Aniztasunaren eta tokikoaren apologia
Ia 50 ekoizle hartuko ditu domeka honetako [irailak 24] Muxika, Ibarruri eta Gorozikako Nekazal eta Artisau Azokak. Azokaz gain, esku pilota partiduak, bertso saioa eta herri kirol erakustaldia ere aurreikusita daude.
Tokikoari lekua egingo diote asteburu honetan muxikarrek: bertokoari, beti egon eta egongo denari, erroei. Muxika, Ibarruri eta Gorozikako Nekazal eta Artisau Azoka beste urte batez eskualdeko ekoizle, artisau, baserritar eta azokarien topagune bihurtuko da, domeka honetan [irailak 27]. 10:00etatik 14:00etara bitartean, zer ikusi zein dastatu egongo da Kurtzero auzoko Galtzadako eta Etxekoko aparkaleku eremuetan. Izan ere, azokaguneak, postuez eurez gain, denetariko jarduerak hartuko ditu. Beraz, bertaratzen direnek goiz osoko plana eduki ahalko dute, tokikoaren koordenatuetan eta herrigintzaren ardatzean.
Aurten, 45 izango dira beraien produktu edota zerbitzuak jendaurrean aurkeztuko eta salgai ipiniko dituzten ekoizleak. Horietako asko eta asko udalerrikoak edota ingurukoetakoak izango dira. Jan-edanak postu zentrala edukiko du azokan 17, izango baitira eskaintza gastronomikoa mahaigaineratuko dutenak. Besteak beste, ortuariak, sagardoa, garagardoa, txakolina, frutak, gozokiak, ogia, ahate produktuak, eztia, produktu agroekologikoak zein kontserbak egongo dira.
Artisauen lanaren zaleek ere, plaza apropos askoa topatuko dute Muxikan. Izan ere, luzea besteko oparoa da eskuragarri edukiko dituzten produktuen sorta: etxeko kosmetika eta agrokosmetika, bitxiak, arropa, serigrafia, larruzko produktuak, ehungintza, oihalezko osagarriak, bisuteria, burdinazko nahiz egurrezko produktuak edota polimerozko bitxiak.
Tokiko kirolarien bilgunea.
Azokagunea zabalduko duten ordu berberean, Kurtzeroko pilotalekuak udalerriko herrietako esku pilota txapelketaren finalaurreko jardunaldia hartu du. Hain zuzen, irailaren hasieran ipini zuten abian ‘Hiru herri, udalerri bat’ izeneko lehia, eta finala urriaren 17an izango da.
Pilota, baina, ez da domekan egongo den herri kirol bakarra izango. Galtzadako aparkalekuak harri-jasotze, aizkolari eta ingude ikustaldia hartuko du. Eli Txertudi izango da ingudeagaz saioa emango duena. Aizkoraren ardura, berriz, Aitzol Atutxak eta iaz ere Muxikan egon zen Ugaitz Mugertzak edukiko dute. Harri-jasotze saioak, berriz, partaidetza hirukoitza edukiko du: Mikel Lopetegi, Maddi Gesalaga eta Lierni Osa.
Izerdiak ondo bota ondoren, bertsolarien txanda iritsiko da, toki berean. Lilibertsoko kide bi ariko dira bertsotan: Ibai Amillategi gernika-lumotarra eta herriko bertsolari Onintza Enbeita. Kultur eskaintza zabal horrez harago, Kurtzeron poteo giroa eta jai aldartea egongo da goiz-eguerdi alde osoan zehar.
Etxe honek, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko HITZAk, bere postua edukiko du azokagunean. Herritarrei Hitzaren proiektua hurreratzeko eta bere produktuak salgai izanik, herritarrek bai postu horretara, bai azokaguneko gainontzekoetara bertaratzeko deia luzatua dute.