Kortezubi martxalarien epizentro bihurtuko da, hemeretzigarrenez
XIX. Kortezubiko Mendi Martxan bilduko dira, zapatuan. Gure Arbasoen Herria Kultur Elkarteak antolatzen duen ekimenean bi ibilbide egongo dira aukeran: luzea (20 kilometro) eta laburra (10 kilometro).
Argazkia: Gure Arbasoen Herria Kultur Elkartea Hemeretzigarrenez bihurtuko da Kortezubi kirolarien eta martxalarien epizentro. Izan ere, XIX.Kortezubiko Mendi Martxan elkartuko dira herritarrak eta ingurukoak, zapatuan (uztailak 18), goizean zehar. Gure Arbasoen Herria Kultur Elkarteak antolatzen du urtez urteko martxa, Kortezubiko Udalaren laguntzagaz, eta nahiz eta azken urteetan “mekanikoki” antolatzen duten ekimena, atzetik dagoen guztia goraipatzeko modu bat gisa hartzen dute elkartekideek, eta zelan ez, urte guzti horiek balioan jartzeko modu gisa.
Hasierako urteetan mendi martxek nolabaiteko boom-a izan zuten, eta hainbat pertsona biltzen ziren han eta hemen antolatzen ziren ekimenetan. Antolatzaileek nabarmendu dute, ordea, aldaketa nabari izan dela: “Jada boom hori jaitsi egin da, eta esaten da ez dela hainbeste jende ikusten mendi martxetan”. Baina Kortezubin pozik daude, ze, ez dute jaitsiera hori gehiegi nabari: “Urtez urte 300 pertsona inguru biltzen gara. Gainera, iaz inoizkorik jende gehien bertaratu zitzaigun. Oso pozik gaude”.
Hala nola, bi ibilbide desberdin eskainiko ditu Kortezubiko Mendi Martxak, beste urte batez: laburra eta luzea. Ibilbide luzea egin nahi dutenek, 20 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, San Migel Ereñozarrera heldu arte. Antolatzaileek jakinarazi dute 8:30etan abiatuko direla bertarantz. Ibilbide laburraren hautua egin dutenek, ostera, 10 kilometro inguruko ibilbidea izango dute aurretik, eta 10:30ean abiatuko dira.
Berebizikotzat dute Gure Arbasoen Herria Kultur Elkarteko kideek bi ibilbideen bereizpen hori, halaber: “Jendeak uste du mendi martxetara oso prestatuta doazenak soilik joaten direla, eta gurean, behintzat, ez da horrela. Alegia, ibilbide laburra arrakastatsuagoa izan ohi da luzea bera baino, ze txikienentzako aproposagoa izaten da, eta askok eta askok familian egiteko plan gisa hartzen dute Kortezubiko Mendi Martxa”.
Giroa berotzen
“Giro aparta” espero dute antolatzaileek aurtengoan ere, eta adierazi dute ibilbide guztian zehar musika, anoa postuak eta sariak egongo direla, giroa berotzen laguntzeko. Gogoratu dute, gainera, barikura arte egongo dela mendi martxara apuntatzeko aukera: “Barikura arte eskuratu daitezke ticketak Kortezubiko Herriko tabernan eta udaletxean. 14 urtez azpikoek 6 euro ordaindu behar dituzte, eta gainontzekoek 8 euro. Hala ere, egunean bertan ere apuntatzeko aukera egongo da, 10 euroren truke”.
Gauzak horrela, Gure Arbasoen Herria Kultur Elkarteak animatzeko deia egin diete udalerriko zein eskualdeko herritarrei, “giro polita” egongo dala esanez. “Uste dugu benetan merezi duen goiza bizitzeko aukera izan daitekela zapatuko mendi martxa, eta guk, eskuak zabalik hartuko dugu parte hartu nahi duen edonor”, azpimarratu dute.