Musika taldeen "aniztasuna" islatzen duten kontzertuek girotuko dituzte jaiak
Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietako kartela Janire Arrizabalagarena da, eta jai batzordekoek "denetariko musika" bermatu gura izan dute musika emanaldietan.
Iragarri dituzte Gernika-Lumoko Andra Mari eta San Roke jaietako kontzertuak, baita kartel iragarlea ere. Janire Arrizabalagaren Gernika bizi bat ospatzen izan da kartel irabazlea, ondo irudikatzen baititu udalerriko jaien ezaugarriak; lehiaketara 16 kartel aurkeztu dituzte. Bestalde, “denetariko” musika eta musika taldeen aniztasuna azpimarratu dituzte Jai Batzordeko Musika lantaldekoek. “Kontzertuak lotzeko zailtasunak izan ditugu, talde ezagun askok aurrekontu oso handiak dituztelako. Dena dela estilo desberdinetako kartela lortu dugula uste dugu. Talde ezagunak badaude, ez lehen lerroan dauden taldeak, baina herritarren gustuak betetzeko kartela dela uste dugu”, adierazi dute
Hala, Lurgorriko jaietatik Gernikakoetara arteko kartela iragarri dute. Lurgorrin, Sueder, Skabidean eta Altxaporru erromeria igoko dira oholtzara, eta Dj Elepuntok jarriko du musika gaua biribiltzeko. Eta, abuztuaren 14tik 17ra bitartean, ohi legez, bi espazio banatu dituzte musika entzuteko: San Juan Ibarra eta Pasealekua.
Azken gune hori izaten da jendetza biltzen duena, eta denetariko taldeak ariko dira. Hala, bezperada egunean Etorkizun Beltza herriko taldea eta Oxabi arduratuko dira musika jartzeaz; Oxabikoek 20. urteurreneko kontzertu berezia eskainiko dute. Bestalde, Marte Lasarte, Hofe eta LaMia Marik girotuko dute Andra Mari gaua. “Iaz Dj gauak erantzun ona izan zuen, eta aurten, oso entzunak diren Marte Lasarte eta Hoferen ostean, LaMia Mari ekartzea pentsatu dugu”, arrazoitu dute.
48280 lekeitiar gazteak, rap estiloa jorratzen dutenak igoko dira oholtzara San Roke egunez, baita rock indartsua lantzen duen eta zuzeneko “oso ona” duen Ezpalak taldea ere. Gaua biribiltzeaz, aldiz, Las Testarudes arduratuko da: “Ska musika egiten duten kataluniako nesken taldea da, eta ederra izango da”. Mozorroen egunean, berriz, herriko Apokhalipsis taldeko gernikarrek, Naxkerrek eta Zirkinik Bezek girotuko dute jaia.
San Juan Ibarran, berriz, Mariachi Imperial de Guanajuato, Los 5 Bilbainos eta Afrika Bibang ariko dira, abuztuaren 14an, 15ean eta 16an, hurrenez hurren.
Kontzertuak jendea erakartzeko leku dira, eta, Txosna Batzordeak egiten duen ekarpena balioan jarri dute, izan ere, urtero legez, diru ekarpena egiten dute, “kontzertuak hobeak” izan daitezen: “Musika lantaldetik ahalegindu gara ahalik eta talde erakargarrienak ekartzen”.