Busturiko I. Zesta-Punta Txapelketa "indartsu" abiatu dute
Argazkia: Busturiko I. Zesta-Punta Txapelketa. Ekainaren amaieratik uztailaren akabura bitartean, Busturiko Axpe auzuneko pilotalekua zesta-puntaren harrobiaren topagune bihurtuko da. Lehendabiziko aldiz, Busturiko Zesta-Punta Txapelketa antolatu dute, “haur eta gaztetxoei” zuzenduta; ekimena biharko puntistei “ondo pasatu, lehiatu eta ikasteko” plaza ematea da, eta haren atzean daude Gernika Jai Alai Zesta Eskola, Busturiko Udala eta Herri Txiki Jai Alai Tour zirkuitua, eskualdeko “hainbat enpresa, erakunde eta tokiko saltokirekin” batera.
Bost geltokiko txapelketa atondu du antolakuntzak. Lehen lau jardunaldiak domekaz jokatuko dituzte; horietatik azkena finalaurrekoak izngo dira. Finalei dagokienez, uztailaren 24an, barikuz, lehiatuko dituztela aurreratu dute. Finala orduko hitzorduak 10:00etan hastea da asmoa, eta azken geltokia, berriz, 17:00etan abiatzea. Zesta-puntarekiko “zaletasuna sustatzea, kirol lor horren etorkizuna indartzea eta eskuldeko nahiz inguruko eskola zein pilotariei elkar ezagutzeko aukera ematea” oinarri nagusiak izanik, hiru mailatako puntista gazteak hartuko ditu lehiak: benjaminak eta kimuen A zein B kategoriak.

Argazkia: Busturiko I. Zesta-Punta Txapelketa.
Parte hartzaileen jatorria ere ardatz du egitasmoak. Izan ere, bai Busturialdeko, bai Lea-Artibaiko hainbat eta hainbat txokotatik bertaratuko dira: Busturia, Gernika-Lumo, Mendata, Muxika Errigoiti, Bermeo, Ziortza-Bolibar, Markina-Xemein, Berriatua zein Mutrikutik.
Iragan domekan [ekainak 28], “jarraipen polita” eduki zuen txapelketaren estreinaldiak. Lehenengo jardunaldiak “ehun lagun inguru” elkartu zituen harmailetan, eta giroa “apartekoa” izan zen. Guztira, ordu erdi inguruko zortzi partidu jokatu zituzten. Emaitzak bigarren mailako kontua izanagatik ere, haietako askotan kalitatezko ñabardurak eta joko polita ikusi ahal izan zirela azpimarratu dute.
Lehen zitako emaitzak.
Liher-Oinatz bikoteak 21 eta 25 irabazi zion Aimar-Peiori; Elene-Hodeik 25 eta 12 Iker-Iani; Jon-Ametsek 25 eta 18 Joanes-Ikerri; Ibai-Enekok 25 eta 23 Salguero-Juneri; Zuhaitz-Eñautek 25 eta 12 Salguero-Izeiri; Guarrotxena-Xabierrek 25 eta 18 Haizean-Aiert-Aiurri; Uxue-Markelek 25 eta 15 Luken-Telmori; Telmo-Enekok, azkenik, 25 eta 16 Paul-Aiurri.

Argazkia: Busturiko I. Zesta-Punta Txapelketa.