Etxeko aurrelaria, etxekoen aurrean handi
Xabier Barandika gernika-lumotarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak irabazi dute Gernikako Grand Slama, finalean Aritz Erkiaga ispastertarra eta Iñigo Unda gernika-lumotarra menperatuta. Azken tantoan erabaki da txapelak noren burura joko ote duen.
Argazkia: Eraman Jai Alai. Txapelak ez du edonoren burura jotzen; txapelak bururik egokienak unerik egokienean hautatzen ditu maiz. Xabier Barandika gernika-lumotarrari, esaterako, etxeko txapelketarik handienaren, Gernikako Grand Slamaren, seigarren finalean iritsi zaio hura janzteko sasoia. Aurrelaria Grand Slamaren hiru finaletara eta Eusko Label Winter Seriesaren beste bitara sailkatutakoa da, baina txapelak, zerbait izatekotan, oso garesti daude Jai Alai zesta-puntaren katedralean.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Gogoangarria besteko zirraragarria izan zen San Roke eguneko [abuztuak 16] finala. Barandikak Mikel Mantzisidor mutrikuarra izan zuen bizkartzain: bikote solidoa, segurua eta sendoa; baita partiduaren presio guztia lepotan zuena ere. Aurrez aurre izan zituzten Aritz Erkiaga Ispasterko magoa eta udalerriko atzelaririk plazagizonena, agertokirik gaitzenetan hazi baino egiten ez dena: Iñigo Unda gernika-lumotarra. Final oso serioa jokatu behar izan zuten Barandikak eta Mantzisidorrek, beilegi koloredun bikote hautagaiak. Jokoa atzera kargatu zuten, Unda arazoetan ipini eta Erkiaga partidutik atera asmoz. Hori bai, gernika-lumotar gazteak nota oso onez gainditu zuen azterketa, batik bat, Erkiagaren ekarpenari esker.
Erritmoa oso handia izan zen hasierako jokaldietatik, Undaren kalterako; edozelan ere, ondo eutsi zion 2.000 zaleen tentsioa barnebiltzen zuen plazari. Aurrealdean Erkiaga moduko puntista eskarmentatua edukirik, haren gidalerroei kasu egitea izan zen atzelariaren egiteko nagusia. 6 eta 8koagaz iritsi ziren lehendabiziko atsedenaldira; haren ostean, horiek beren tokia topatu zutela zirudien. Barandikaren txik-txak eder bati kanpora bidalitako erremate batek eman zion txandapasa. Ondoren, baina, jarraian egin zituzten horiek lehen seta poltsikoratzeko behar zituzten bost tantoak: 15 eta 10, gernika-lumotarraren eta mutrikuarraren alde.

Argazkia: Eraman Jai Alai.
Bigarren setean, lehenengoaren taktika bera jarraitu zuten garaileek, hau da, jokaldiak su epelean lantzea, Erkiagaren erremateak saihestea eta jokoa Undarengan higadura sortzera bideratzera. Pilota bizia ez zuten lagun izan: Erkiagaren ikuskizuna hastear zen. Larrosak 1 eta 3, 2 eta 4 edota 5 eta 8 aurreratu ziren. Aipagarria izan zen, errebeskadaz ez bezala, Unda boteretsu plazaratu zela eskumaz, Mantzisidor atzealdean indar handiz behartuz eta tanto baliotsuak patrikaratuz. Erkiagaren horma bikoa eta errebotea izan ziren finala berdinketa haustera eroan zuten detonatzaileak: 9 eta 15, larrosen alde.
Hartu eta eman.
Hirugarren eta azken setean, bikote bien argiak eta itzalak uztartu ziren. Barandikak atzera jaurtita egin zuen lehen tantoa, baina ostean atzeko toldora bidali zuen pilota; Undak huts egin zuen hurrena, baina Erkiagak errebotez binako berdintzea lortu zuen; Barandikak beste errebote bategaz berdindu zion apustua, baina jarraian pasa-falta egin zuen; Erkiagak bi hormakoa txapa azpira jaurti zuen, baina ondoren botepronto sartu zen, zazpiko markatik pilota txokoan maisuki uzteko. Eta, azkenean, launa berdinduta eta kale edo bale egin behar zutela, Undari atzean ihes egin zion pilotak: 5 eta 4koagaz, txapelek Barandikaren eta Mantzisidorren buruetara.

Zaleak jesarlekuetatik altxarazi zituen lau pilotarien borrokak: denek ala denek guzti-guztia kantxan utzi zuten eta, tentsioa ezin nabariagoa izanagatik ere, jai giroko tentsioa izan zen nagusi. Herriko puntisten belaunaldi bi herriko pilotalekuan, herriko jaietan eta herriko Grand Slamaren final handian elkarren aurka aritu ziren. Bata, zesta-puntaren historiako aurrelaririk distiratsuenetako batekin; bestea, gaurko eta biharko bermeak eskuartean dituen atzelari onenetakoarekin. Gernikako Grand Slamak berriro ere frogatu du zer dela eta bataiatu ohi duten zesta-puntaren udako txapelketa bikainenetako eta entretenigarrienetako bat modura.