “Bere ibilbidean lorpen handiak egin zituen, baita gure lurraldetik kanpo ere. Ikerketak zehatz-mehatz berregin du haren bizi eta lanbide-ibilbidea”, zehaztu du Arrizabalagak. Izan ere, Bartzelonara joan, eta jarduera profesional “bikaina” garatu zuen eta, “horri esker, haren organoak Iberiar penintsulako hainbat herritara, Ameriketara eta Filipinetara iritsi ziren”.

Erakusketa-esperientzia aberasteko asmoz, berariazko hiru ikus-entzunezko ekoitzi dituzte, eta, gainera, museoko espazio berriak “deskubrituko” ditu bisitariak, horiek normalean erabiltzen ez diren txokoetan ikusgai baitaude. Horietako bik Alberdiren figuraren inguruan sakontzen dute, Busturialdeko hainbat elizatarako eraiki zituen organoak eta tresna horietako bakoitzaren berezitasunak azalduz. Beste ikus-entzunezkoak, berriz, organoaren funtzionamendura hurbiltzen du publikoa.
Hain zuzen ere, Larrinagak nabarmendu modura, organoaren balio-kate osoa biltzen du erakusketak, eta gainera, Alberdi familiaren “dimentsioa” berreskuratzen du, Antonio Alberdi organogileari “protagonismoa” itzuliz: “Orain arte, organista eta konpositore bezala ezagutzen genuen, eta erakusketa honetan, familia-lantegiaren jarraipena eta hurrengo belaunaldiak Lope Alberdiren ondareari egin zion ekarpena azpimarratzen da”.
Bestalde, erakusketaren edukietan sakontzeko asmoz, jarduera osagarrien programa zabala antolatu dute, “publiko ezberdinetara heltzeko”: kontzertuak, bisita gidatuak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta dibulgazio-jarduerak. Programazio hori uztailaren 12an hasi zuten; Alberdiren omenezko plaka ipini zuten Gautegiz Arteaga elizako arkupean, udalak babestuta. “Erakusketan dokumentazio lanaren emaitzaren parte bat daukagu, eta erakusketan dagoena osatzeko osatu dugu egitaraua. Ikerketan egin duten lana sinestezina da. Hain zuzen ere, museoan, gure lana da ikerketa sakon hauek zabaltzea”, azaldu du Leire Irazabal Euskal Herria Museoko zuzendariak.

Gaurko aurkezpenean eskerrak eman dizkiete Sergio del Campo eta Amagoia Lopez de Larruzeari ikertzaileei, Bilboko Elizbarrutiari, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboari, erakusketa osatzeko dokumentuak eta objektuak partekatu dituzten norbanakoei zein erakundeei, erakusketaren komisarioei eta Euskal Herria Museoko lantaldeari.
Bertoko altxorrak. Busturialdean dagoen ondareari balioa ematearen garrantzia nabarmendu du Bilbaok: “Busturialdean instrumentu honek eduki duen eboluzio guztia ikus daiteke, organo mekanikotik organo neumatikora. Hori museo bat edukitzea da. Kanpoko organoei balioa ematen zaie, baina gureei ez behar beste. Batzuetan ondarea galdu egiten dugu; Busturialdean ondare benetan itzela daukagu, eta horren adibide da Santa Eufemiako organoa; munduan hiruzpalau organo bakarrik daude piano-harpa barruan daukatenak. Busturialdean bi eduki genituen, eta bakarra mantentzen da”.
Larrinagaren hitzetan, organoek “komunitate baten historia” ere kontatzen dute: “Dokumentazioak erakusten du organoak Urdaibaiko herritarrek finantziatu zituztela, harpidetza herrikoien bidez, eta benetako herri-proiektuak bihurtu ziren. Organoa ez zen musika instrumentu hutsa; Urdaibaiko herrietako bizitza soziala, erlijiosoa eta kulturala nolabait egituratzen zuen elementua zen”. Horrenbestez, gogoratu du ondare hori zaintzea, instrumentuak zaintzea “baino asko gehiago” dela, eta erakusketak ondare materiala ez ezik, ondare immateriala babesteko beharra aldarrikatzen du: “Organoari lotutako ezagutzak, lanbideak eta transmisio moduak ere zaindu behar ditugu”.
Arrizabalagak adierazi du organoek “leku berezia” eduki dutela Bizkaiko kulturan eta gizarte bizitzan urteetan zehar, eta gaur egun ere, “iragana eta oraina lotzeko, memoria pizteko eta emozioak transmititzeko gaitasuna” daukatela.
Jardueren egutegia:
- Uztailak 25 (18:00): Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloaren barruko kontzertua, Gernika-Lumoko Mertzede-San Bartolome elizan.
- Abuztuak 13 (12:00): Bisita gidatua erakusketara eta Santa Klarako organora, Rodrigo Hernandezen eskutik (gaztelaniaz). Erreserbatu behar da.
- Abuztuak 13 (18:00): Órganos de Bizkaia, retos de conservación y futuro mahai-ingurua, Euskal Herria Museoan.
- Abuztuak 14 (10:00): Bisita gidatua erakusketara eta Santa Klarako organora, Rodrigo Hernandezen eskutik (gaztelaniaz). Erreserbatu behar da.
- Abuztuak 15 (20:00): Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloaren barruko kontzertua, Mundakako Andra Mariaren elizan.
- Irailak 25 (18:00): Erakusketako katalogoaren aurkezpena eta Bermeoko San Frantzisko elizako Lope Alberdi organoa zaharberritzeari buruzko hitzaldia.
- Urriak 3 (11:00): Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak: Alberdi organoak, guztion ondarea (erreserbatu behar da).
- Urriak 17 (11:00): Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak: Los órganos Alberdi, un patrimonio compartido (erreserbatu behar da).
- Azaroak 12 (17:00): Bisita zaharberritzen dagoen Bermeoko San Frantzisko elizako organora. Jarduera elebiduna. Erreserbatu behar da.
- Azaroak 21 (18:00): Óscar Rodríguez Pastoraren kontzertua.
- Abenduak 18 (18:00): Hauspo bete-betean umorezko bitartekaritza-jarduera, Itziar Saenz de Ojer-en eskutik.
- Urtarrilak 8 (18:00): Benantzi Bilbaoren kontzertua.