Olatu amaiezina "beharrezkoa da", euskarak arnasa hartzen jarraitzeko

Busturialdean 50 ekimenetik gora egingo dituzte Euskararen egunaren harira, egunean bertan zein astean. Euskara jasaten ari den eraso guztien aurrean, hizkuntzari arnasa ematen jarraitzeko hautu argia egin dute eskualdeko euskaltzaileek.

euskara

Euskararen “egoera larriak” euskararen aldeko borroka “bizkortzea eta indartzea” eskatzen duela dio Euskal Herrian Euskarazek. Izan ere, alarma gorria piztuta dago jada, eta normalizazio prozesuari ekitea beharrezkoa da. Uemak argi adierazi zuen udaberrian abiarazitako Esnatu dinamikagaz: “Gaur egun bezala jarraituz gero eremu euskaldunenean ere euskarak atzerantz egingo duela diote ikerketek. Izan ere, azken ikerketak eta datu sozioliguistikoek alarma guztiak piztu dituzte: euskara larrialdi egoeran dago, minorizazio gorrian, eta arnasguneen gainbeherak ez du etenik”.

Azken hamarkadetan euskararen biziberriatzean lan handia egin den arren, hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen du, eta ikerketen arabera, egoera soziolingustikoak irauli ezean galeraren bidea irekiko dela azaldu dute Uematik: «Bilakaera demografikoak, mundu mailako aldaketek, teknologiak zein bizi ohitura berriek ez dute etorkizun samurra iragartzen euskararentzat». Beraz, «sendo eragitea» beharrezkoa da. 

Zentzu horretan, Uemak “lanketa berezia” egin du Lea-Artibain, eskualdeko Euskararen Sarearekin elkarlanean, eta bertako udal ordezkari, norbanako, eragile, enpresa zein kooperatibekin. Izan ere, eremurik euskaldunena ere arriskuan ikusten du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta horregatik, Lea-Artibaiko eragile eta norbanakoak batu eta konpromisoak hartzeko beharra ikusi zuten uda aurretik: “Euskara jasaten ari den atzerakadari erantzuteko eta egoera iraultzen hasteko”. 

Azaroaren 7an Aulestin batu ziren eskualdeko euskaltzaileak, Estatu dinamikaren baitan egindako lanketa plazaratu eta hartutako konpromisoei heltzen hasteko: “Aurrera begira erronka handia daukagu: datozen hamar urteetan euskararen arnasgune barik geratzeko aurreikuspenei buelta ematea, eta Lea-Artibai euskararen arnasgune izaten jarraitzea”.

 Olatu “amaiezina”

Asko eta nabariak izan dira azken denboraldian euskarak jasan dituen erasoak, beste horrenbeste izan dira eraso hauen aurrean antolatutako erantzunak ere. Oldarraldiaren aurrean, euskalgintzako eragileak indar handiagoaz antolatzen dabiltza, olatu amaiezina osatzeko helburuagaz. Hala, ezin aipatu gabe utzi herenegun Euskalgintzaren Kontseiluak aurkeztutako ebazpena onartu zela ELEN Europako Hizkuntzen berdintasunerako Sarearen batzarrean, Belfasten. Izan ere, Europako 25 estatutako 174 eragilek euskararen ofizialtasuna eskatu dute Nafarroarako eta Ipar Euskal Herrirak. Gainera,  ELENeko erakundeek Euskal Herriko bi ekimen babestu zituzten: batetik, azaroaren 21ean Baionan egin zen manifestazioa, eta Kontseiluak Nafarroa osoan  abenduaren 19tik 2027ko udaberrira euskararen ofizialtasuna lortzeko abiatuko duen egitasmoa. 

Ekimenak, herriz herri

Busturialdean ere batuko dira euskararen aldako olatu amaiezinera. Izan ere, abenduaren 3rako eta asteko gainerako egunetarako hamaika ekimen antolatu dituzte txoko guztietan. 

Gernika-Lumon, adibidez, «egitarau zabala» antolatu dute. Egunean bertan ekimen ezberdinak egongo dira, aldarrikapen berdinaren txapelpean. Esaterako, Gernika-Lumoko Berbalagunek antoaltuta, 11 orduko irakurraldia egongo da Elai Alai areto Txikian, eta Uxue Alberdiren Janisjoplin liburua irakurriko dute.

[EGITARAUA HERRIZ HERRI]