Pasealekuaren etorkizunari buruzko hausnarketarako bideak zabaltzea eskatu dute
Bizia daukan Pasealekuaren aldeko mezua zabaldu dute Pasileku Egunean. Liburutegiaren proiektua herritar eta eragileekin batera bideratzeko eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari.
Elai Alai Dantzari Taldeko, Gernikako Egurre Gazte Asanbladako eta Gernikako Txosna Batzordeko kideek antolatuta, Pasileku Egune ospatu zuten atzo [ekainak 12]. 18:00etatik aurrera, jendetza erakarri zuten askotariko jarduerek bete zuten Gernika-Lumoko Pasealekua, “bizia daukan” topaleku bat dela aldarrikatuz.
Pasealekuko eskola zaharraren hegoaldeko eraikina udal liburutegi bihurtzeko proiektua gelditzeko eskaera egin zioten udalari, baita “ganoraz informatu”, eta Pasealekuaren etorkizunari buruzko hausnarketarako “bideak zabaltzeko” ere. Proiektua herritar eta eragileekin batera bideratu behar dela azpimarratu zuten. Era berean, udalak bultzatutako parte hartze prozesua ere kritikatu zuten: “Herritarren lepotik aurrera atera du proiektua udalak, herriko sektoreak kontuan hartu barik. Martxan jarritako parte hartzeko modua ez da nahikoa izan; herritar gehienek ez dute proiektuaren eta parte hartzeko aukeraren berri eduki”.
Atzoko ekitaldian gogoratu bezala, herrian “aspalditik” dago liburutegi baten eskakizuna, eta udalerriak “behar duen proiektua” dela argi daukate. Baina, proiektuak edukiko duen eraginagatik kezkatuta daude: “Proiektu honek egungo erabilera askotan eragina edukiko duela salatu nahi dugu. Txosnetan, gaztetxean, Elai Alai Dantzari Taldearen lokalean, arkupean, herriko ekimenetan, kirol txapelketetan… eragingo du, eta hori ez dugu onartzen”.

Bizia daukan Pasealekua aldarrikatu eta islatu zuten: euskal dantzen entsegu irekia, umeen txokoa, Lokatz Loreak taldearen Gazteok ez daukagu ezer bertso-ikuskizuna, esku pilota, saskibaloi zein futbol partiduak, musika jartzaileak… Pasealekua bizia dela eta eurak ere bizirik daudela eta esateko asko daukatela adierazi zuten: “Bizia daukan Pasealeku bat aldarrikatu gura izan dugu egitarau honen bidez. Proiektu honek kolokan jarriko dituen eragile eta sektoreei ahotsa eman eta Pasealekuari bizia ematen diogunon lana ikusarazi gura izan dugu. Helburu horregaz batu gara Elai Alai Dantzari Taldea, Egurre Gazte Asanblada, Gernikako Txosna Batzordea, Arkupe Pilota Taldea eta beste hainbat norbanako. Gure existentzia ukatu duten arren, bizirik gaude eta asko daukagu esateko”. Horrez gain, Pasileku Egune antolatzen ibili direnei eta egitaraura batu ziren denei eskerrak eman zizkieten.