Turista taldeak erregulatzeko ordenantzari, argi berdea; tasa turistikoaren zerga, stopean
Mundakako udalbatza osatzen duten alderdiak ez dira adostasunera iritsi, 2027tik aurrera herrian aplikatu beharreko tasa turistikoaren zergaren inguruan. Turista taldeak erregulatzeko ordenantzari dagokionez, neurri berriak ezarriko dituzte, EH Bilduk zein EAJk alde eta Herritar Alternatibak kontra bozkatuta.
Turismoa izan zen atzoko [azaroak 4] Mundakako Udaleko ezohiko osoko bilkuran jorratutako langai nagusienetakoa. Batetik, egonaldi turistikoen zergaren ingurukoak jorratu zituzten; bestetik, herrira datozen turista multzoak erregulatzeko balizko bideei. Bizkaiko Foru Aldundiak dekretu bidez ezarritako tasari dagokionez, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatu beharko dute lurraldeko udalerriek, baina, tokian tokiko testuingurua aintzatetsita, herri bakoitzari zergaren tarte bat aplikatzea ahalbidetzen zaio.
Azken ohiko osoko bilkuran, udalbatza osatzen duten hiru alderdi politikoak —EH Bildu, EAJ eta Herritar Alternatiba— ez ziren udalerriko turismo unitate desberdinei aplikatu beharreko tasaren eta errekarguaren inguruan ados ipini. Koalizio abertzaleak ostalaritza establezimendu guztiei zergaren tasa maximoa eta %50eko gainkargua ezartzea proposatu zuen, atzoko bilkuran: “Turismoak duen inpaktu masiboa —baliabide publiko zein naturalena— orekatzeko bidea da, batez ere, Mundaka bezalako udalerri txiki batean”. Mundakak, hain zuzen, 993 ohe ditu egun; turismoagaz erlazionaturiko jardun ekonomikoa herriko zutabe nagusia da. Era berean, abertzaleek azpimarratu zuten zerga eta errekargua turistek ordainduko dutela, “eta ez ostalariek”.
%50eko gainkargu hori izan zen alderdi jeltzaleko kideek detektaturiko “atzerapausoetako” bat: “Ez gatoz inondik ere bat gainkargua establezimendu guztiei igotzeagaz. Jarduera turistikoen esparru barruan bereizketa bat egin beharra dagoela uste dugu: jardun ekonomikoaren eta irabazi asmoko turismo ereduaren artekoa”. EAJk, hala, gainkargua Turismo Erabilerako Etxebizitzen (VUT) eta Turismo Erabilerako Etxebizitzen (HUT) kasuan bakarrik aplikatzea proposatu zuen, baina ez gainontzekoekin. Halaber, zergaren hobaria udal aurrekontu osoaren “%10 eta %20 bitartekoa” izan daitekeenez, diru hori “zertara bideratuko, zelan kudeatuko eta zerga bera zenbatera berrikusiko” litzatekeen galdegin zuen EAJk.
Herritar Alternatibak ez zuen proposamen zehatzik plazaratu, baina eredu lineal baten aldeko ikusmoldea erakutsi zuen: “Establezimenduak maila berean gura ditugu, plaza turistiko guztiak orekatuta egon daitezen”. Udal gobernu taldea, herriko komertzioen “ongizateari” erreparatzen egon barik, “diruaren pentsuan” dagoela azpimarratu zuen HAk: “Mundakarrentzako hobekuntzak dituzue ahotan, baina ez zarete kontziente bertoko komertzio gehienak turismoan oinarrituta daudela. Gehienezko turismo zerga eta gainkargua aplikatzea mundakarren komertzioen interesen kontra doa”. Era berean, neurri horiek legez kanpoko etxebizitzen “ugaritzea ekarriko” lukeela uste dute: “Balore horiek aplikatzeak legezkoak diren hainbat etxebizitza turistiko legez kanpoko ekintzak egitera eroango ditu, eta hori onartezina da”.
EH Bilduren proposamenak aldeko hiru boto eta kontrako sei jaso zituen; EAJrenak, ostera, aldeko lau eta aurkako bost. Horrenbestez, ez bata, ez bestea ez zituzten onartu. Gaur-gaurkoz, Bizkaiko Foru Aldundiaren proposamena sartuko litzateke indarrean hurrengo urtearen hasieratik aurrera. Edozelan ere, udalbatzak beste osoko bilkura bat edukiko du hileon.
Turista taldeak, erdigunean.
Establezimenduen zergari dagokiona ez zen turismo jardunagaz erlazionatutako langai bakarra izan eguaztenean: turismo taldeak erregulatzeko ordenantzari buruzkoak ere jorratu zituzten. Turismoaren inpaktua erregulatzeko eta “kontrolpean edukitzeko” bidean, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozekin, adostu dute turisten multzoak gehienez 45 lagunekoak izan beharko direla (taldeak handiagoak balira, multzo bitan banatuko lirateke) eta udalerriak eguneko hiru turista autobus hartu ahalko dituela gehienez; urritik maiatzera bitartean, autobus kopurua laukoa izango da.
Bizkaibusa herriko “oinarrizko baliabideetako” bat izanik, Mundakako zeharbidearen gaineko eremuan edukiko dute geralekua autobus horiek, eta ez herrigunearen erdialdean kokatutako Goiko kalean. Bisitaldiak 10:00etatik 19:00etara artekoak izatea ere adostu dute. Ordenantzaren erregulatzeak aldeko zazpi boza, abertzaleenak eta jeltzaleenak, eta kontrako bi, HAren ordezkaritzarenak, jaso zituzten.
Hain zuzen ere, HAk ezezko “argi eta garbia” eman zuen, ordenantza udalerriaren “lehentasuneko bat ez dela” nabarmenduta: “Zenbat kexa egon dira herrian horren inguruan? Hau lehentasuntzat jotzeak asko harritzen gaitu. Gainera, talde arteko espazioak zein bakoitzaren lagun kopurua, kutsadura akustikoa, autobusen kudeaketa, bisita giden testuen eguneraketa eta beste hamaikatxo alderdi nork kontrolatu beharko ditu? Udaltzaingoak? Herriak hori baino arazo serioagoak eta beharrezkoagoak dauzka. Ez hori bakarrik: onartuta dauden baina betetzen ez diren ordenantzak asko eta asko dira”.