Gernika-Lumoko EAJk etxebizitza turistikoak arautzeko tasa turistikoa proposatu du
Talde jeltzaleak uste du neurriak etxebizitza turistikoen hazkundea mugatu eta herritarren ohiko etxebizitzarako sarbidea babesten lagun dezakeela.
Gernika-Lumoko EAJk tasa turistiko bat ezartzea proposatu du etxebizitza turistikoen erregulazioaren barruan, “herritarren etxebizitzarako sarbidea babesteko eta turismoaren jarduera modu orekatuagoan kudeatzeko” helburupean. Jeltzaleek azaldu dute neurriaren helburua ez dela turismoa oztopatzea, baizik eta “udalerriaren garapen ekonomikoa eta herritarren bizi-proiektua bateragarri egitea”.
EAJren berbetan, turismoak “aukera ekonomikoak sortzen eta tokiko jarduera dinamizatzen” lagun dezake, baina, aldi berean, familia, gazte eta pertsona askorentzat “gero eta zailagoa” da Gernika-Lumon etxebizitza eskuragarri bat aurkitzea. Talde jeltzaleak merkatu erresidentzialetik desagertzen den etxebizitza bakoitzak familia batentzat “aukera bat gutxiago” suposatzen duela nabarmendu du.
Proposamenak, oro har, “fiskalitate argiagoa” ezartzea planteatzen du ostatu turistiko mota ezberdinen artean. Besteak beste, hotelak, pentsioak, landetxeak, nekazal-turismoak eta aterpeak aipatzen ditu EAJk. “Turismoarekin lotutako zerga-jarduera ekonomikoak enplegua eta jarduera sortzen ditu eta zergaren behin-behineko mailan kokatzen dira”, azaldu dute.
Horrez gain, etxebizitza turistikoen ordenantzan aurreikusitako tasak “altuak” izan daitezkeela adierazi du alderdiak. Neurri horren bidez, egungo egoerari aurre egin nahi diotela azpimarratu dute jeltzaleek, eta, aldi berean, “herritarren ohiko etxebizitzarako sarbidea bermatzeko eskaintza eskuragarriagoa sustatu”.
Erakundeei eskaera
EAJren ustez, beraz, turismoa udalerriari onura ekonomikoak eskaintzeko tresna izan daiteke: “Baina uste dugu jarduera turistikoa ez delaa jasangarria izango gazteek eta familiek udalerrian euren bizi-proiektua garatzeko aukerarik ez badute”. Gauzak horrela, erakundeei eskatu diete “beharrezko tresnak erabil ditzatela” etxebizitzarako eskubidea babesteko.
Bestalde, udalerri-eremuari buruzko mezu argia bidaltzea proposatu dute “fiskalitate turistikoaren bidez”. Hain zuzen, esan dute zentzuzko deritzotela parke erresidentzialaren gaineko eragin potentzial handiagoa duten ostatu-modalitateek ekarpen handiagoa egitea, “zerbitzu publikoak eta udal politikak sostengatzeko”.
Azkenik, EAJk gaineratu du “etxebizitzaren babesa lehentasunezkoa izan behar dela” datozen urteetako politiketan, eta proposamena norabide horretan kokatu du: “Gernika-Lumo turismoa hartzeko prestatutako udalerria izatea nahi dugu, baina, batez ere, bertan bizi, lan egin eta euren bizi-proiektua garatu nahi dutenentzat etxebizitza aurkitzea bermatuko duen herria izatea nahi dugu”.