Bermeoko EAJk azalpenak eskatu ditu Txibitxiagako igogailuaren hiru urteko obren inguruan
Talde jeltzaleak inauguratu berri den Txibitxiagako igogailuaren lanen iraupenari eta inguruan egiteko dauden jarduketei buruzko informazioa eskatu dio Udal Gobernuari, eta aparkaleku falta ere salatu du.
Txibitxiaga eta Itsasbegi lotzen dituen igogailua inauguratu zuen Bermeoko Udalak duela bi aste. Udal ordezkariek nabarmendu zuten igogailuak “inguruko bizilagunen irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea” duela helburu, baina Bermeoko EAJk azalpenak eskatu dizkio Udal Gobernuari, “obrek hiru urte iraun dituztelako eta eremuan oraindik hainbat jarduketa egiteko” daudela arrazoituz.
“Beharrezko azpiegitura da, eta pozten gara azkenean martxan dagoelako. Baina uste dugu garrantzitsua dela, halaber, hiru urtez luzatu den obra bat nola garatu den azaltzea, eta eremu horretan oraindik zer jarduera egin behar diren azaltzea”, adierazi dute udal talde jeltzaleko ordezkariek. Ildo horretan, lanen bilakaerari, epeak baldintzatu dituzten arrazoiei eta aurreikusitako jarduketen plangintzari buruzko informazioa emateko eskatu dute.
EAJk gogorarazi du igogailuaren proiektua “aurreko legegintzaldian erakundeen arteko lankidetzari esker” bultzatutako inbertsioen barruan kokatu zela. Euren berbetan, gainera, lankidetza horrek Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa lortzea ahalbidetu zuen, Inbertsio Estrategikoen Erakundearteko Planaren (PIIE) eta irisgarritasuna hobetzeko laguntza-lerroen bidez. “Ingurua eta herri-kalitatea hobetzeko beste jarduketa batzuk ere aurreikusi ziren, hala nola Iparragirre eta Txibitxiagako etxebizitza-blokeen energia-eraginkortasuna hobetzea, Iparragirreko irisgarritasuna lantzea eta Kurtzion urbanizazioan, espaloietan eta herri-altzarietan esku hartzea”, gehitu dute.
Aparkaleku falta
Horrez gain, EAJk Itsasbegi eta Txibitxiaga inguruko aparkaleku faltari ere heldu dio. EAJren arabera, auzotarrei eragiten dien arazoa da, eta salatu dute egungo Udal Gobernuak ez diola “beharrezko arreta” eman. “Auzotarrek askotan helarazi diguten kontua da, eta erantzunik gabe jarraitzen du. Aparkalekua behar nabarmena da inguru honetan eta, hala ere, ez dugu ikusten egungo Udal Gobernuaren lehentasunen artean dagoenik”, adierazi dute. Hala nola, igogailuaren martxan jartzea “aurrerapauso garrantzitsutzat” jo duten arren, inguruko gainerako beharrei ere erantzuteko eskatu dute.