Tradizioa eta jai giroa 'Alkartasunien ospatuz'
Madalen Eguna heltzear dago, eta Bermeoko Udalak, aurten, herriko lau talderen urteurrenak omenduko ditu, 'Alkartasunien ospatuz' izeneko teilagaz. Mendatako Albiz auzoan ere izango dute zer ospatu.
Gaur aurkeztu dituzte Madalen Eguna eta Baztarreko jaiak. Uztailaren 22a iristearekin batera, eskualdeko zenbait herri jai giro berezi batez janzten dira. Madalen Eguna ez da egutegiko ospakizun hutsa; belaunaldiz belaunaldi transmititu den tradizioa, nortasunaren adierazpena eta herritarren arteko elkargunea da. Musikak, kalejirak, ekitaldi herrikoiek eta ohitura zaharrek eskualdeko herriak bizitasunez betetzen dituzte, iragana eta oraina uztartuz. Hala nola, nahiz eta Bermeo, Mundaka eta Elantxobe izango dira jaiaren epizentro, Mendatan ere izango dute zer ospatu.
Bermeotarrak mahonak armairutik ateratzeko irrikitan daude, ze, eurentzat “urteko hitzordu berezienetako bat” da Madalen Eguna, udal ordezkariek esan dutenez. Hala, herriak bere historiarekin bat egingo du eguaztenean, itsasoa bitartekari gisa edukita: Bermeoko Udalak aurten ere Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak berretsiko ditu, teila uretara bota bitartean hain ezaguna den esaldia lau haizetara aldarrikatuz: “Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak”.
Tradizioak bizirik dirau, eta hori ere ospatuko dute, zelan ez. Urtero itsasora erortzen den teilak “udalerriko mugak zehazteko baino gehiagotarako balio” duela adieraziz, aurtengo teilak esanahi berezi bezain herrikoia duela nabarmendu dute. Herri baten memoria eta nortasuna goraipatuz, aurten urteurrena ospatzen duten herriko lau talde omendu nahi izan ditu Bermeoko Udalak: “Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrena, Bermeoko Abesbatzaren 70. urteurrena eta Benito Barrueta Arte Elkartearen 75. urteurrena gogoan izango ditugu aurtengo Madalen Egunean”.

Omenduak izango diren elkarteetako kideak, teilagaz.
Hala nola, herriari egiten dioten ekarpen kulturala lehen lerroan jarri nahi izan du udalak, eta Benito Barrueta Arte Elkarteko kide den Rosa Mari Gabantxoren esku utzi du aurtengo teila. Alkartasunien ospatuz izenpean, eta margo akrilikoak erabiliz, herriko taldeen batasuna azpimarratu du Gabantxok, teilan. Omenaldia, baina, ez diote teila eran soilik egingo. Hain zuzen ere, udalbatzak adierazi du lau talde horietako ordezkariak udal korporazioagaz batera egongo direla itsasontzian, “Madalen Eguneko protokoloa bertatik bertara ezagutzeko”.
Ohi legez, eguna Kankinkabara Txistu Taldearen kalejiragaz hasiko dute. Udalbatza 11:45ean batuko da Goiko Plazan, Alkate soinua entzun eta Madalen zortzikoa-ren erritmora porturantz abiatzeko. Itsas jaia 12:00etan hasiko da. Aurten ere, udalak herritarrei eskaini die udal ordezkariekin itsasontzian joateko aukera, eta hamazazpi izango dira ontziratuko direnak. Elantxonbera iristean, “denek batera” Alkartasuna Dantza Taldearen eskutik, aurreskua dantzatuko dute. Elantxobetik Mundakara joango dira arratsaldean, gero berriro Bermeora heltzeko. Goiko Plazarako ibilaldia, berriz, Betijai fanfarriagaz egingo dute.
Baztarreko jaiak
Eta zelan ez, egun handirako giroa berotzeko, bezperan Baztarreko jaiak antolatu dituzte, beste behin, Baztarreko Katuek, Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz. Antolatzaileek esan dute egun osoko egitarau borobila antolatu dutela, adin guztietako herritarrengan pentsatuz. Aldarrikapenetarako tartea ere hartu dute, oro har: “Garrantzitsua da bai Baztarre, zein Bermeoko Alde Zaharra bermeotar jende gaztez betetzea. Belaundaldiz belaunaldi jai honek ospatzearen tradizioagaz jarraitu nahi badugu, ezinbestekoa da herri eta auzo sentimendu hori duten bertoko gazteak atzetik etortzea”.
Gauzak horrela, 10:00etan ekingo diote festari, txikienentzako ekintzekin. Egunak aurrera egin ahala, ordea, nagusiagoentzako ekintzak prestatu dituzte, eta zelan ez, egunari amaiera emateko kontzertu bi aurreikusi dituzte; Mikosis eta Ezta Ilen.

Nadia Nemeh Shomaly, teilagaz.
Madalen Egunaren atzean dagoena
Bermeoko Udaletik esker oneko hitzak izan dituzte Madalen Eguna posible egiten duten pertsonekin: “Herritar asko jaiaz gozatzen ari diren bitartean, beste askok lanean jarduten dute dena ondo atera dadin”.
Halaber, Madalen jaietan “adin guztietako bermeotarrek eta kanpotik datozenek festarekin eta tradizioarekin gozatzeko aukera” izango dutela nabarmendu, eta pertsona guztiak gonbidatu dituzte bermeotarrentzat “hain garrantzitsua” den egunean parte hartzera.
Gonbidapena luzatzeagaz batera, baina, segurtasuna eta errespetua eskatu dute, udaletik ezarritako neurriekiko eta batez ere, herriaren ondarearekiko. Azkenik, Bermeoko Udaleko ordezkariek ozen eta argi esan dute jai seguruak nahi dituztela, eta ez dutela inongo erasorik onartuko.
Mendatan, Albizen
Mendatako Albiz auzoan ere ospatuko dituzte Madalen jaiak. Bihar iluntzean bakailao janean batu aurretik, Mus Txapelketagaz ekingo diete ospakizunei. Gaua, berriz, Obieta erromeriak alaituko du. Etzi, bestalde, herri bazkarian bilduko dira auzotarrak, eta arratsaldean ez da Briska Txapelketa faltako. Madalen egunez ere bilduko dira, meza entzunez eta trikitilariek alaitutako poteoagaz. Jaiak bolandera eta kanpai hotsekin agurtuko dituzte.
EGITARAUAK
BERMEO
Uztailak 22, Madalen eguna.
Goizean. Kalejira, Kankinkabara txistu taldeagaz.
11:45. Udalbatza Goiko Plazatik porturantza, kalejiran.
12:00. Itsas jaiaren hasiera.
12:30/15:00. Taberna Ibiltaria, kalez kale.
13:00. Elantxobera ailegaera.
17:30. Udalbatza Elantxobetik Mundakara joango da.
19:30. Bermeora heldu eta kalejira, Betijai fanfarriagaz.
Ondoren. Betijaigaz jaitsiera, San Migeleko eskaileretaraino.
MENDATA (ALBIZ)
Bihar.
17:30. Mus Txapelketa.
21:00. Bakailao jana.
22:00. Obieta erromeria.
Etzi.
13:00. Eingo taldea.
14:30. Herri bazkaria.
18:30. Briska Txapelketa.
Uztailak 22, Madalen eguna.
12:00. Meza.
13:30. Trikilariak eta barra.
Busturialdeko Mankomunitateak sustantzien kontsumoaren arriskuen prebentzio eta murrizketa esku hartzea antolatuko du Elantxoben
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak sustantzien kontsumoari lotutako arriskuen prebentzio eta murrizketa esku-hartze puntuala antolatu du, estreinakoz, Madalen Egunerako. Hala nola, adierazi dute 12:00etatik 15:30era Elantxobeko portuko sarreran egongo direla.
Esku hartze hauen helburu nagusia mota ezberdinetako substantzien kontsumoak izan ditzakeen arriskuei buruz sentsibilizatzea eta arriskuak murriztea eta kontsumo arduratsua bultzatzea dela azaldu dute, gainera, mankomunitatetik. 3 ordu eta erdiko tartean, informazioa, material suntsikorra eta substantzia desberdinak aztertzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, beti ere anonimoki eta konfidentzialki.
Ekimena Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren diru laguntzari esker gauzatuko du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Ai Laket elkartearen bidez, eta nabarmendu dute esku hartzeak dinamizatuko dituzten profesionalak gizarte arloko eta mendekotasunen arloan forakuntza zabala duten langileak izango direla.