Uztaileko festa giroa luzatzera datoz Santiago eta Santa Ana jaiak
Karmen eta Madalen jaien lekukoa hartzera etorriko dira Santiago eta Santa Ana jaiak datorren aste bukaeran Busturialdeko hainbat txokotara. Herri bazkariak, kontzertuak, sukalki, tortilla eta paella txapelketak, mozorro desfileak... Eskualdeko bizilagunek hamaika hitzordu dituzte aurretik, jaiei jarraipena eman eta udako gau luzeez gozatzen segitzeko.
Uda hasieragaz sanjoanetarako prestatzen zeuden asko; begiak kliskatu dituztenerako, baina, dagoeneko atzean utzi dituzte ez bakarrik sanjoanak, sanpedro eta sankristobalak ere bai. Karmenetan murgilduta daude han eta hemen, eta konturatu orduko Madalen jaiak ere iragana izango dira. Edonola ere, uztailak badu zer eman oraindik, gaur zortzi Santiago Eguna izango baita, eta horregaz batera, Santiago eta Santa Ana jaiak biziko dituzte hainbat txokotan, tartean, Nabarnizen, Morgan, Busturian eta Kortezubin.
Morgan herriko jai nagusien atarian daude eta aurten, lehenengoz, Pataterrixe Kultur Elkarteak antolatu ditu: “Gazte, ez hain gazte eta adin ezberdinetako jendea gaude elkartean”, nabarmendu du Txaber Bilbao presidenteak. Hilaren 24an txupinazo eta kontzertuekin —Mixerabliak, 48280 eta DJ Zatza— lehertuko da festa udalerrian, eta hiru egunez ez du etenik izango.
Santiago Egunez Sukalki eta Mozorro Egunean batuko dira; aurten, Olinpiar Jokoak izango dute mozorrotarako gai. Sukalki txapelketa herri bazkaria egiteko aprobetxatuko dute, “denok batera egoteko”. Gainera, bazkalondoa arintzeko jolasak antolatu dituztela iragarri dute. “Jende asko hurbiltzen da jaietan, urtean barrena etortzen ez diren horiek ere etortzen dira egunotan. 100 lagunetik gora egongo gara bazkaltzeko, ziur”, azpimarratu du Bilbaok. Domekan, berriz, tortilla txapelketa, jolasak eta diskofesta izango dituzte egitarauaren erdigunean.
Kortezubitarrak izango dira akaso Santiago eta Santa Ana jaiak ospatzen goiztiarrenak, Kortezubiko XIX. Mendi Martxan batuko baitira bihar. Hitzordu hori igarota, hilaren 24an txupina botata emango diete, baina, hasiera ofiziala udalerriko jai nagusiei. Tortilla txapelketa izango dute aurten ere arratsaldean batzeko aitzakia, eta musika ezin denez falta, Urdaibaiko Organoak-Joxe Mari Egileor musika zikloaren barruko emanaldia hartuko dute, Francisco Egido eta Jesus Perez organo joleez gozatuz. DJ saioagaz jarraituko dute gero.
Zapatuan, Santiago Egunez, ume eta gazteen euskal dantza taldeak emanaldia eskainiko du plazan, esku pilota partiduak ikusteko frontoira lekualdatu aurretik. Gaua, berriz, “tropikala” izango dela zehaztu dute, Txapela Brava, DJ Barbi eta DJ Dominena izango baita oholtza.
Santa Ana Egunez, ordea, Sustabiz Fundazioaren eskutik, herri kirol saio parte hartzailea izango dute aukeran. Herri bazkarian batuko diren eguna ere izango da domekakoa; umeen txanda izango da 14:00etan, eta helduena, berriz, 15:00etan. EinGo taldeak bazkalostea girotuko eta, iluntzean, bingo musikatuagaz agurtuko dituzte aurtengo jaiak.
Lekerika auzoa izango dute nabarniztarren Santiago Egunez eta, egun bakarreko jaia bada ere, nola ospatu badakitela erakusteko prest daude: “Ospe handiko jaia izan da urte luzez, eta beste hainbat herri txikitan ermitetan egiten diren bezala, azken urteetan gainbehera txikia izan badu ere, nahiko onarpen ona izaten jarraitzen du”, azpimarratu dute udaletik. Izan ere, inguruko herrietatik “nahikoa jende asko” bertaratzen da. Horregatik, eguerditik iluntzera arteko egitaraua prestatu dute.
Lekerika auzoak sukalki eta paella txapelketak hartu ditu jaiotan, baina azken urteetakoari jarraipena emanez, arroza izango dute aurtengoan osagai nagusi. Azken urteetan “bataz beste dozena bat paella” aurkeztu dira, kuadrillen artean onarpena izaten jarraitzen duenarren seinale. Hala, aurten ere sukaldari trebeenaren bila arituko dira. Kozinatu bitartean, baina, umeek ere izango dute entretenimendua, puzgarri parkeagaz. Behin paellak dastatuta, herri kirol erakustaldia ikusteko batuko dira eta, 19:30etik aurrera, erromerian elkartuko dira Joxe Mendizabalekin dantza eta kantuan ibiltzeko.
Haria eten barik.
Iragan asteburuan sankristobalak eta datorrenean, Santiago eta Santa Ana jaiak. Udari emateko duen guztia zukutzekoak dira Busturian, eta hala egingo dute hilaren 24tik 26ra bitartean, Axpen. Pala txapelketa eta Busturiko I. Zesta-punta txapelketako finalak lehiatuko dituzte barikuan, kuadrillen jaitsieran batu aurretik. Zapatuan, berriz, Irrintzi Alai Dantza Taldekoek emanaldia eskainiko dute eguerdian, eta iluntzean Goyo Zirkua ikusteko aukera izango dute. Gauari musika jarriko diotenak Kaos Etiliko eta DJ Jaikide izango dira.
Santa Ana Egunez, berriz, Sukalki Txapelketan trebeena nor den ezagutuko dute. Gainera, Busturialdeko Harrijasotzaile Txapelketa eta Bizkaiko Lasto Altxatzea ere lehiatuko dituzte.
EGITARAUAK, HERRIZ HERRI
BUSTURIA (AXPE)
Uztailak 24, barikua.
12:00. Pala Txapelketa, Itxasalde Kirol Taldeagaz.
17:00. Zesta-punta finala.
20:30. Kuadrilla jaitsiera, Elizpetik hasita, Batikunba Batukadagaz.
22:30. La Oreja De Van Gogh taldearen tributua.
Ondoren. Disko-festa Bilsound.
Uztailak 25, zapatua.
11:00. Kalejira, herriko txistulariekin.
12:00. Meza nagusia.
Ondoren. Irrintzi Alai Dantza Taldea.
Ostean. Trikitixa tabernaz taberna, Etxebarria Trikitilariekin.
17:00. Esku pilota partiduak.
20:30. Goyo Zirkua, Axpeko frontoian.
23:00. Kaos Etiliko.
Ondoren. DJ Jaikide.
Uztailak 26, domeka.
11:00. Kalejira herriko txistulariekin.
11:30. Meza nagusia, Arrotegi Egoitzan.
Ondoren. Irrintzi Alai Dantza Taldea Arronategi Egoitzan.
12:00. Sukalkirako izen ematea.
13:00. Josepa Kale-Kale.
14:30. Sukalkiaren aurkezpena eta sari banaketa.
18:00. Busturialdeko Harri Jasotzaile Txapelketa eta Bizkaiko Lasto Altxatzea.
20:00. Organo kontzertua, Axpeko elizan.
Uztailak 26, domeka
17:00. Umeen parkea, Ispiluetan.
19:00. Idi probak.
21:00. Jaia amaitzeko, txokolatea.
KORTEZUBI
Bihar
Goizean. XIX. Kortezubiko Mendi Martxa. Ibilbide luzea (20 kilometro) eta laburra (10 kilometro) aukeran.
Uztailak 24, barikua
18:00. Txupinazoa.
18:00. Tortilla txapelketa.
19:30. Tortillen aurkezpena eta sari banaketa.
20:00. Urdaibaiko Organoak: Santiago Apostulua elizan, Francisco Egido tenorea eta Jesus Perez armonioa.
21:00. Joseina Etxeberria DJa.
Uztailak 25, zapatua
Egun guztian. Santiago Tropikala jaia. Mozorroak eta askoz gehiago.
10:30. Meza Santua, Artiako abesbatzagaz.
12:00. Kortezubiko ume eta gazteen euskal dantza taldeak.
13:00. Esku pilota partiduak.
18:00. Umeentzako jolas tropikalak eta buruhandiak.
21:00. Gau tropikala: Txapela Brava eta DJ Barbi + DJ Domin.
Uztailak 26, domeka
10:30. Meza santua.
10:30. Jardunaldi parte hartzailea, Sustabizen eskutik.
14:00. Umeen herri bazkaria.
15:00 Nagusien herri bazkaria.
16:00. Umeen jolasak.
Bazkal ostean. EinGo Taldea.
19:00. Bingo musikala eta jaien amaiera.
MORGA
Uztailak 24, barikua
20:00. Txupinazoa eta poteo musikatua.
22:00. Kontzertuak: Mixerabliak, 48280 eta DJ Zatzaz.
Uztailak 25, zapatua
Egunez. Mozorro eguna. Aurtengo gaia: Olinpiadak .
12:30. Meza Meakaurren.
Gero. Trikitilariak.
14:00. Sukalki txapelketa.
Ondoren. Bazkaria.
17:30. Bingoa.
Gero. Sukalki txapelketako sari banaketa.
Jarraian. Mozorrorik onenaren sari banaketa.
20:00. Taloak.
Azkenik. Musika: EinGo eta Errota.
Uztailak 26, domeka
12:30. Meza, Meakaurren.
Gero. Trikitilariak.
13:00. Tortilla txapelketa.
17:00. Umeen jolasak.
20:00. Txokolatada eta errifen zozketa.
NABARNIZ (LEKERIKA)
Uztailak 25, zapatua
12:00. Meza.
Ostean. Txantxiku txapelketa.
14:00. Puzgarri Park arratsaldera arte.
14:30. Paella aurkezpena.
18:00. Urtza herri kirol erakustaldia eta jokoak.
19:30 Erromeria Joxe Mendizabalegaz.