Lokatzak epaile lana egin du Ereñon
Ereñoko XIII. Enduro Lasterketa azken urtekotako "gogorrena" izan da. Markos Beraza nafarra izan da kategoria nagusian, senior mailako Txapelketan, irabazlea. Izena emadako 115 parte hartzaileen erdiak baino ezin izan zuen helmuga harrapatu.
Gogoangarria besteko gogorra izan zen iragan zapatuko [maiatzak 16] Ereñoko XIII. Enduro Lasterketa. Hala motozaleak, nola Gernika Off-Roadeko antolatzaileak muturrera eroan zituen Ereño inguruko mendiak erabat gogortu zituen lokatzak. Antolatzaileak aurretiaz prestatutako zenbait gune tekniko moldatzera eta 24 kilometro inguruko barruti luzeari itzuli bat kentzera derrigortu zituen eguraldiak; itzuli bi egin behar izan zituzten, beraz, gidariek.
115 lagunek izena eman zuten, baina “erdia inguruk” gurutzatu ahal izan zuen azken helmuga lerroa. Hortaz, antolakuntzaren balorazioa “gazi-gozoa” da: “Inork ez zuen istripurik eduki, eta, zirkuituaren egoera kontuan hartuta, ez da gutxi; alde horretatik pozarren gaude, motozaleen erantzuna aparta izan delako. Bestetik, hainbatentzat muturrekoegia izan zen zapatukoa, eta uste dugu beste hainbeste ez zirela bertaratu, eguraldiarekiko beldurrez”. Ildo horretatik, bai “urruneko” ordezkaritzan nahiz emakumezkoenean ipini dute fokua: “Urrundik jendea etorri zen, baina, eguraldi ona balego, argi dugu are gehiago liratekeela. Emakumezkoen parte hartzean ere, aroak eragin zuzena izan du, eta parte hartzaile bakarra animatu da; badago lanik egiteko, beraz”.
Euskadiko Txapelketarako ez ezik, Kantabriako, Gaztela eta Leongo eta Nafarroakorako ere proba puntuagarria izan zen Ereñokoa; nafar bat, hain zuzen, izan zen sailkapen nagusiko eta senior mailako Txapelketa kategoriako jaun eta jabe. Markos Berazak gogotik lehiatutako eta landutako garaipena patrikaratu zuen, lanak 15.35,525ean biribildu ostean. Bigarren sailkatu Mikel Armas arabarrak segundo bakar bat gehiagotan burutu zituen lanak (15.36,586), eta hirugarren postuaren ugazaba eta iazko garailea, Xabier Gallardon nafarra, ez zen urrun ibili, 15.39,160ko erregistro aparta sinatu baitzuen.
Eguraldiak eta basatza izugarriak hautagaitzak aurreratzea “ia ezineko” eginagatik ere, podium nagusia osatu zuten hiru gidariak motozaleen ahotan zeuden, proba hasi orduko: “Beraza behin baino gehiagotan Espainiako Txapelduna izandakoa da, eta Gallardon, aldiz, iazko txapelaren defendatzailea. Armasi dagokionez, beti goi mailan aritzen den pilotu erregularra da. Hirurak podiumerako faborito argiak ziren, eta aurreikuspen hori bete zuten”.
Gazte mailako Txapelketa Moto Club Aiala etxeko Eneko Martinez aiararrak irabazi zuen (16.31,024), bere legea Oier Santiso ondarrutarraren (17.05,072) eta Hodei Uriarte eatarraren (18.30,096) aurretik ezarriz. Gernika Off-Roadeko taldekide biek “merezimendu handiko” bigarren eta hirugarren postuak lortu zituzten, garailea SuperEnduro modalitateko “Munduko Txapelketan lehiatzen” aritzen baita.
Seniorren Trofeo lehian ere, Moto Club Aiala nahieran aritu zen, eta podiumeko hiru postuak arabarrek bereganatu zituzten: Unai Uzarragak (19.09,172), Josu Campok (19.14,204) eta Igor Caminok (19.52,701), hurrenez hurren. Etxeko taldeko kideak sailkatu ziren hurrengo lau postuetan. Hori bai, maila horretako gazteen sailkapenean dinamika errotik aldatu zen: lehen bi postuak lortu zituen Gernika Off-Roadek. Aiur Areitio ermuarra argiki nagusitu zen (12.39,691) eta bigarren postuak Beñat Urzuriaga mendatarraren aldera (15.33,806) jo zuen, oso urrun aritu zen Unai Unzaga laudiotarraren (22.09,963) aurretik. Beteranoen sailkapenari dagokionez, Alvaro Saenz nafarrak (13.07,244) eroan zuen. Emakumekoen lehiarik ez zen egon azkenean, Sandra Gomez madrildarra izan baitzen aipatutako parte hartzaile bakarra.
Lana ez da amaitu.
Lasterketa amaitu zen, baina Gernika Off-Roadeko kideak oraindik buru-belarri beharrean dabiltza egunotan, eta mezu argia dute herritarrentzat: “Ibilbideko txoko denak proba hasi orduko zeuden bezalaxe utzi guran gabiltza; beraz, jendeari eskatzen diogu mesedez egunotan motorrean edota bestelakoz bertatik igaro ez dadila. Motorren joan-etorriak eta basatzak inguruak nahikoa higatu dituzte, eta antolatzaileoi gauzak errazteko eskatzen diegu guztiei, hurrengo urtean Ereñoko Enduro Lasterketak XIV. ekitaldia eduki dezan”.