Mikel Armas Perez, Mendatako estreinaldian garaile
Mendatako Cross Country Lasterketak 64 motozale elkartu ditu bere estreinaldian. Mikel Armas Perez izan da sailkapen nagusiko garailea; emakumezkoena Sandra Gomez Canterok jaso du; gazteena, Gernika Off-Roadeko kide Oier Santiso Aramaiok; beteranoena, David Kanibe Aretxagak; senior mailakoa, Armas berak.
Argazkia: Mendatako Gazterixe. Motor klasikoekin hasi eta cross country kategoriagaz bukatu: Mendata motozaleen topagune izan da iraila eta urria bitartean. Irailaren 19ko Mendatako Klasikoen Motokrosa izan zen lehendabiziko hitzordua, eta iragan zapatuko [urriak 3] Mendatako Cross Country Lasterketa, berriz, Gernika Off-Road taldeak atondutako lanaren gailurra.
Enduroa eta motokrosa uztartzen dituen iraupen probaren estreinaldia izanagatik ere, parte hartze “txukuna” izan zuen: 64 gidari elkartu ziren Mendatan. Gehientsuenak Bizkaiko zein Euskal Herriko inguruetatik bertaratutakoak izan arren, “urrundik” hurreratutako baten bat ere egon zen. Lehen ekitaldia izateko, motozaleen erantzuna “oso ona” izan dela diote antolatzaileek: “Hurrengo urtean probagaz aurrera egiteko eskatu digute zenbaitek; alde horretatik, zer edo zer ondo egin dugun zantzu da. Lehen aldian ia 70 parte hartzaile elkartzea kopuru polita da, eta pozarren gaude”.

Argazkia: Mendatako Gazterixe.
Ordu biko azterketari eta 7 kilometro inguruko ibilbideari aurre egin behar izan zioten, baso bideak klasikoen lehiako barrutiaren zatiekin uztartuta. Iazko Ereñoko XIII. Enduro Lasterketaren bigarren sailkatua, Mikel Armas Perez, izan zen guztietan bizkorrena, erl0jua 02.00.03ko denboran geldituta. Podiumean lagun izan zituen, hurrenez hurren, lanak 02.00.48an eta 02.03.17an biribildu zituzten Jaime Pradera Abrisketa eta Paul Bravo Arrinda izan ziren.
Emakumezkoen parte hartzea izan da maila guztietatik apalena: Sandra Gomez Cantero izan zen partaide bakarra. Hori bai, madrildarrak sailkapen orokorreko laugarren postua (02.03.34) patrikaratu zuen, onenen artean eta podiumaren lehian aritzeko hautagai dela frogatuz. Gazteen sailkapena etxean geratu zen, Gernika Off-Road taldeko Oier Santiso Aramaio izan baitzen azkarrena (02.08.18); podiumean lagun izan zituen, alde batetik, Oinatz Goñi Balerdi (02.08.40) eta, bestetik, Ibai Tolosa Lezea (02.09.25).

Argazkia: Mendatako Gazterixe.
Beteranoen lehiari dagokionez, David Kanibe Aretxagak eroan zuen, bere mailako sailkapena 02.01.22ko erregistroagaz poltsikoratuta. Ondoren sailkatu ziren Xemark Iriondo Montero (02.03.19) eta Alfonso Martin Lopez (02.09.57). Gernika Off-Roadeko kideek, gainera, beraien sailkapen propioa eduki zuten. Berez, Santiso gazte mailako garailea izan zen bizkorrena, baina hura “lehiatik ateratzea” erabaki zuten taldekideek, sariketa “ahalik eta kide gehienei” zabaldu asmoz. Hala, sailkapen orokorreko zazpigarrena, Oier Larruzea Urkidi (02.04.18) izan zen Gernika Off-Roadeko aurreratuena. Bigarren postua Hodei Uriarte Oñederrak (02.11.38) eroan zuen; hirugarrena, Danel Arrieta Ugaldek (02.12.44). Senior mailako lehen hiru sailkatuak sailkapen orokorreko berberak izan ziren, azkenik.