Errementa Armaidxuek kolektiboko bikote batek jasandako eraso homofoboa salatu du
Errementa Armaidxue Bermeoko TransMariBiBollo plataformak aditzera eman duenaren arabera, abuztuaren 13an, kolektiboko bikote batek irain homofoboak jasan zituen kaletik “eskutik helduta joatearren”. Herrian “libre bizitzeko” eskubidearen alde eginez eta tankerako “erasoaldi LGTBIQ+fobikorik onartuko ez dutela” azpimarratuta, plataformakideek irmoki salatu dute eraso hori.
Azaldu dutenez, herritar biek jasandakoa hitzezko erasoaldia izan zen, alegia, biolentzia fisikorik gabekoa: “Edozelan ere, egunero jasan behar izaten ditugun denetariko biolentzia mota normalizatuen isla da, eta horrelakoek geure artean ez dute inongo lekurik”. Erasotzaileei “beldurrik ez dietela” adierazi die plataformako partaideek, are gehiago, ate joka dauden Andra Mari eta San Eufemia jaien atarian: “Jai aldartean, normalean, areagotu egiten dira pareko jarrerak, baina ez ditugu inondik ere onartuko”.
Hainbat dira plataformari sare sozial bidez beren babesa eman dieten herritarrak zein erakundeak; hain zuzen, Bermeoko Udalak ere erasoaldia salatu eta gaitzetsi du.