Pasealekuko udal liburutegiaren birgaitzea datorren uztailean hastea aurreikusten du udalak
Gernika-Lumoko Udalak Bizkai, Araba eta Gipuzkoako kontratazio publikoko plataforman argitaratu du Pasealekuko eskola zaharraren hegoaldeko eraikina udal liburutegi berri bihurtzeko esleipena. Udal ordezkariek esan dute 1,5 milioi euro bideratuko dituztela jarduerara.
Gernika-Lumoko Udalak beste pauso bat eman du etorkizuneko udal liburutegiaren garapenean: Bizkai, Araba eta Gipuzkoako kontratazio publikoko plataforman Pasealekuko eskola publiko zaharren hegoaldeko eraikina eraberritzeko eta birgaitzeko exekuzio proiektua idazteko eta obra zuzentzeko kontratuaren esleipena argitaratu du. Eta, jakinarazi du, birgaitzea datorren uztailean hastea aurreikusten duela, eta 1,5 milioi euro bideratuko dituela jarduerara.
Jarduketa horri esker, 1927an eraikitako eraikin historikoa “gaur egungo beharretara egokitzen” den liburutegi “moderno” bihurtu gura dute, jatorrizko eraikinaren nortasun arkitektonikoa mantenduz. Aukeratutako proposamena, 1927 izenekoa, Iruñeko Moest Sociedad Microcooperativa estudioak diseinatu su, Saioa Lafón Los Arcos arkitektoarekin batera; udalak deitutako lehiaketara aurkeztutako beste hamabi proiekturi gailendu zitzaien.
Udal liburutegi berriak 715 metro karratuko azalera izango duela zehaztu dute, egungo liburutegi zerbitzuaren 230 metro karratuen aldean.
Proiektuak esku-hartze “soil eta funtzional bat” planteatzen du, hiriko eraikin enblematiko bat berreskuratzea helburu hartuta, “kultur erabilera berri batez hornitzeko”. Etorkizuneko liburutegiak irakurketa ireki eta argitsuko gela handi bat izatea aurreikusi dute, alboko egitura baten bidez antolatua. Izan ere, diseinuaren helburu nagusietako bat argi naturala sartzea eta eraikinaren barruan irekiera-sentsazio handiagoa sortzea da.
Birgaitzeak aurrealdeko hainbat elementu historiko berreskuratzea eta plazan dagoen frontoia birjartzea aurreikusten du, baita eraikinak igogailua eta Pasealekuaren eta Seber Altube anfiteatroaren arteko lotura zuzena izatea ere.