Txibitxiaga eta Itxasbegi kaleen arteko igogailu berria inauguratu dute
Bermeoko Udalak Txibitxiaga eta Itxasbegi kaleen arteko igogailu berria inauguratu du gaur, auzoaren goialdera eta tarteko etxebizitzetara iristeko bidea errazteko asmoz. 941.997 euroko inbertsioa Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin gauzatu dela nabarmendu dute.
Gaur goizean inauguratu dute igogailua. Bermeoko Udalak gaur inauguratu du Txibitxiaga eta Itxasbegi kaleen arteko igogailu berria, inguruko bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko helburuagaz. Instalazioak Txibitxiaga kalearen beheko eta goialdearen arteko desnibela gainditzea ahalbidetzen du, alde batetik. Bestetik, tarteko etxebizitzetara iristeko bidea ere errazten du.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, Txibitxiaga kalea herriaren beheko aldean hasten da, “portura sartzeko biribilgunearen inguruan”, hain zuzen, eta Itxasbegi ingururaino luzatzen da. Ibilbideak malda handia eta luzera nabarmena dituenez, “zaila” zen beheko eta goialdeko eremuak irisgarritasun-baldintza egokietan lotzea. Horri erantzuteko helburuagaz eraiki dute igogailua.
Gauzak horrela, bi pasabide eraiki dira: lehenengoa 10,50 metrora iristen da, eta bigarrena 16,30 metrora. Horrela, “auzoko hainbat etxebizitzatara iristeko ibilbidea erosoagoa eta irisgarriagoa” da.
Igogailua hainbat etxebizitza-eraikinen artean kokatuta dagoenez, proiektuan “arreta berezia” jarri da ingurunean izan dezakeen eragin bisuala murrizteko, Nadia Nemeh Bermeoko alkateak nabarmendu duenez: “Horretarako, diseinu liraina eta arina aukeratu da, eta beira erabili da egitura inguruko eraikinekin ahalik eta modu naturalenean integratzeko”.
Kabina itsasora begira kokatu dute, batik bat, “portuko ikuspegia aprobetxatzeko”. Bestalde, alboetako horma opakuek inguruko etxebizitzen pribatutasuna babesten dutela gaineratu du alkateak. “Igogailuak zortzi lagunentzako edukiera du, eta 630 kilogramoko karga har dezake”, azaldu du.
Obrak 2025eko maiatzean hasi ziren, eta Carpintería Metálica Draga S.L. enpresak gauzatu ditu lanok. Jarduketaren guztizko inbertsioa 941.997,63 eurokoa izan dela zehaztu dute gaur, eta zenbateko osoa Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarekin estali dela eman dute aditzera: “Alde batetik, 392.165,36 euroko dirulaguntza jaso da toki-erakundeek irisgarritasun unibertsaleko jarduketak egiteko 2023an deitutako laguntza-ildoaren bidez. Bestetik, 549.832,27 euro Inbertsio Estrategikoen Erakunde arteko Planaren bidez finantzatu dira”.
Lankidetza oinarrian
Jarduketa Opengela (PIIE) ekimenaren barruan garatu dela jakinarazi du, gainera, Ana Telleria Auzoak berroneratzeko eta Hiri Agendako Zuzendariak, eta esan du “hiri-berroneratzea eta inguruko bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea helburu duten jarduketen artean” kokatzen dela. Proiektua Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak Sailaren eta Bermeoko Udalaren arteko lankidetzaren emaitza izan dela esan dute.
Bermeoko alkatea “pozik” agertu da instalazioa, hilabetetako lanaren ondoren, martxan dagoelako. “Poza ematen du azkenean igogailu hau martxan ikusteak, atzean lan eta ahalegin handia izan baita”, adierazi du. Horrez gain, eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartu duten guztiei eta, bereziki, obra gauzatzeko lanean aritu direnei.
Alkatearen hitzetan, herri irisgarriagoa egitea ez da soilik oztopo fisikoak kentzea: “Herritarren eguneroko joan-etorriak erraztea eta auzoak herriarekin hobeto lotzea ere bada”. Ildo horretan, azpimarratu du igogailu berriak Txibitxiaga eta Itxasbegi arteko desnibela gainditzeko aukera ematen duela, eta inguruko bizilagunei herriko beste guneetara “modu erosoagoan eta autonomoagoan iristeko aukera” eskaintzen diela.
Azkenik, instalazio berria erabiltzeko deia egin die herritarrei Nemehk, baina “erabilera egokia eta zaintza” ere eskatu ditu, bide batez: “Igogailua guztiona da, eta, horregatik, denon ardura ere bada zaintzea. Beraz, herritarrei eskatzen diegu behar bezala erabiltzeko eta instalazioa zaintzeko. Guztion laguntza beharrezkoa izango da igogailuak egoera onean jarrai dezan eta behar duen mantentze-lana egokia izan dadin”.