Erasorik gabeko eta plazerez beteriko "jai askeak" helburu dituen protokolo feminista
Gernikako Sare Feministak eta Enbatak osatu dute San Lorentzo eta Andra Mari eta San Roke jaietako erasoen kontrako protokolo feminista eta, erantzun antolatua beraiek bermatuko badute ere, norbanakoen erantzun autonomoak sustatzea dute misio. Horretarako hainbat baliabide prestatu dituzte
Hogei egun besterik ez dira falta San Lorentzo jaietarako eta lau gehiago, Andra Mari eta San Roke jaiak lehertzeko. Herritarrak zapia lepora lotu eta kamiseta zuria janzteko prest badaude ere, jaiak kolore morez jantzi nahi dituzte Gernikako Sare Feministak eta Enbata Gazte Feminista taldeak: “Morez jantzi nahi ditugu, feministok aurten ere jaiez gozatzear gatozelako!”, aldarrikatu zuten atzo [uztailak 21] arratsaldean jaietarako ondu duten eraso matxisten kontrako protokolo feministaren aurkezpen agerraldian. Beste urte batez jaiak aldarriz beteko dituzte feministek, “plazeretik lehen lerroa hartuz eta espazio seguru eta gozagarriak” eraikitzeko.
Herrietako jaiak “eraso matxista zein arrazistetatik salbu ez daudela” eta “figurazko indarkeria” horiek jasaten dituztenak “emakumeak, gorputz disidenteak eta gorputz arrazializatuak” direla salatu zuten ekitaldian: “Horrenbestez, espazio horiek ez dira toki seguruak askorentzat”. Egoera horrek erasoen prebentzioan zein osteko erantzunean autodefentsa feminista eta erantzukizun kolektiboa aldarrikatzera behartzen ditu feministak “etengabe” eta, horregatik, beste urte batez protokolo feminista martxan jartzea erabaki dute.
Aurtengo protokoloari dagokionez “apustu berezia” egin dute Gernikako Sare Feministako eta Enbatako kideek: herriko hainbat eragilegaz partekatu dute protokoloa horien atxikimendua lortzeko helburuagaz: “Hainbat eta hainbat izan dira atxikitu diren kultur, kirol zein mugimendu sozialetako eragileak”, eskertu zuten. Argi dute “denak” direla beharrezkoak erasorik gabeko eta plazeraz beteriko “jai askeak” bermatu ahal izateko. Halere, badakite aurten ez dutela udalerriko eragile guztiengana heltzeko aukera izan eta aurrerantzean ere bide horretan segituko dute, “protokoloa lau haizetara zabaldu eta atxikimendu sozial zabala izan dezan; herri protokolo feminista izan dadin”.
Erantzun antolatua.
San Lorentzo eta Andra Mari eta San Roke jaietan eraso matxisten aurkako erantzun antolatua bermatuko dute Sare Feministak eta Enbatak. Izan ere, jaietan erasoak salatzeko telefono zenbaki bat —611 38 23 92— eskaintzeaz gain, Brigada Morea ere antolatuko dute. Brigadako kideak txaleko morez jantzita joango dira, erraz identifikatu ahal izateko. Gauez egongo da martxan, 21:00etan hasi eta goizaldera bitartean: “Edozein eraso matxistari aurre egiteko prest egongo gara”.
Horrez gain, eraso matxistarik egongo balitz, horiei aurre egiteko edota kanporaketetan brigadakoekin batera parte hartzeko prest dauden emakume sarea ere osatu dute, bereizgarri gisa besoko morea eramango dutenak. Bestetik, “bigarren lerroan” jartzeko prest dauden emakumezko zein gizonezko aliatuak ere identifikatu dituzte eta horiek, beraien konpromisoaren isla izango den pegatina eramango dute. “Helburua argia da: erasorik ez erantzunik barik!”, aldarrikatu zuten.
Bat egiteko deia.
Era berean, emakumeei luzatu diete erasoen kontrako protokolo feministara batu eta “autodefentsa feministaren hautua” egiteko deia. Gizonezkoei zuzendutako mezua ere zabaldu zuten, “ardurak hartzeko” unea delako: “Uste dugu gizonek honetan guztian benetan ardura hartu behar dutela, eta aliatu feminista bilakatzeko bidea egiten hasi”. Bide horretan aurrera egiteko, Sare Feministak eta Enbatak gizonezkoekin ere hausnarketa saioak antolatu dituzte aurten.
Erantzun antolatua bermatuta ere, erasoen aurkako norbanakoen erantzun autonomoak sustatu nahi dituzte, baita autodefentsa feministarako eskubidea aldarrikatu ere. Badakite sarritan zelan jokatu behar den ez jakiteak eragiten duela erantzun eza, eta horretan lagundu eta jarrera aktiboak bultzatzeko, zelan jokatu argitzeko “hainbat baliabide” prestatu dituzte, besteak beste, esku orria.
Feministek argi daukate plazak, gauak eta jaiak beraienak direla; gozatzeko prest daude, eta erasotzaileei mezu argia helarazi diete: “Parez pare izango gaituzue”.