Klasikoetatik cross countryra: Mendata, motozaleen habitat
32 gidari bildu zituen zapatuko [irailak 19] I. Mendatako Klasikoen Motokrosak. Urriaren 3an, cross country modalitateko lasterketa egingo dute.
Argazkia: Iñaki Rafael. Polita bezainbesteko gogoangarria izan zen iragan zapatuko [irailak 19] Mendatako Klasikoen Motokrosaren estreinaldia. Gernika Off-Road taldeak antolatutako lasterketa “prestatu modura eta inongo istripurik gabe” egin zuten. Gainera, jende asko hurreratu zen lasterketaz gozatzera, antolatzaileek “uste baino gehiago”. 32 gidarik parte hartu zuten, eta parte hartzeari dagokionez jaso du antolakuntzak, hain zuzen, “hobetzeko iradokizun sorta”: “Hurrengo urteei begira, beharbada domekaz antolatuko dugu proba, zapatu goizez barik, urrundik datozenek bertora iristeko astia eduki dezaten. Izan ere, gidari gehienak euskaldunak izan dira, baina kanpotik etorritako zenbait ere egon dira, eta horiei ere dagokien aukera eskaini gura diegu”.
Motokroseko motor klasikoak izango ziren protagonista nagusiak, baina baita 125 zentimetro kubikoko motor modernoak ere. Motor klasikoen lau kategoria egon ziren: PRE99, 125 PRE84, PRE78 eta Twinshock. Maila horiei 125eko motor modernoak gehitu zitzaizkien, eta emakumezkoek, bestalde, “edozein motorrekin” lehiatu zuten proba. 125eko motor modernoen Opena Lander Gorospe Ibarrak irabazi zuen; PRE99 mailako bizkorrena Eduardo Gonzalez Agredano izan zen; PRE84 mailakoa, Eduardo Etxebarria Latatu; PRE78 kategoriakoa, Juan Manuel Lopez Iglesias; Twinshock mailakoa, Juan Jose Hernandez Bilbao. Emakumezko parte hartzaile bakarra Ane Gomez Goienetxea izan zen. “Emakumeen parte hartzean eragiten segitzea da taldekideon helburuetako bat, beraiei zuzendutako sailkapen, lasterketa eta aukerak sortzen jarraituko dugu”, azaldu dute.
Etxekoen presentzia.
Antolakuntza lanetan ez ezik, Gernika Off-Road taldeko kideak lehia betean ere aritu ziren. 125eko Openean Markel Barainka Zabala bosgarrena izan zen; Mikel Zarakondegi Agirre eta Unai Rementaria Muniozguren, hurrenez hurren, zazpigarrena eta zortzigarrena. Ekhi Urrutxua Ribasek hirugarren postua lortu zuen PRE99 maila. Jose Antonio Ojanguren Marin bosgarrena izan zen PRE84-n, eta bere anaia Juan Manuel, ostera, PRE78 mailan seigarrena. Azken kategoria horretan Asier Etxeandia Gezuragak ere parte hartu zuen, laugarren postua lortuta. Azkenik Twinshock mailan Doroteo Aldana Jaio zazpigarrena izan zen.
Parte hartzaileek “begi onez” ikusi zuten 1,4 kilometroko barrutia: “Batzuek zirkuitu muturrekoagoak gustuko dituzte, baina, oro har, ibilbidea lehiarako egoera oso onean egon zen. Entrenamendu saioan eta lehen txandan, belarguneak oraindik busti samar zeuden, eta hark isla izan zuen denbora erregistroetan; bigarren txandan, baina, bizkor aritzeko aukera egon zen, eremua lehortu egin baitzen”.
Urriaren hasierara bitartean, gainera, motor hotsak ez du etenik izango Mendatan, antolakuntza cross country modalitateko proba atontzen ari baita. Urriaren 3an egingo dute ordu bi inguru iraungo duen lasterketa, iragan asteburuko barrutiaren “zati bat” aprobetxatuta: “Zirkuitu luzea prestatu nahi dugu, itzuli bakoitza hamar minutu inguruko izan dadin. Izen ematea datorren egunotan zabalduko da, eta parte hartze handia aurreikusten dugu; cross countryak enduroa eta motokros uztartzen dituenez, edozein motor erabili daiteke. Hala, jendearen erantzunaren zain gaude”.