Gernika-Lumo Uda Fest: musika, herriko gune denetara
Uztailaren 11, 18 eta 25ean eta abuztuaren 1ean egingo dute estreinakoz Gernika-Lumo Uda Fest jaialdia. Mirua, Puro Relajo, Gozategi eta Xaibor igoko dira herriko gune desberdinetako oholtzetara; azken jardunaldian, eskualdeko erraldoiak izango dira protagonista.
Udako iluntze eta gaualdiak musikatzera dator, estreinakoz, Gernika-Lumoko herriguneak hartuko duen Gernika-Lumo Uda Fest musika jaialdia. Bai eskualdeko, bai Euskal Herriko musika taldeen topagunea izango dira kale eta plazak, uztailaren 11n hasita eta abuztuaren 1a bitartean. Gaur [ekainak 19] egin dute jaialdiaren lehendabiziko ekitaldiaren aurkezpen agerraldia, kultur etxean; bertan egon dira Jose Mari Gorroño alkatea, udal gobernu taldeko kide Iñaki Gorroño eta Jon Lejarraga, Bermeoko Erraldoien Konpartsako ordezkariak eta Fernando Malaxetxebarria udal langilea.
Alkateak azaldu duenaren arabera, hainbat helbururi tiraka antolatu dute jaialdia: “Alde batetik, udako egunei alaitasuna eta poztasuna ematea; bestetik, kultur eta musika eskaintza aberatsa proposatzea; horiez gain, herriko toki edo eremu desberdinetara zuzeneko musika eroatea”. Abuztuaren 1a izango da jaialdiaren egun nagusienetakoa, nagusiena ez bada. Izan ere, herrigunea zazpi erraldoi bikoteren topagune bihurtuko da. Bost bikote herrikoak bertakoak izango dira, eta beste bi, berriz, bermeotarrak. Gorroñok azaldu duenez, bonbardaketan erretako gargandua nahiz erraldoiak berreskuratu egin zituzten, eta horiexek kaleratuko dituzte: “Dena ez da tristea; geure aurrekariek ere jaiak ospatzen zituzten. Beraz, erraldoi berreskuratuak kalera ateratzea oso pozgarria da”.

Ibilbideari dagokionez, guztia herriaren erdigunetik egingo dute, baina oraindik ez dago erabat zehaztuta, Joseba Batiz Bermeoko Erraldoien Konpartsaren lehendakariak azaldu duenez: “Foru plazatik abiatuko gara, eta, behin betiko ibilbidearen arabera, hiru bals egingo ditugu, 19:30ean hasita”. Erraldoien eta gargantuaren kalejira amaituta, jaiak ez du etenik edukiko: Xaiborrek San Juan Ibarra plazan kontzertua emango du, 21:20etik aurrera.
Eskualdeko erraldoi nahiz musikariak protagonista nagusi izango dituen egun hori orduko, arinagoko hiru zapatuetan ere egongo da zertaz gozatu. Uztailaren 11, Errenteriak hartuko du, 21:30ean, jaialdiaren lehendabiziko emanaldia: Miruak San Bartolome plazan joko du. Gaztearen 2021eko sariketetan Harrobia Saria eskuratutako talde gipuzkoarrak 2025ean kaleratutako azken lan luzea, Miruenea izenekoa, aurkeztuko du Gernika-Lumon. LP horretan, hain zuzen ere, hainbat kolaborazio entzutetsu izan dituzte bidelagun abestietan, besteren artean, TOC, Hofe, Kiliki, Xabier eta Leire Leturia, Maixa edota Juantxo Zeberio.
Uztailaren 18an, Merkurio ingurua eta Adolfo Urioste kalea Puro Relajoren dantzagune bihurtuko dira. 21:30ean hasiko da emanaldi hori ere. Baita hilaren 25ean Gozategik emango duen kontzertua ere; San Kristobal plazan joko du. Alkateak, ordutegiei dagokienez, aisialdia eta errespetua uztartzea erabaki dutel nabarmendu du: “21:30etik 23:30era bitarteko kontzertuekin, batetik, publiko guztiei egokitutako ordutegia bermatuko dugu; bestetik, beranduegi ez amaitzeak herritarren atseden orduetan ez eragitea ekarriko du”.
GERNIKA-LUMO UDA FEST
Uztailaren 11
21:30. Mirua, Errenteriako San Bartolome plazan.
Uztailaren 18a
21:30. Puro Relajo, Merkurio iturrian.
Uztailaren 25a
21:30. Gozategi, San Kristobal plazan.
Abuztuaren 1a
19:30. Erraldoien eta gargantuaren kalejira, Foru plazatik hasita.
21:30. Xaibor, San Juan Ibarra plazan.