Zabor bilketa, kale garbiketa eta tasa turistikoa, mintzagai
Mundako Udaleko azken osoko bilkuran jorratutako langaien artean, herriko zaztar bilketa eta kale zein bide garbiketa zerbitzuaren esleipenari dagokionak eragin du zeresanik handiena. Gaur-gaurkoz, enpresa bakarra aurkeztu da zerbitzu horren lizitaziora, eta horren esleipena egin asmo dute.
EAJk, aldeko botoa emanagatik ere, kritikotasun handiz eta udal gobernu taldearen “adeitasun instituzional faltaz” bizi du errefusa, zaztar eta hondakinen kudeaketa hartzen ari den noranzkoa. Hain zuzen, jeltzaleek osoko bilkuran ahotan izan zituzten uda sasoian harrapatu zutela gailurra garbiketa zerbitzuagaz lotutako “akatsek“: “Udan, Mundakako populazioa nabarmen biderkatu ohi den aldian, zerbitzuak ez zen behar besteko eraginkorra izan; are gehiago, ez ziren derrigorrezko errefortzuak ezarri, ezta udal aurrekontutik zerbitzu hori indartzeko nahitaezkoak ziren inbertsioak bideratu ere”.
Sorne Rubio alkateak, alderdi jeltzalearen adeitasun instituzional ezari erantzunez, azpimarratu zuen EAJ abuztu hasieratik sre sozialetan “kanpainaurre lanetan” ari dela, besteren artean, garbiketa zerbitzuaren gaiari helduta: “Inteligentzia Artifiziala baliatuta, gainezka dauden edukiontziak erakusten dituzten irudiak zabaldu dituzue, eta hori ere ez da inondik ere adeitsua”. Halaber, argitu zuen edukiontzi gehiago ipini dituztela —batez ere, Goiko kalean— eta udan zerbitzua “handitu” egin zutela. Ez hori bakarrik: “Bilketa eta garbiketa zerbitzuekin lotutako gabeziak duela urte askotik datoz, alegia, EAJ udal agintean zegoenetik. Zabor bilketagaz lotutako arazoen jatorria ez da kudeaketa, sistemaren beraren funtzionaltasun eza baino”.
Sorne Rubio: “Beraz, garrantzitsua da azpimarratzea, udal ordezkariok ez ezik, mundakarrek erabateko gizatasuna erakutsi behar dutela”
Era berean, zenbait herritarren “gizabide falta” ere mahaigaineratu zuten EH Bilduko zinegotziek: “Herritarrek hondakinak modu desegokian botatzen baldin badituzte, horrek bilketa sistemari bere osotasunean eragiten dio. Beraz, garrantzitsua da azpimarratzea, udal ordezkariok ez ezik, mundakarrek erabateko gizatasuna erakutsi behar dutela”.
Mikel Bilbao: “Lizitaziora aurkeztutako enpresari buruzko informea ezin izan dugu bere osotasunean ikuskatu; asko harritzen gaitu bai garbiketa eremuak, bai ordutegiak ezabatuta daudela ikusteak”
Herritar Alternatibaren ordezkariak, Mikel Bilbaok, kontrako botoa emanda, azpimarratu zuten aurkeztutako enpresari buruzko informea ezin izan zutela “bere osotasunean” ikuskatu: “Ez dakigu sekretu komertzialagaz lotutako zerbait ote den, baina ez dugu enpresaren eta bere zerbitzuen gaineko informazio osoa eskuratzerik. Asko harritzen gaitu bai garbiketa eremuak, bai ordutegiak ezabatuta daudela ikusteak; zinegotziok tankerako eta udalerri mailako informazioa jaso beharko genuke”.
Egonaldi turistikoen zergaz.
Bilketa eta garbitze zerbitzuak ez zen zeresana eman zuen alderdi bakarra izan. Hain zuzen ere, udalaren Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga arautzen duen Ordenantza Fiskalaren eta haren gaineko tasa turistikoaren zein errekarguen gaia jorratu zuten bilkuran. Udal guztietan derrigorrezkoa den zerga horren jomuga nagusia, alkatearen berbetan, jarduera turistikoaren inpaktua “herriaren mesedetan orekatzea” da.
Turismo sektoreko mota ezberdinetako establezimenduei zuzendutako kuota maximoak, minimoak eta errekarguak aintzatesten ditu. Udal taldearen proposamena gehienezko kuota eta %50eko errekargua ezartzea da, Mundakaren kasuan “erabat justifikatuta legokeena”. Apartamentu turistikoen kasuan, gehienezko tasa 3,5 ekoa izanik eta horri errekargua gehituz gero, 5,25eko zerga ordaindu beharko lukete, udalaren proposamenaren arabera.
HAk azpimarratu zuen udalak “ustez aurkeztutako” txostena “Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eudelen txostenaren edizio hutsa” dela eta, kuota minimo edo maximoez harago, “bestelako neurriak” ere har daitezkeela: “Jaso dugun dokumentazioak ez du ezelan ere islatzen EH Bilduren eta EAJren proposamena; ordenantza orokor baten zirriborroa da, baina ez Mundakako udalerrira egokitutakoa“.
Irati Gondra: “Tasa maximoaren ezarpenaren alde egingo dugu, baina %50eko errekargu hori bakarrik ezarri beharko litzakete Turismo Erabilerako Etxebizitzen (VUT) eta Turismo Erabilerako Etxebizitzen (HUT) kasuan”
Alderdi jeltzalearen ordezkari Irati Gondra “ados” azaldu zen gehienezko kuotaren ezarpenagaz, baina errekarguaren ezarpenean “puntualizazioak” plazaratu zituen: “Tasa maximoaren ezarpenaren alde egingo dugu, baina %50eko errekargu hori bakarrik ezarri beharko litzakete Turismo Erabilerako Etxebizitzen (VUT) eta Turismo Erabilerako Etxebizitzen (HUT) kasuan”. Gainera, Gondrak azpimarratu zuen Aldundiaren eta Eudelen foru legea uztailean helarazi ziela udalak, baina lan batzordera aurkeztutako udal proposamen propioa, ostera, “astebete lehenago” iritsi zitzaiela: “Ez da lanerako modurik eta proposamenak ganoraz prestatzeko modurik egokiena”.
Bestalde, jeltzaleek azaldu zuten aipatutako establezimendu ereduetatik “kanpo dagoen sekzio bat” erregulatzeko udal ordenantza “ezinbestekoa dela”: “Karabana, autokarabana edota furgonetei dagokiena”. Hain zuzen, EAJk argitu zuen irailaren 5ean, “udako denboraldia amaitzear” zegoela, Basamortu nahiz Berastegi inguruan “tankera horretako 27 ibilgailu” antzeman zituztela: “Horiek ere turismoaren erregularizazioaren auzian sartu behar ditu udal taldeak”.
HAk 4,5eko tasa proposatu zuen bost eta lau izarreko hotelen kasuan. Hortik beherakoetatik VUTetaraino, gehienezko tasa ezartzea proposatu zuten. VUT et HUTen kasuan ere, 4,5eko tasa ezarpena eskatu zuten. “Ezberdintasunei aurre egitea da aukera horren helburua”.
Hiru proposamenok bozkatuta, hiruotako batek ere ez zuen adostasunik jaso. Adostasun ezaren aurrean, legeak dio Aldundiaren proposamena —errekargurik gabeko gehienezko tasa— ezarri beharko litzatekeela, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera. Hala, hiru alderdiek, urte amaiera orduko, “lanerako prestutasunez auzia hurrengo osoko bilkuran adostea” erabaki zuten.