Ezkutuko lanaren erakusleihoa den azoka
Euskal Herriko hamaika txokotatik iritsitako lehenengo sektoreko ekoizleen topagune izango da Urriko Azken Astelehena beste urte batez, eguraldi bero eta lehorrak markatutako udaren ondoren. Asko izango dira "garrantzitsua" den azokan estreinako saria eskuratzeko ilusioz bertaratuko direnak eta beste asko, berriz, errepikatu gura dutenak. Iazko sarituek ez dute hitzordua galduko.
Urria lehenengo sektorearen hilabetea da Gernika-Lumon, ganadu azokagaz hasi eta nekazaritza, abeltzaintza, apikultura eta, oro har, Euskal Herriaren luze-zabaletik iritsitako ekoizleen lanaren erakusleiho den Urriko Azken Astelehenagaz biribiltzen baitute.
Aurten ez da desberdina izango. Astelehenean 09:00etan zabalduko ditu ateak azokak, eta herritarrek denetariko produktuak ekoizleen eskutik ezagutu, dastatu eta erosteko aukera izango dute: frutak, barazkiak, eztia, esnekiak… urtero egoten diren 200dik gora postuetan aurkitu daitezkeen produktuen zerrenda luzea da oso.
Askorentzat Urriko Azken Asteleheneko izarra den taloa eta sagardoa dastatzeko aukera ere egongo da herriko talde edota eragileen eskutik, txosnetan. Kulturagaz ere izango dute hitzordua, urte luzeko tradizioari jarraipena emateko, eguerdian Merkurio inguruan izen-abizen propioak dituen bertso saioan elkartuko baitira.
Luzea izaten da eguna Gernika-Lumora bertaratzen direnenentzat, eta are luzeagoa, urtez urte beraien ekoizpenak azokara eramaten dituzten ekoizleentzat. Izan ere, sei orduko azoka bada ere, hilabete luzeko lana da prestaketa.
Sektoreko azoka garrantzitsuenen artean kokatzea lortu du Urriko Azken Astelehenak eta, horregatik, Gernika-Lumon saria eskuratu asmoz bertaratzen dira asko. Aurten ere sei izango dira banatuko dituzten sariak: fruitu, barazki, lore eta landare, ezti, Bizkaiko txakolina —zuria, gorria eta beltza— eta gazta onenak erabakiko dira.
Badira saria jasotzea zer den ezagutzen dutenak, eta denak bat datoz “poztasun handiz” hartu izan dutela esatean. Andoni Ojangurenek, adibidez, 35 urte inguru daramatza Erdikoetxe izenpean txakolina egiten, eta “hogeitik gora” urriko azoka berezian parte hartu eta sariak pilatzen. Azken hiru urteetan txakolin gorri onenarena lortu du: “Saria jasotzea beti da pozgarria. Txakolin beltzagaz eta zuriagaz ere sariak jaso izan ditut, guztira bederatzi edo hamar”. Aurten ere hiru kategorietan aurkeztuko da.
Halere, bada Urriko Azken Astelehenagaz harreman motzagoa izan arren, sari banaketa ekitaldian oholtzara igotzea lortu duenik ere. Borja Fernandez de Pinedo bosgarrenez bertaratuko da, Baskones eztiak iaz lortutako txilar ezti onenaren saria errepikatu nahian. Lehia handiagoa izango du aurten: orain arte milalore eta txilar ezti onenak saritzen ziren, baina aurten sari bakarra egongo da. Dimoztarrak ez du aurkeztuko duen ezti mota iragarri, baina bai bere “ezti onena” izango dela: “Urte guztian egindako lanaren errekonozimendua da saria, ikusgarritasuna eta salmentak ematen dizkizuna”. Apikultoreak argi dauka Gernika-Lumokoa eta San Tomas azoka direla urteko geraleku “garrantzitsuenak”.
Publiko zabalaren bistan.
Milaka eta milaka dira urtero kaleak hartzen dituzten herritarrak —iaz 115.000 pertsona—, eta arlo bakoitzeko ekoizleak ere asko direnez, saria eskuratu eta nabarmentzea garrantzitsua da, bozgorailu baita salmentak lortzeko. Jose Javier Beaskoetxeak zortzi urte daramatza bere lore eta landareak Iurretatik foru hiribildura eroaten, eta azken sei urteetan sei sari poltsikoratu ditu.
Ortuberri mintegikoa astelehenetan Merkatu Plazan egoten da, “ahal denik eta lore politenak” saltzen, eta bere kasuan, urriko azoka nagusia salmenta eguna baino, “erakusketa” da: “Egun hori erakusketa modukoa da, erosi baino, jendeak lana ikusten du; segituan Domu Santu Eguna dator, eta izena gogoratzen dute, eta orduan edo hitzordu berezietan erosi”. Eskaintza aukeraketa ere azaroaren 1a buruan daukatela egiten du Beaskoetxeak, ez baititu “amaren egunean egiten diren bezalako erramuak” egiten.
Txakolin salmentari dagokionez, berriz, egun handia izaten da Urriko Azken Astelehena, Ojangurenek nabarmendu legez, bezeroekin “harreman zuzena” izatea ahalbidetzen dielako; bezeroek, berriz, produktua dastatu eta galderak egiteko aukera edukitzen dute. Horrez gain, azokak ematen duen agerikotasuna ere azpimarratu du, erosleak gero “etxera” joaten zaizkiolako txakolina erostera.
Sariaren oihartzuna, baina, ez dute denek berdin bizi. Aintzatespena “oso handia” da, baina iaz barazki onenen saria eskuratu zuen Bihortzatxu Baserriko Iker Villasanaren esperientzian, epe luzera ez du horrenbesteko eraginik edukitzen: “Momentuan oso handia da, baina epe luzera ez hainbeste; bezeroen erantzun ona daukat dagoeneko, eta saria horren osagarri da”. Iaz barazki onenen saria jaso zuen ekoizleak “urduritasunez” bizi du aurreko astea, prestaketa “lan handia” dagoelako; salmenta egun ona izanik ere, “harrotasunagatik” lan egiten du, postua ahalik-eta txukunen geratu dadin: “Ondo doa prestaketa; produktu asko eramango ditugu aurten ere”.
Urte beroenari aurre.
Euskal Herriko erregistroetan urte bero eta lehorrena izaten ari da aurtengoa, eta horrek modu batera edo bestera, eragina edukiko du Urriko Azken Astelehenean. Eragin hori modu zuzenean nabaritu dute ekoizleek, bai ekoizpen prozesuan, bai uzta jasotzean.
Lore eta landareei dagokienez, beroa izan da ekoizpenaren zati bat galtzea eragin duen aldagaia. “Bero handia egin du, eta landare asko hondatu dira; ez da urte on-ona izan”, onartu du Beaskoetxeak. Landareentzat urte oso ona ez izateak eragin zuzena izan du erleengan, eta ondorioz, ezti ekoizleetan. “Udaberrian ondo ibili ginen baina udan, nahikoa txarto. Beroagaz landare guztiak pikutara joan dira, eta nahikoa gogorra izan da. Orain, gainera, gasolioaren igoeragaz, egoera ez da erraza. Zaila da aurrera egitea. Zorionez, salmentak ondo doaz beti, baina eztia egitea da arazoa“, dio Fernandez de Pinedok.
Erdikoetxe upategiarentzat, ostera, “urte ona” izan da, “bai kalitate, bai kantitate” aldetik: “Mahats-bilketa egin berri dugu, eta orain egingo dugun txakolina datorren urtean irtengo da, ez dugu ekoizteko presarik. Mahats arlorako, gure txakolina egiteko urte oso ona izan da. Ez da inoiz ikusi abuztu amaieran mahats-bilketa egitea, eta aurten lortu dugu. Gainera, produktua bodegara sartzean ere oso ona izan da: mahatsa sendo sartu da, eta horrek ere eragina edukiko du txakolina egitean”. Ojangurenek uste du aurten txakolin “oso ona” dagoela eta datorren urtekoa “ez dela txarragoa izango”.
Hogei urtetik gora daramatza Urriko Azken Astelehenean parte hartzen Ojangurenek; azokaren bilakaeraren lekuko izan da, eta sektoreko kideen erreleboa ikusi du; baina, penaz dio “gorakada handirik ez” dagoela: “Gazteak badatoz, baina astiro; azoka mantentzen duena lehengo jendea da”. Badaki eguraldi onak eguna baldintzatzen duela eta, horregatik, zerbait eskatzekotan, eguraldi ona desio du.