Miruagaz hasi da Gernika-Lumo Uda Fest jaialdia
Gernikako Txosna Batzordeak udalaren "gardentasun falta" kritikatu, eta adierazi du herriko kultur eskaintza aberasteko, eragileekin elkarlanean eta jai batzordeko eskariak kontuan hartuta jardun beharko lukeela udalak.
Uztaileko zapatuetarako musika eskaintza biltzen du Gernika-Lumo Uda Fest jaialdiak, eta Mirua taldeko kideekin estreinatu zuten zapatu gauean [uztailak 11]. San Bartolome kalean eskaini zuten kontzertua.

“Udako egunei alaitasuna eta poztasuna ematea, kultur eta musika eskaintza aberatsa proposatzea eta herriko toki edo eremu desberdinetara zuzeneko musika eroatea” ditu helburu jaialdiak, eta, hain zuzen ere, zapatu honetan [uztailak 18], Adolfo Urioste kalean (Merkurio) ariko dira Puro Relajo taldekoak, 21:30etik aurrera.
Uztailaren 25ean, ostera, Gozategik girotuko du San Kristobal plaza, eta jaialdiaren azken egunean, abuztuaren 1ean, erraldoien eta gargantuaren kalejiragaz hasiko dute arratsaldean, eta gero, Xaiborren ikuskizunagaz gozatuko dute San Juan Ibarran.
Eragileen iritzia. Gernikako Txosna Batzordeak udalaren “gardentasun falta” kritikatu, eta adierazi du herriko kultur eskaintza aberasteko, eragileekin elkarlanean eta jai batzordeko eskariak kontuan hartuta jardun beharko lukeela udalak, “diru kantitate horrek jaietako egitaraua indartzea” ahalbidetuko lukeelako.
Hain zuzen ere, emandako datuen arabera, Gernika-Lumo Uda Fest jaialdira 30.000-40.000 euro bitartean bideratu ditu udalak, eta Gernikako jaietarako kontzertuetarako ezarritako aurrekontua 30.000 eurokoa izan da aurten. Gogoratu dute kopuru hori osatzeko, 7.000 euro ipini dituela Gernikako Txosna Batzordeak: “Jai batzordea eta musika lantaldea urtarriletik ari dira lanean, jaietarako kontzertuak eta kale animazioa antolatzeko. Harrigarria da jai batzordean hainbat eragile urtean zehar musika lantaldea aurrera eramaten egon diren artean, eta proposamenak mugatzeko udalaren aitzakia diru falta izan den bitartean, orain, bat-batean hau agertzea”. Hurrengo urtera begira, “transparentziaz” jokatzeko eskatu diote udalari.
Udalerria kulturaz betetzea eta ekitaldi gehiago antolatzea “onuragarria” bada ere, batzordeko kideen iritziz, “hau ez da modua”, herriko eragileak kontuan hartu barik eta horiei jakinarazi barik antolatu duelako udalak uztaileko jaialdia: “Instagram bidez izan dugu bere berri; eragileekin hitz egin gabe, eurei eragingo dieten proiektuak martxan jartzen dituen lehen aldia ez da. Esaterako, liburutegiko obrarekin, Pasealekuko arkupea erdira murriztuko da, txosnak eta beste hainbat ekimen espazio gabe utziz”.