Urteko azoka nagusia abian da
Urriko Azken Astelehena abiad bete-betean da. 300 postutik gora edukiko ditu dagoeneko zabalik dagoen azokaguneak. Eguerdian iritsiko da eguneko une gorena, Merkurion: 12:00etan, bertsolarien txanda iritsiko da. Ostean, barazki, fruta, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta sailetako lehiaketak egingo dituzte. Azkenik, gazta enkantearen unea helduko da.
Lehen sektorearen, tokiko produktuaren eta, oro har, euskal senaren urteko leihorik esanguratsuena, Urriko Azken Asteleheneko azoka, zabalik da. 09:00etan zabaldu dute 300 postu baino gehiagoz eta 251 etxolaz osatuta dagoen azokagunea. Gernika-Lumoko kale, plaza eta bazterrak nekazal zein artisau produktuz nahiz makineriaz beteta ageri dira lehen ordutik, eta produktu horietako zenbait eguerdian egingo duten lehiaketara aurkeztuko dira. Azokaren iazko ekitaldiko postu kopuru “bertsua” da aurtengoa, baina bada produktu “protagonista” bat: gazta.
Artisau produktuak eskainiko dituzten 56 postu egongo dira aurten. Sagardoa eta txakolina salduko dituztenak, hurrenez hurren, sei eta hamasei izango dira. Eztia hamabost postutan eskuratu ahalko da, eta esnekiak bostetan. Gazta eskaintza, artisautzagaz pasatu modura, oso agerikoa eta puria izango da: 42 ekoizleren gaztak egongo dira salgai. Ogia eta euskal pastela 23 postutan salduko dute, eta ortuari, barazki zein frutak, ostera hamabostetan. Postu bitan egongo da landareen eskaintza, eta ahatekien edota patearena seitan. Kontserba produktuak hamar postutan topatu ahalko dira, eta erroskilagileen lana bost toki ezberdinetan ikusi zein dastatu ahalko da. Nekazal makineria lantzen eta saltzen dutenen bederatzi gune egongo dira. Solidaritza guneek, turismo informaziokoek eta BBK-k gune bana edukiko dute. Postu horietatik harago, astelehenero-astelehenero modura, Merkatu plazak azoka hartuko du goizetik eguerdira bitartean.

Urriko Azken Azoka, zerbait baldin bada, jan-edanaren plaza da eta, alde horretatik, zortzi kirol talde edo kultur elkarte izango dira beraien txosnak kaleratuko dituztenak. Hala, txorizoz edota hirugiharrez beteriko taloek edota txakolin zein sagardo botilen joan-etorriak urteroko presentzia bermatua izango dute gaurkoan.
Baserritar, laborari eta ekoizleak goiztar ailegatu dira udalerrira eta, azokagunea abian ipintzeko ordurako, beraien postuak ondo atonduta eduki dituzte. Honakoa da aurtengo azokako postuen banaketa: Artekalen 66 postu egongo dira (sagardoa, txakolina, landare, gazta, eztia, ogia, frutak eta esnekiak); Ocho de Enero kalean, 23 (eztia, patea, olioa, txokolatea, gazta eta artisau garagardoa); Industria kalean, 30 (ogia, gazta, erroskillak, kontserba produktuak eta euskal pastela); Alhondigan, nekazal makineria; Juan Kaltzadan, 32 postu (ortuariak, frutak, landareak eta makinaria); San Juan Kalean, 32 (patea, gazta, eztia eta erroskillak); Pasealekuan, 56 (artisautza produktuak); San Juan Ibarra plazan, 40 (saltzaile ibiltariak); Pablo Picasson, 6 (prentsa eta bestelako hedabideak).
Etxola bakoitzak, azken urtean egin bezala, QR kodea edukiko du, eta, haregaz, erosle edo kontsumitzaileak zuzenean jaso ahal izango du ekoizle bakoitzaren jatorri, ekoizpen eta produktuen inguruko informazioa. Ez hori bakarrik: azokaren plano edo mapa ere eskuragarri izango du, ekoizle bakoitzaren postua azokaguneko zein txokotan kokatuta dagoen erraz jakite aldera. Edozelan ere, postu bakoitzak ekoizlearen ohiko deskribapen analogikoa edukiko du; kartel bidez seinaleztaturik egongo dira ekoizle bakoitzaren izena, jatorria eta produktu mota.

Eguerdian bilduko da jendetzarik handiena. 12:00etan, Merkurion bertsolariek alaituko dute herrigunea. Amets Arzallus hendaiarra eskualdeko eta Lilibertso Bertso Eskolako kide bigaz oholtzaratuko da: Onintza Enbeita muxikarragaz eta Ibai Amillategi gernika-lumotarragaz. Bertso saioa biribilduta, barazki, fruta, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta sailetako lehiaketak egingo dituzte, 13:00a aldera, eta ostean egingo dute gazta enkantea, alegia, Urriko Azken Asteleheneko une gailurretako bat. Beste urte batez, irabazlearen eta bigarren onenaren gazta erdiak eroango dituzte enkantera, horiengatik zeinek diru gehien jokatuko.
Kalea edo frontoia.
Arratsaldean, giro onak ez du etenik edukiko. Musika jarriko dute txosnetan eta jai giroa herriko txoko guztietara zabalduko da. Hori bai, pilotazaleek ere dagokien plaza edukiko dute: Urriko Azken Astelehenez abiatuko dute Eusko Label Winter Series, zesta-puntaren neguko aldiko txapelketarik adierazgarriena. Partida bi jokatuko dituzte Jai Alai pilotalekuan: lehenik eta behin, Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Gorka Mugartegi Atain markina-xemeindarrak azken horren herrikide Alex Goitiaren eta Gillen Oihenard donibandarraren aurka neurtuko dituzte indarrak; jarraian, lehiaketa birritan irabazitako Aritz Erkiaga ispastertarrak eta Eñaut Salegi markina-xemeindarrak Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarra eta etxeko pilotari Unai Lekerika izango dituzte aurrez aurre.
Udalak, bestalde, azokara egokitutako segurtasun integraleko plana ekoiztu du, suhiltzaileekin, Gurutze Gorriarekin, udal brigadagaz, Ertzaintzagaz, Udaltzaingoagaz eta Osakidetzagaz elkarlanean. Istripuren bat jazoz gero, modu bateratu eta eraginkorrean erantzutea izango du jomuga plan horrek. Batetik, sute arriskuari aurre egiteko neurriak hartuko dituzte; postu bakoitzak bost kiloko bina su itzalgailu eskura edukiko ditu, eta sei kiloko beste batzuk gune “estrategikoetan banatuta” egongo direla adierazi dute udaletik. Halaber, ekintza protokoloa ere ondu dute, 80 langile baino gehiagok osatuko dutena. Udalak, bestalde, udalerriko aparkaleku nagusiak seinaleztatuko ditu, baina garraio publikoa erabiltzeko eskaria ere egin du.