Xabier Barandika, edo erresilientziaren tantoa
Xabier Barandika gernika-lumotarrak, azkenean, irabazi du zesta-puntak zor zion Jai Alaiko finala. Etxeko pilotalekuan harrapatutako seigarren finalean iritsi zaio txapela: Mikel Mantzisidor mutrikuarragaz batera jantzitako Gernikako Grand Slamekoa.
Badira kasualitatezkoak diren tantoak. Beste hainbeste kalitatearen fruitu dira. Lanaren ordainsari direnak ere badaude. Xabier Barandika Olea gernika-lumotarrak asteak eman zituen min hartuta, Eusko Label Winter Seriesen final handira sailkatu baina hura jokatu ezin izan zuela. Orain, asteak daramatza garaipenaren gurpila gelditu barik. Aurrelariak jokatu dituen azken hamabost partidetatik hamalau garaipeneko uzta jaso du. Uda aldira “ahalik eta sasoikoen” bueltatzea zen udaberrian bere buruari ezarri zion langa, eta hori sobera gainditu du.
Hiru aldiz iritsi da Barandika Gernikako Grand Slamaren azken agertokira. Hiruretan kale egin du. Guztira, Winter Seriesko bi finalak (goian aipatutakoa ezin izan zuen jokatu) aintzat izanda, sei final jokatu ditu zesta-puntaren katedralean. 36 urteko puntista gernika-lumotarrak, zerbait baldin badu, “hori burugogorkeria da”: “Udaberrian, adibidez, ez nukeen inondik ere esperoko etxeko finalean egon ahalko nintzenik, eta are gutxiago hura behingoz irabaziko nukeenik”.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Donibane Lohizunen ere atzo [abuztuak 18] garaipen handia lortuta da. Sasoiko dago. Ez da kasualitate kontua. Thibault Basquegaz batera, Nazioartekoak Grand Slam mailako lehiaren finalera sailkatuta dago. Ez hori bakarrik: gaur [abuztuak 19] Miarritzeko Urrezko Xisteraren finalaurrekoa jokatuko du, Guillen Oihenardegaz bikotea osatuta; hilaren 28an, berriz, Jerome Portetegaz ariko da, Pau Cup-en finalerdian. “Gozatzen” ari da, unea dastatzen. Neurri batean, lesioak ez ote zion onuraren bat ekarriko, hainbeste buruko minen artean: “Beste askok baino gutxiago jokatu dut orain arte eta, alde horretatik, freskotasun fisikoagaz eta sasoi puntu ederrean iritsi naiz udako txapelketa garrantzitsuetara”.
“Lesioa gorabehera, urtearen irakurketa oso positiboa egiten dut”
Jai Alaik neguko final handiena ostu zion, baina udakoa opari egin dio bueltan. Pilotaren labirintoak nolabait. Winter Seriesko finalerdia lurrean botata eta besomotz amaitu behar izan zuen aurrelari harentzat “ia ezinezkoa” da bere kirol ibilbideko udarik distiratsuena egiten aritzea: “Lesioa gorabehera, urtearen irakurketa oso positiboa egiten dut. Gogor lan egin dut indartsu itzultze aldera, eta uste dut emaitza hauek behar horren ordainsaria direla”.
Finalera denboran jauzia.
Barandikak “ezin urduriago” ekin zion herriko Grand Slamaren final handiari. Ez zen gutxiagorako: batetik, Mikel Mantzisidor eta bera hautagai argiak ziren, Aritz Erkiagaren eta Iñigo Undaren aldean; bestetik, San Roke Egunez, harmailak ezin beteago zeuden, baina zale gehienek etxeko beste finalistaren, Undaren, aldeko elastikoak zeramatzaten soinean”.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bikote solidoagoa eta pitzadura gutxiagokoa zen gernika-lumotarrak eta mutrikuarrak osatutakoa, baina “Erkiaga moduko norbait” edozein partiduren ekuazioan dagoenean “edozer gerta daiteke“. Beraz, jokoa atzera kargatu zuten, Unda presiopean jarri, eta Ispasterko magoa partidutik atera: “Baina Unda guk pentsatu baino hobeto aritu zen, ez zituen hutsegiteak guk pentsatu bezain erraz egin; gainera, geuk ere ez genuen erakutsi egoera askotan min gehiago egiteko abileziarik”.
“Azken setean, pasa-falta bat egin nuen, eta pilota atzeko toldora ere joan zitzaidan; ez zen hirugarren set ona izan”
Lehen setean, “kostatu” zitzaien erritmoa hartzea. Atsedenaldiaren ondoren, bazirudien norgehiagokari neurria hobeto hartu ziotela, batik bat, Erkiagaren hutsak tarteko. Bost tanto egin zituzten erreskadan, eta lehen seta poltsikoratu zuten. Bigarrenean, baina, gauzak erabat katramilatu zitzaizkien: “Erkiagak arriskuak hartu zituen, eta estrategia ondo atera zitzaion. Niri presioak gainezka egin zidan“. 10 eta 9kora arte, karta denak mahaigaineratuta zituzten, baina azken txanpan “hiruzpalau hutsegite oso larri” egin zituzten, eta setak ihes egin zien. Hirugarrenean, beraz, kale edo bale egin beharra.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Azken set hura jokaldi “eta sentsazioen” nahaspila izan zen: batak igarri, besteak huts egin, eta alderantziz. “Pasa-falta bat egin nuen, eta pilota atzeko toldora ere joan zitzaidan; ez zen hirugarren set ona izan“. Edozelan ere, markagailuak horien alde egin zuen, alegia, etxeko bi finalistetako beteranoenaren alde: “Oso berezia izan zen, ze, Gernikako Grand Slamak jardunaldiz jardunaldi behetik gorako dinamika izaten du, eta finala ospakizun erraldoia izan ohi da. Aurten, inoizko jende gehien egon da harmailetan, eta oso maitatua sentitu naiz”.
Eta orain zer?
Barandika, tarte luzez lesioak jota egon arren, Jai Alai Ligako aurrelarien sailkapenean hirugarrena da egun, ia 11.000 puntu patrikaratuta. Erkiaga eta Eñaut Urreisti mutrikuar gaztea baino ez ditu aurretik; atzetik, ligaren Lauko Finalerako azken sailkapen postuan, Johan Sorozabal miarriztarra du. Lauko Final horrek emango dio amaiera ligari, irailean, Donostian. Tartean, Ipar Euskal Herriko txapelketak eta Lekeitioko Udako Jai Alai Master Seriesa (Barandika ez da azken horretan ariko) baino ez dira falta.
“Harrapatu dudan sasoi puntua ikusirik, hirugarren liga garaipenaren lehian ibili naiteke”
Lauko Finalean egotea matematikoki ziurtatua du gernika-lumotarrak, baina hori “ez da inoiz helburu” izan: “Nire egiteko bakarra lesiotik sendo itzultzea eta udaz gozatzea zen. Partiduz partidu gozatzen ari naiz, eta horrek emaitzak eskutik dakartza; momentuz, burua ez daukat Donostian”. Irribarreak ihes egiten dio, alabaina, liga sailkapena azken bi urteetan jarraian irabazitakoari: “Duela hilabete batzuk, Lauko Finalera sailkatzea, bere horretan, guztiz ezinezkoa begitanduko zitzaidan; orain, harrapatu dudan sasoi puntua ikusirik, hirugarren garaipenaren lehian ibili naitekeelakoan nago”.
Badira kasualitatezkoak diren tantoak. Beste hainbeste kalitatearen fruitu dira. Lanaren ordainsari direnak ere badaude. Xabier Barandikarena, zerbait izatekotan, sekula amore ez ematearena da: erresilientziaren tantoa.