"Azoka urte guztian lanean gabiltzan baserritarrei egiten zaigun aitortza da"
Ricardo Remiro iazko gazta onenaren ekoizleak laugarrenez parte hartuko du Urriko Azken Astelehenean. Gazta "orekatua" aurkeztuko du.
Asko dira Urriko Azken Asteleheneko azokan dastatu eta eros daitezkeen produktuak; gaztak, baina, bere lekua lortu du. Sari banaketa osteko gazta onenen enkantea da urtero Merkurio ingurua goraino betetzen duen hitzordua. Ricardo Remiro artzain nafarrak, adibidez, saria jaso ostean bere gazta erdia 7.400 eurotan erosten zutela ikusi zuen iaz.
2024. urtean, Remiro gaztandegiak Urriko Azken Astelehenean parte hartzen zuen bigarren aldian, bigarren saria aitortu zioten eta iaz, berriz, urrea jantzi zuen. Aurten errepikatzeko ilusioz bertaratuko da, Gernika-Lumokoa gaur egungo “azoka onena” dela iritzita. Halere, umiltasunez bizi ditu aintzatespenak, “zortea” faktore garrantzitsua dela uste baitu: “Zorte handia izan nuen, oso-oso zaila da azokan saria lortzea. Edozein Idiazabal gaztak irabazi dezake”.
Azoka eguna “oso polita” da Remirorentzat, “jende eta jenero asko” biltzen duen hitzordua baita: “Urte guztian lanean gabiltzan baserritarrei egiten zaigun errekonozimendua da, egun berezia”.
Iaz lortutako sariak Eulaten, Nafarroa Garaian kokatutako gaztandegian izan duen oihartzunaz ere hausnartu du artzain, ekoizle eta abeltzainak: “Urtebete igarota, esan daiteke Bizkaitik, Euskal Herri guztitik, baina batez ere, Bizkaitik jende asko etorri dela erostera; oso positiboa izan da”.
Saria jaso ostean salmentek gora egin arren, Urriko Azken Astelehenean ere “izugarriak” izaten dira gaztandegikoentzat. Izan ere, lehen aldiz parte hartu zutenean, “harrituta” gelditu ziren: “Etorri ginenean argi geneukan urtero itzuli behar genuela. Hiru urteetan produktu guztiak salduta itzuli gara etxera”.
Laugarren parte hartzerako atzera kontaketa aspaldi hasi zuen Remirok, denbora baitarama “Urbasa mendiko gaztak” gordetzen. Aurtengoak ere “zapore orekatu baina izaeradunak” izango direla aurreratu du. Bere esperientzia oinarri, gazta hori jendeak gustuko izaten duela dio, “batez ere Gernika-Lumon arrakasta handia” izaten baitu.
Familiarteko erabakia.
Lehiaketara zein gazta aukeratu zehaztea erabaki garrantzitsua izaten da eta, Urbasako gaztandegiaren kasuan, familia kontu bihurtu da: “Familiakook gure artean erabakitzen dugu; nik katalogatzen dut eta, gero, nire emazte eta seme-alabekin dastatzen dut, familiako gainontzeko kideei aurkeztu aurretik. Bat gatozen ikustea da helburua, eta normalean horrela izaten da”. Zapore, begi eta forma “orekatua” izatea bilatzen dute, hori baita bezeroek azpimarratzen dietena.
Urte “oso ona” izan dute, Bilbon bigarren postua lortu dute, eta Ordizian ere finalera sailkatu ziren, bederatzigarren amaituta. Urteak utzitakoagaz “pozik”, Urriko Azken Astelehena heltzeko “gogotsu” dago Remiro.