"Urdaibai espekulazioaren eremu bihurtu nahi dute agintariek"
Etxebizitzaren auziari "buelta emateko", langile klase "antolatua eta indartsua" behar dela azpimarratu dute arratsaldeko manifestazioetan. 'Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez!' lelopean, kalera atera dira Bermeon zein Gernika-Lumon.
LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea (EHESS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrean, Bermeon eta Gernika-Lumon manifestazioan atera dira arratsaldean, Etxebizitza eskubidea bermatzeko, espekulazioari ez! lelopean. Etxebizitza politikak “errotik aldatzea” eta egiturazko neurriak ezartzea eskatu, eta irakurketa orokorraz gain, bertoko errealitateari erreferentzia egin diote.
Gernika-Lumoko mobilizaioan, Busturialdean gertatzen ari den negozio turistikoaren hedapena salatu dute. Negozio horrek lan baldintzen okertzean zein urdaibaiko ekosistemetan daukan “inpaktua handia” dela adierazi dute, eta “bereziki etxebizitza problematikan sakontzen” duela: “Urdaibai espekulaziorako eremu bihurtu nahi dute agintariek. Horren bultzatzaile nagusia da EAJ, eta orain, hauteskundeen testuinguruan, Gernikarako tasa turistikoa proposatu izana hipokresia hutsa da; izan ere, bera izan baitzen Guggenheim proiektua inposatu nahi izan zuena hemen”. Guggenheimekin egin bezala, turistifikazio prozesu guzti horri ere aurre egingo diotela aldarrikatu dute.
Bermeoko manifestazio amaieran gogoratu dute udalerrian 310 etxebizitza turistiko daudela, eta horrenbestez, horrek erakusten duela etxebizitza-eskubidea izatetik urrun, “negoziorako iturri” bihurtu dutela: “Urdaibai Rentals, Busturialdeko turismo-ostatuen kudeatzaile handiena, seinatatzea ezinbestekoa da, horrelakoak baitira etxebizitzarekin espekulatu eta negoziorako mugatzen dituztenak”. Horren guzti horren aurrean, etxea “babesleku” izan behar dela argi daukate.

Etxebizitza langile klasearen pobretzearen arrazoi nagusienetako bat dela azpimarratu dute herriz herriko deialdietan: “Euskal Herrian argi ikusten dugu: prezioek gora egiten dute, bizitegi erabilerarako etxebizitzen kopurua murrizten ari den bitartean, etxegabetzeak ugaritzen ari dira eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak murrizten. Balantzaren alde batean pobrezia, eskubide ekonomiko eta politikoen murrizketak eta ziurgabetasuna pilatzen dira. Beste aldean, espekulatzaile eta errentadun gutxi batzuek inoizko irabazirik handienak pilatzen dituzte”.
Ozen esan dute etxebizitzaren auzia hartzen ari den bidea “ez dutela onartuko”: “Etxebizitzaren arazoaren errudunak espekulatzaileak, errentadun, higiezin enpresak eta haiek defendatzen dituzten politikariak dira, ez etxebizitzaren arazoa gehien pairatzen dutenak”. Beraz, euskal langile klasea “batzearen beharra” azpimarratu dute: langile klasearen interes komunen alde eta espekulatzaileen kontra. Betiere etxebizitzaren arazoaren “alderik gordinena” jasaten duten subjektuen egoera erreferentziatzat hartuta: “Indarkeria matxista jasaten duten emakumeek, etxebizitza izateko eskubidea bermatuta ez dutenez, askotan erasotzaileekin bizitzen jarraitu behar dute; sexu genero disidenteek, etxetik kanporatuak izateko arrisku gehiago dute eta higiezinen merkatuak etengabe diskriminatzen ditu; babesik ez duten eta emantzipatu ezin diren gazte langileek; edo higiezinen agentzien eta etxejabeen irizpide arrazista eta klasistak pairatzen dituzten pertsona arrazializatuek eta migratuek”.
Espekulatzaileen eta errentadunen negozioetan jarri dute fokua, baita “hauen zerbitzura” dauden erakunde publiko eta alderdi politikoetan ere: “Erantzukizun politiko eta instituzional guztiak seinalatu behar ditugu. Alde batetik, eskuineko alderdiak ditugu, PP, UPN eta EAJ, espekulazioa bultzatzen duten politikak ezkutatu gabe sustatzen dituztenak eta kapitalaren agenda erreakzionarioaren mesederako politikak aplikatzen dituztenak. Bestetik, PSOEren gobernua dugu, egoera errotik aldatzeko ezer egin ez duena, errentadunen eta enpresaburuen interesak ordezkatzen dituen heinean”.
Beraz, kolektiboki antolatzeko deia egin zuten: “Langile klase antolatu eta indartsua behar dugu. Antolakuntzaren eta borrokaren bidez soilik lor daitezke gauza handiak”.