Etxejabe handi baten Bermeoko etxebizitza turistiko batean sartu dira LAB Sindikatuko kideak
Greba orokorraren bezperetan, “etxejabe handi baten” Bermeoko etxebizitza turistiko batean sartu dira LAB Sindikatuaren zenbait militante, EAJri “presioa” egiteko helburuagaz. Hain zuzen ere, bihar Madrilen EAJ alokairu mugagabeen alde bozkatzera “bultzatzeko” presioa egiteko modua dela azaldu dute: “EAJren gertukoa den enpresari batena da hartutako etxebizitza turistikoa, Urdaibai Rentals enpresak kudeatzen du, eta alderdi horri eskatzen diogu ez dezala berriro ere Madrilen maizterren aurka bozkatu. Ekintza honen bidez, jeltzaleen benetako interesak zein diren erakutsi nahi izandugu; izan ere, etxejabe txikien alde egiten dutela esaten badute ere, alokairu mugagabeen aurka bozkatzen dute, errentisten sare izugarria sustatu eta elikatu dutelako hamarkadetan, eta haiei zor zaielako alderdia”.
Sindikatukoen arabera, milaka pertsona dira aldiro euren etxebizitza utzi behar izateko “beldurrez” bizi diren maizterrak, eta hori ez da “onargarria”. Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrean bihar bozkatuko diren neurriak “adabakiak” dira euren ustez, baina, hala ere, maizter horien ziurgabetasun eta zaurgarritasun egoera arintzeko balio dezakete.
Jakinarazi dute ez dituztela etxe horretako giltzak itzuliko EAJk alokairu mugagabeen alde bozkatu ezean, eta gaurko grebalarientzako “gune irekia” dela, horiek “atsedena eta indarra hartzeko”.
Sindikatuaren ordezkariek salatu dute bizitzeko balio behar luketen etxe horiek “negozioa egiteko bahituta” daudela, negozioa egiteko: “Hainbat albisteren arabera, Urdaibai Rentals-ek, hartutako etxea kudeatzen duen enpresak, 70 etxebizitza turistiko baino gehiago publizitatzen ditu Busturialdean”. LABeko kideen iritziz, etxebizitza eskubidea bermatzeko egiturazko aldaketak “borrokaren eta antolakuntzaren” bidez gauzatuko da, eta horrenbestez, gaurko greba orokorrean parte hartzeko deia luzatu dute, “pobretze prozesuaren eta errentismoaren aurka eta guztiontzat etxebizitza eta soldata duina lortzearen alde”.

Argazkia: LAB Sindikatua