Mendata, berriro motozaleen dianan
Motor klasikoen motokros lasterketa hartu ondoren, cross country mailako Euskadiko Txapelketa hartuko du Mendatak zapatu honetan [urriak 3]. 60 lagundik gora izena emanda daude 12:00etan hasiko den eta ordu bi inguruko iraupena edukiko duen lehiara.
Motor klasikoak eta 125 zentrimetro kubikokoak izan ziren protagonista Mendatan duela aste bi [irailak 19] egin zuten Mendatako Klasikoen Motokrosean, baina motor hotsa oraindik ez da bertatik aldendu, bigarren hitzordu esanguratsua egingo baitute zapatu honetan [urriak 3], hori ere estreinakoz: Mendatako Cross Country Lasterketa. Gernika Off-Road taldeak enduroa eta motokrosa uztartzen dituen modalitateko lasterketa antolatu du, eta motozaleek, gaur-gaurkoz, proposamenari ederto erantzun diote: 60 gidaritik gora daude izena emanda Euskadiko Txapelketa hartuko duen probara.
Iraupen edo erresistentzia proba izango da 12:00etan herrigunean abiatuko dutena. Iraileko lasterketa kilometro eta erdiko luzera zuen barrutian biraka lehiatu baldin bazuten, asteburu honetan ibilbide “luze eta gogorragoari” aurre egin beharko diote parte hartzaileek, antolatzaileen aditzera eman dutenaren arabera. Cross countryak ordu biko iraupena edukiko du, irteera hartzen duten unetik; denbora tarte hori eginda, helmugarako bidea hartuko dute gidariek: “Ordu biko erresistentzia azterketa izango da, atzera kontaketa kronometratuarekin; behin ordu horiek eginda, helmugarako bidea hartuko dute partaideek. Lehen sailkatuak ordu bi eta zerbait gehiago beharko dituela aurreikusten dugu, baina ez askoz gehiago”.
Motorrak ere, azken zitakoekin alderatuta, “oso bestelakoak” izango dira: “Berez, mendirako edozein motor erabili daiteke, zaharrak direnak barne. Hori bai, oraingo honetan lehia punta-puntakoa izango da eta, horrenbestez, maila handia plazaratuko da irteeran, bai gidariei, bai erabiliko duten materialari dagokionez; gehientsuenek enduroko motorrak ekarriko dituzte, motokrosekoak baina gehiago”.
Zapatu honetako ibilbidearen zati bat klasikoen lehiako barrutitik igaroko da
Lasterketa luzea izango denez, “basoan barrena ordu laurden inguruko iraupendun ibilbide berria” diseinatu du Gernika Off-Roadeko lantaldeak. Ibilbide horren barruko zati bat, baina, klasikoen lasterketako barrutitik igaroko da: “Zirkuitu hori ere aprobetxatu gura genuen, bertan egin genuen lanagatik eta proba hartan jaso genuen erantzun apartagatik”. Zazpi kilometro inguruko luzera edukiko du zapatuko ibilbideak. Ez da proposamen “oso muturrekoa” izango, mendi eta baso inguruak berak “berez duen zailtasun naturalaz” harago.
Goizetik eguerdira.
Motozaleek 09:30etik aurrera edukiko dute aukera Mendatara hurreratuko diren gidarien materiala bertatik bertara ikusteko; ordu horretatik 10:40ra bitartean egiaztapen teknikoak egingo dituzte. 10:45ean, gidarientzako informazio bilera egingo dute, eta 11:00etan, errekonozimendu bira egingo dute parte hartzaile guztiek, lasterketan topatuko dutena “aurretiaz ezaguna” izan dadin. Ibilbidea lehen aldiz biribilduta, deposituak hornitu, eta 12:00etan probari ekingo diote.
Nagusi, gazte, emakume eta beterano mailak egongo dira, baina taldekideen sariketa ere egingo dute
Kategorietan banatuko dute irteera parrila: nagusi mailakoak irtengo dira lehendabizi; gazte mailakoak, ondoren; azkenik, emakumezkoak eta beterano mailakoak. Sariak ere, lau kategorietako garaileek jasoko dituztela iragarri dute: “Lehen hiru sailkatuek garaikurrak jasoko dituzte, eta irabazleek, gainera, bertoko txakolina”. Asteon, halaber, berritasun bat edukiko du sari banaketa ekitaldiak: “Gernika Off-Roadeko kideek beren sasi-kategoria edukiko dute; hiru taldekiderik onenak sarituko ditugu, eta horiek ere beraien garaikurrak jasoko dituzte”. Sari banaketa hori, hain zuzen, “14:30ak edo 15:00ak aldera” egingo dute.