Udako eguenetan, Auditorioko zuzeneko musikaz gozatzeko aukera dago
Arbolapean kultur programa abiatu du beste urte batez Gernika-Lumoko Kultur Etxeak. Eguenean (ekainak 25) hasi eta uztailaren 30era bitartean, sei musika talde igoko dira Seber Altubeko Auditorioko oholtzara. Zugak abiatuko du aurtengo egitaraua, eta Intensidades Ortega taldea arduratuko da biribiltzeaz. Bitartean, Ziraun, Sueder, Naz eta Mikosis taldekoek ere emanaldia eskainiko dute.
Aurten ere badator Arbolapean, Iparragirreren Gernikako Arbolaren gerizpean garatzen den musika egitaraua. 2022an jarri zuen martxan egitaraua Gernika-Lumoko kultur etxeak, eta herritarren erantzuna ikusita, horrekin segitzea erabaki dute. Hala, ekainaren 25etik (eguena) uztailaren 30era (eguena) bitarteko eguen guztietan, 20:00etatik aurrera, ez da musika eskaintzarik faltako Auditorioan.
Zugak emango dio hasiera udalerriko taldeen presentzia bermatzen duen aurtengo egitarauari eguen honetan (ekainak 25), eta diskoa aurkeztu berri duten Ziraun taldeko musikariak igoko dira oholtzara hurrengo astean. Sueder taldekoen txanda ailegatuko da uztailaren 9an, eta lekukoa hartuko diete NAZ taldekoek. Uztailaren 23ko oholtza Mikosis taldekoentzako izango da, eta, astebete beranduago, Intensidades Ortega taldea arduratuko da Arbolapean jaialdiari amaiera emateaz.
Kultura herritarrengana gerturatzeko asmoz abiatu zuten Arbolapean proiektua kultur etxeko ordezkariek. Iparragirreren Gernikako Arbolaren gerizpean garatuko den kultur egitarau modura aurkeztu zuten ekimena, hainbat urtetan udalerrian egiten ziren Udako Musika Jardunaldiak oinarri hartuta, eta apustu horregaz jarraitzen dute aurten ere. Izan ere, uste dute kultura bizitzeko ohiturak aldatu egin direla, eta “kaleek eta espazio zabalek” presentzia “handiagoa” hartu dutela. Ondorioz, kalerako denetariko kultur jarduerak antolatzea da kultur etxearen erronka.
KONTZERTUAK
Ekainak 25. Zuga.
Uztailak 2. Ziraun.
Uztailak 9. Sueder.
Uztailak 16. Naz taldea.
Uztailak 23. Mikosis.
Uztailak 30. Intensidades Ortega.