Pilota, hiru herriren batasuna erakusteko bide
'Hiru herri, udalerri bat' pilota txapelketa hartuko du Muxikak, estreinakoz. Asteburuan hasi eta urriaren 17a bitartean udalerriko auzo desberdinetako frontoiak izango dira eszenatoki.
Estreinakoz, herriko auzo guztietako frontoiak batuko dituen esku pilota txapelketa antolatu dute Muxikan: Hiru herri, udalerri bat. Irailaren 4ean hasi eta urriaren 17ra arte iraungo du, Kurtzeroko frontoian jokatuko den final handiarekin amaituko baita txapelketa. Muxikako auzoetako frontoiak izango dira txapelketaren agertoki, eta antolatzaileek argi erakutsi dute txapelketa honekin, batik bat, esku pilotari zein herriko auzoei bizia ematea dutela helburu.
Orain arte ere egin izan dira Muxikako auzoetako frontoietan pilota partidak, baina adierazi dute, normalean jaietako egitarauen barruan antolatu izan direla. Oraingoan, ordea, urrats bat gehiago eman nahi izan dute, eta jaietatik kanpoko kirol ekintza independente bat sortu, Muxikako txapelketa propioa izango dena. “Gure asmoa izan da jaietatik kanpo ere kirol ekintzaren bat antolatzea, zerbait independentea eta Muxikako txapelketa moduan”, azaldu dute antolatzaileek.
Ekimenaren beste helburuetako bat esku pilotari ikusgarritasun eta pisu handiagoa ematea da. Iaz Kurtzeroko frontoia berritu eta atondu zutela baliatuta, txapelketaren azken fasea bertan egitea erabaki dute. Horretarako, Arkupe Pilota taldearekin jarri ziren harremanetan, eta taldeak proposatu zien txapelketa kanporaketa, finalerdi eta final handien bidez antolatzea: “Muxika bezalako herri batean formatu horrek funtziona zezakeela uste zuten”.
Txapelketak maila guztiak hartuko ditu, eta ume eta gazte askok parte hartuko dute. Horrenbestez, antolatzaileek “ondo jantzita dagoen txapelketa” gisa definitu dute ekimena. Lehiaketa asteburu bat baino gehiagoz luzatuko da, eta partidak Muxikako hainbat auzotako frontoietan jokatuko dira.
Lehen jardunaldiak Gorozikan izango dira, asteburu honetan. Irailaren 4ko partidak arratsaldeko 18:00etatik aurrera jokatuko dira, eta irailaren 6koak, berriz, 10:00etatik aurrera. Ondoren, Ibarrurin izango da hitzordua irailaren 13an; Kurtzeron, irailaren 27an; eta Ajurian, urriaren 4an. Txapelketako final handia, azkenik, Kurtzeron jokatuko da urriaren 17an.
Antolatzaileek udalaren laguntza nabarmendu dute txapelketa aurrera eramateko ezinbesteko zutabe gisa. Horrez gain, auzoetako txokoen lana ere funtsezkoa izan dela azpimarratu dute. “Tankera horretako txapelketa bat antolatzeko, udalaren laguntzaz gain, auzoetako txokoen lana ere berebizikoa izan da. Partidu egunetan txokoak zabaldu beharko dituzte, eta hori asko eskertzen dugu. Elkarlanaren indarra erakusten duen txapelketa izango da”, adierazi dute.
Txapelketako hainbat jardunaldi Muxikako beste ekitaldi batzuekin batera egingo dira, eta antolatzaileek aukera hori aprobetxatu nahi dute herrian “mugimendua” sortzeko. Bereziki, Kurtzeroko kiroldegiko partiduak Muxikako azokekin batera egingo direla nabarmendu dute; irailaren 27an nekazal eta artisau azoka egingo da, eta urriaren 17an, berriz, bigarren eskuko azoka izango da. Horrela, kirola eta herriko jarduerak uztartuta, auzoetan egun osoan zehar giroa sortzea espero dute antolatzaileek.
Lehen edizioa izanik, antolatzaileek giro ona eta parte-hartze handia espero dute. «Oso gogotsu gaude. Muxika hemen dagoela erakutsi nahi dugu, eta bertoko frontoiak ere hemen daudela. Bertoko frontoietan ere bizia nahi dugula erakutsi nahi dugu», nabarmendu dute. Hala, pilota izango da datozen asteetan Muxikako auzoak lotuko dituen hari nagusia. Lehen edizio honek herriko frontoiak berriz ere herritarren topaleku bihurtzea eta esku pilotari Muxikan merezi duen lekua ematea izango du erronka.