Eskualde bat, bizikletaren inguruan lerrokatuta
Bizikletaren Astea ate joka dago. Domeka honetatik hurrengora bitartean, denetariko jarduerak egingo dituzte eskualdean, txirrindua ardatz dela. Gernika-Lumo eta Muxika lotzeko bidegorria beharrezkoa dela aldarrikatuko dute etzi [irailak 19], Kurtzero auzoan. Autorik Gabeko Nazioarteko Egunez, martitzenean [irailak 22], eskolara zein lanpostuetara bizikletaz joateko deialdia egin dute.
Aisi edo kirol osagarri izateaz harago, Busturialdeak bizikleta eguneroko garraiobide eta lanabesa dela aldarrikatuko du, asteburu honetatik hurrengora bitartean. Datorren martitzeneko [irailak 22] Kotxerik Gabeko Nazioarteko Eguna ardatz, eragileek bizikletaren inguruan atonduriko egitaraua prestatu dute, herritar guztiei eta bereziki gazteenei zuzenduta.
Zapatuan [irailak 19], Urretxindorra Herri Eskolako komunitateak urtero legez bat egingo du Gernika-Lumo eta Muxika lotuko dituen bidegorri eskakizunagaz. Kurtzerotik Aranera joan-etorria egingo dute, aldarrikapen gisa. “Bizikletaz, patinetez, skatean, trizikloz, oinez zein korrika” joan ahalko dira. Urretxindorran amaituko dute ibilbidea, hamaiketakoagaz eta Urdaibai Txirrindulari Eskolak antolatutako ginkanagaz.
Gernika-Lumon, bizikletaren inguruko aste bete-betea edukiko dute, domeka honetatik [irailak 20] hasita. Iragan apirilean, eskualdeko zein inguruko emakume zikloturistak elkartzeko estreinako irteera antolatu zuen Aixerrotape Zikloturista Elkarteak, eta, hark edukitako “jarraipen onaren” fruitu, bigarren irteera antolatzea erabaki dute. 10:00retan ipini dute hitzordua, Merkurion. Emakume txirrinduzaleak “elkarteetara hurbiltzea eta euren artean saretzea” bilatuko dute: “Bizikletaren zale asko eta asko daude, baina horietako hainbat beren kontura mugitzen dira; irteerak, alde horretatik, emakumeei dagokien tokia egitea eta beraien arteko sinergiak sortzea du helburu”.
Gernika-Lumotik irtenda, Lekeitiora joko dute, Munitibarretik; bertan, lehen geralekua izango dute. “Indarrak berrituta”, Ereñorako bideari ekingo diote, Laga eta Laidatik pasatuz irteera puntura itzultzeko, 70 kilometro inguru eginda.
Martitzen eta eguazteneko tailerretan 400 ikasle inguruk parte hartuko dute.
Martitzenean iritsiko da aste osoaren gailurretako bat: “Eskoletara edota lantokietara joateko, kotxea albo batera uztea eta bizikleta baliatzea eskatu ohi dugu, Kotxerik Gabeko Nazioarteko Egunari dagokion keinu sinboliko modura”. Pasealekuak hainbat ekimen hartuko ditu aste osoan, eta horietako bat egun horretako bide hezkuntza tailerra izango da: “Udalerriko eskoletatik 200 ikasle inguru bertaratuko dira, bide hezkuntzaz gehiago ikastera”. Hurrengo egunean [irailak 23], seigarren mailakoentzako beste tailer bat egingo dute, Basati Bike dendan, eta horretara ere “beste hainbeste” joango dira.
Martitzenean, bestalde, herritar denei 18:30ean “bizikletetara igo eta kalera jotzeko deia” egin gura diete aixerrotapetarrek: “Hiri ibilbidea egingo dugu Gernika-Lumon barrena. Egitasmo sinboliko ederra da, baina azken urteotan ez da egin, eta hura berreskuratzea garrntzitsua da.
Gernika-Lumoko hiri ibilbidea berreskuratuko dute aurten.
Eguaztenean, helduek mendi bizikletaz “bestelako moduan” gozatuko dute: “Iluntzez eta gauez mendi bizikleta ibilbidetxoa egingo dugu; segurtasun arrazoiak medio, helduentzat izango da. Bertaratzen denak nahitaez argiak ekarri beharko ditu”. Eguen arratsaldean, gaztetxoen txanda izango da: “Parte hartzearen araberako taldetan banatuta, Okaren ibaiadarretik ibilbide erraza egingo dugu”.
Eguen arratsaldez, fokua Elai Alai aretora lekualdatuko da, Iñigo Urretxu adituaren berbaldia tarteko: “Aixerrotapek jende askorengandik jaso izan du tankerako zerbait antolatzeko eskakizuna, eta horri erantzungo dio hitzaldiak. Urretxuk txirrindularitzarako eta bereziki errendimenduari begira aintzat hartu beharreko alderdiak modu ulerterrazean azalduko ditu. Berbaldi ostean mahai-inguru txiki bat egingo dugu, inork galderarik izatekotan”.
Kronoa “aitzakia” da.
Hurrengo asteburua pedalei itsatsita igaroko dute herritarrek. Izan ere, hilaren 26an, bai errepideko, bai mendi bizikletako ibilbide herrikoiak egingo dituzte: “Errepidekoak Plentzia ingurura joko du; mendikoak, Solluberantz”. Bietarako hitzordua Merkurion ipini dute, 09:00retan.
Lumoko herri kronoigoerara aurretiaz zein egunean bertan izena eman ahalko da, doan
Adolfo Urioste kalea eta Merkurio ingurua bizkorrenen topagune izango da arratsaldez: Lumoko herri kronoigoera bere VII. aldira iritsiko da aurten; umeen zein nagusien kronoigoera egingo dute, 17:00retatik aurrera; izen ematea irteera gunean egin ahalko da, 15:00retatik aurrera, baita aurretiaz ere, “karteletako QR kodera edota Aixerrotaperen webgunera jota”. Iaz, asko hazi zen umeen parte hartzea eta, alde horretatik, aurten ere gaztetxoei “parte hartzera animatzeko deia” egiten diete: “Kronoa tarte on bat pasatzeko aitzakia baino ez da: edonor ondoetorria da, bere maila edozelakoa izanik ere”.
Gernika-Lumoko zein Bermeoko familia txirrinduzaleek Ekoetxea Urdaibaigaz egin duten elkarlanaren emaitza izango da Bizikleta Astearen azken mugarria [irailak 27]: “Ekoetxera txirrindulari zutabe bana irtengo dira 11:00etan, eta bertan bat egingo dute, jai giroan; azken urteetan parte hartzaile asko egongo dira, eta aurten errepikatzea espero dugu”.
Bizikleta Astea
Etzi.
10:30. Auto Gabeko Eguna, Muxikako Kurtzero auzoan. Kurtzero-Arane-Urretxindorra ibilbidea, bidegorriaren alde.
Ondoren. Hamaiketakoa eta ginkana, Urretxindorra Herri Eskolan.
Irailak 20, domeka.
10:00. Emakume txirrindularien II. topaketa, Merkurion.
Irailak 22, Autorik Gabeko Nazioarteko Eguna.
Goizean. Eskolara zein lantokira bizikletaz joateko deialdia.
Goizean. Eskoletako ikasleekin bide hezkuntza tailerra, Pasealekuan.
17:00. Umeentzako ginkanak, Pasealekuan.
18:30. Familientzako hiri ibilbidea, Pasealekutik.
Irailak 23, eguaztena.
Goizean. Umeentzako mekanika tailerrak, Basati Biken.
20:00. Gaueko MTB ibilbidea, Pasealekutik.
Irailak 24, eguena.
17:00. Umeentzako MTB ibilbidea, Pasealekutik.
19:00. Iñigo Urretxuaren hitzaldia, Elai Alai aretoan: Txirrindularitza eta errendimenduaren gakoak.
Irailak 26, zapatua.
09:00. Helduentzako MTB eta errepide irteerak, Pasealekutik.
17:00. VII. Lumoko herri kronoigoera, Merkuriotik. Izen ematea ordubete lehenago, irteera eremuan.
Irailak 27, domeka.
11:00. Ekoetxea Urdaibaira ibilbidea, familiei zuzenduta; Gernika-Lumotik eta Bermeotik zutabe bana.