Errementa Armaidxue: "Harro bizi nahi dugu, ez belauniko"
Errementa Armaidxue taldeko kideek elkarlanean margotutako murala erasotu dute. Taldea "nazkatuta, nekatuta, haserretuta eta kezkatuta" agertu da azkenaldian jasandako erasoen aurrean.
Errementa Armaidxue (@errementa_armaidxue) taldeak duela ia bi urte hasi zuen bidea, Bermeoko LGTBIQ+ kolektiboko pertsonak elkartu, saretzeko espazioak sortu eta komunitatea indartzeko helburupean. Hainbat izan dira helburu hori lortze aldera antolatu izan dituzten ekimenak. Izan Queer poteoa, zein Harrotasunaren asteburua, taldeak argi utzi du Bermeo “guztiontzako herria” izatea nahi dutela: “Bermeo errespetuz eta askatasunez bizitzeko aukera izango dugun herria izatea nahi dugu”.
Nahiz eta herritar gehienen taldearekiko erantzuna oso ona izan den eta oso babestuak sentitu diren, Errementa Armaidxue taldeak salatu du azkenaldian “hainbat eraso homofobo eta jarrera faxistarekin” egin dutela topo herrian. “Kaletik eskutik helduta joatearren ohiu eta irainak entzun behar izan ditugu, ‘Txosna Batzordie marikoiek’ bezalako pintadak irakurri, gure pankartak apurtuta topatu, eta azkenik, guk sortutako murala erasotuta ikusi”, azaldu dute.
Izan ere, Bermeoko Irakaskintza Kalean mural bat margotu berri dute taldeko kideen artean, Atara lumie eta bizi harro lelopean: “Gure aldarrikapenaren, ikusgarritasunaren eta askatasunaren isla zen mural hori”. Iragan asteburuan, baina, murala erasotu zuten: “Norbaitek ‘harro’ hitzagaz jolastu eta ‘arrodillas’ hitza gehitu du muralean, belauniko egotera kondenatu nahi gaituztela adieraziz”.
Horren aurrean, taldekideek argi esan dute ez dutela atzera egingo, eta gertakari “bereziki larria” dela salatu dute. “Ez da hitz-joko huts bat. Belauniko bizitzea, makurtzea eta besteen mespretxua onartu behar izatea irudikatzen dute muralean agertu diren pintadek. Gorrotoaren eta gutxiespenaren adierazpen garbia da gertatutakoa. Guk, ordea, ez dugu belauniko bizi nahi. Ez dugu beldurrez bizi nahi. Ez dugu gure herriko kaleetan gure burua neurtu behar izan nahi, ezta maite dugun pertsonari eskua emateko atzera begiratu ere. Kaleak guztionak dira, eta guk ere badugu kalean libre eta harro bizitzeko eskubidea”, azpimarratu dute.
Gauzak horrela, kezkatuta agertu dira Errementa Armaidxue taldeko kideak. Kezkatuta, azkenaldian gizartean zabaltzen ari den jarrera faxista, autoritario eta homofoboen aurrean, batik bat. Gaineratu dute, halaber, azken gertakariaren, edo antzerako beste hainbeste gertakariren aurrean orain arte lortutakoa defendatzen jarraitzea ezinbestekoa dela: “Aurrerapausoak eman ditugula pentsa genezake, baina gertakari hauek erakusten digute eskubideak ez direla behin betiko irabazten, eta lortutakoa defendatzen jarraitu behar dugula”.
Eragin handia
Tankera horretako gertakari oro gaitsetzi ditu, beraz, taldeak. Eta esan dute gorroto-mezuak ez direla txantxak; ez direla bihurrikeriak, eta zelan ez, ez direla iritzi-adierazpen hutsak. “Gure bizitzetan, gure segurtasunean eta gure askatasunean dute eragina”, arrazoitu dute.
Errementa Armaidxuek eta LGTBIQ+ kolektiboak jasandako erasoek, baina, ez dituzte isilduko, eta argi adierazi dute elkartzen, borrokatzen, ospatzen, aldarrikatzen eta euren lekua hartzen jarraituko dutela: “Gure murala erasotu dute, baina ezin dute haren atzean dagoen ideia ezabatu”.
Hori guztia kontuan izanik, herritarrei dei egin dio taldeak: “Ez gaitezen isilik geratu horrelako erasoen aurrean. Gorrotoaren aurrean, elkartasuna. Ez da soilik LGTBIQ+ kolektiboaren borroka; guztion bizikidetzaren eta eskubideen aldeko borroka baizik”. Horrez gain, luma ateratzeko eta harro bizitzeko gonbidapena ere zabaldu dute: “Ezta belauniko, ez isilik, ezta pauso bat atzera ere”.